Medikua

Henri Vincent: «Osasun langileontzat zirkulazioa da oinarrizko arazoa besten denboran»

Baiona Ttipian du kabinetea Henri Vincentek. Besta denboran, traba ugari gainditu behar ditu ohiko jarduera atxikitzeko. Halere, maite ditu bestak, erran duenez.

Henri Vincent medikua, bere kabinetearen aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU
Henri Vincent medikua, bere kabinetearen aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU
Baiona
2026ko uztailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urte osoan, langileak, biztanleak eta turistak gurutzatzen dira Baiona Ttipian. Bestak heldu direnean, publiko zabalago batek ordezkatzen ditu. Urtez urte, bestazale gero eta gehiagoren elkargunea bihurtu da auzoa. Garai batez Pannecau karrikan zuen kabinetea irekitzen bazuen ere, egun Henri Vincent medikuak (Libourne, Okzitania, 1963) ezin ditu pazienteak San Andres plazan duen kabinetetik artatu besten denbora guzian. Besta maite duela erran du, baina bestak hasi aitzin eta osoki bukatu arteko tartean trabak izaten ditu. Alkoholaren gehiegizko kontsumoaz aritu da, besteak beste, haren ondorio zuzenak tratatu behar izan baititu bertatik bertara.

Kabinetea Baiona Ttipiaren erdigunean duzunez, bestak heldu direnean zailtasunak ukanen dituzu normal aritzeko.

Hala gertatzen zait, bai, inguruko merkatari anitzi bezala, elkarrekin usu aipatzen baitugu gaia. Lehen kezka ailegatzeko moduari lotua da, aparkalekuak bestak baino aste bat lehenago hesten baitituzte. Gainera, bestak finitu ondotik, beste aste bat goaitatu behar dugu dena berriz pikoan ezar dadin. Nire pazienteentzat ere gauza bera da, eta orotara hiru asteko traba gainditu behar dugu, kontuan izan gabe badirela trabak sortzen dituzten beste ekitaldi batzuk ere; adibidez, Baionako xingar feria. Kabinetera etortzea ezinezkoa dut egun horietan.

Alternatibarik ba ote duzu pazienteen artatzen segitzeko?

Osasun langileontzat zirkulazioa da oinarrizko arazoa besten denboran. Kabinetean baizik ez ditut kontsultak egiten ahal, baina ezin naiz denbora luzean desagertu. Nire pazienteak hemengoak dira; beraz, badakite egoera zein den. Besten denboran ezin dudanez autoa baliatu, eskuterrez mugitzen naiz. Horrela baizik ez dezaket segurtatu bisitak egitea, baina logistikoki eta denbora aldetik beste antolaketa bat eskatzen du horrek. Eginahal berezia egin behar da alternatiben pentsatzeko. Horrez gain, nire kabinetea ere zaindu behar dut: aitzineko berina babesteko zurezko taulak ezarri behar ditut, eta gainera, maiz hausten dituzte besten garaian. 

Merkatariek elkarri laguntzen diozue?

Giro biziki ona da, eta ahalegina egiten dugu harreman onak atxikitzeko. Ingurukoek ongi ezagutzen naute, badu orain 25 urte pazienteak hemen artatzen ditudala. Haiek ere saiatzen dira kabinetea zaintzen egunean zehar, eta hori zinez eskertzekoa da. Denak egoera berean gaude, eta erabat kezkagarria da.

«Besten denboran ezin dudanez autoa baliatu, eskuterrez mugitzen naiz. Horrela baizik ez dezaket segurtatu bisitak egitea, baina logistikoki eta denbora aldetik beste antolaketa bat eskatzen du horrek»

Trabei aitzin egiteko, Baionako Herriko Etxearen laguntzarik baduzu?

Ez da ezer plantan emana horretarako. Guhaurek ezarri behar ditugu zurezko taulak berinen babesteko, laguntza ekonomikorik edo fisikorik gabe. Halere, ez naiz laguntza faltaz pleinituko, ez baitut galdegiten. Baina egia da alde horretatik ez dutela deus proposatzen hemengo merkatarien laguntzeko.

Ematen du zaila dela bestaz gozatzea zailtasun guzien artean.

Baionako besten arima maite dut. Musika gustatzen zait. Urte batzuez, kabinetea Pannecau karrikan nuelarik, irekirik atxikitzen nuen. Baina, egun, pentsaezina da bestaren erdian horrelakorik egitea. Jendea bestan ari delarik, ez da zentzuz aritzen: baimenik gabe sartzen da komunak diren leku guzietan, karrikan bustitzen ahal gaituzte lanean bagara ere... Traba guziek erabat eragiten didate bestaz gozatzeko orduan. Ez ditut bestak kritikatu nahi, baina garai ilunak dira hemen lan egiten dugunontzat. 

LOTSABAKO

Besta egiteko kantu bat?
Leon erregearen abestia.

 

Besta egiteko leku bat?
Baiona Ttipia.

 

Bestaz gozatzeko aholku bat?
Alkohola neurriz edatea eta kasu ematea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA