Otsail Ostegunak hitzaldi zikloa abian

Atzo hasi zen Zabalik elkarteak antolatzen duen Otsail Ostegunak sasoia. Orotara, bost hitzaldi programatu dituzte Amikuzen, otsaileko ostegunetan, 20:30ean hasirik.

Otsail Ostegunak hitzaldi zikloaren artxiboa, 2023koa. HITZA
Otsail Ostegunak hitzaldi zikloa 2023an, artxiboko irudi batean. HITZA
julene muruaga
2026ko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donapaleuko Zabalik elkarteak antolatzen duen hitzaldi zikloa da Otsail Ostegunak. Izenak berak dioen bezala, otsaileko ostegunero, Euskal Herriko aditu batek edo bik mintzaldi bat emanen dute. Hitzaldiak Touzaa etxean eta Bideak gunean emanen dituzte, 20:30ean aldi oro.

Zabalik elkarteko kideak 1997an hasi ziren hitzaldi ziklo hori egiten. Elkartekoek ikusi zuten euskarazko eremu «guti» bazela, eta parada bazela jendea biltzeko, bereziki, euskararen inguruan. «Hitzordu finko bat proposatu nahi genuen, alde batetik euskaraz lan egiten edo ikertzen dutenei leku bat emateko, eta bestetik, publikoari ere bai, euskaraz pentsatzeko, galdekatzeko eta partekatzeko; oro har, elkarrekin bizitzeko. Helburu nagusia, beraz, euskararen erabileran zentratzea da», kontatu du Mattin Irigoien Zabalik elkarteko kideak.

Urtero bezala, Irigoienek uste du egitarau «aberatsa» prestatu dutela. Elkarteko kideak azaro aldean elkartzen dira, eta, urte horretan gertatu denaren arabera, ideiak proposatzen dituzte. Bilkuraz bilkura, proposamenen zerrenda murrizten dute, bukaeran bost hitzaldi bakarrik izan arte. «Adi egoten gara zer gertatzen den, han eta hemen nor dabilen eta zertan. Gure iritzien, arranguren eta interesen araberakoa da hautaketa». Hautaketaren parametroetako bat da hizlariak Euskal Herriko txoko desberdinetakoak izatea, emakume eta gizon kopurua orekatua izatea, gaiak Euskal Herrikoak zein nazioartekoak izatea eta baita esparru anitzetakoak izatea ere. Politika, kultura, soziolinguistika, natura, ondarea... «Egunerokoa aipagai da, baina ikuspegi orokor eta zabalarekin». Irigoienek erran du jendeak interesa erakusten duela azken urteetan, hitzaldi bakoitzeko 70 bat lagun biltzen baitira.

Orotako gaiak

Atzo izan zen aurtengo egitarauko lehen hitzaldia: Asisko Urmenetaren Sorgina banaiz dokumentalaren proiekzioa egin zuten, eta ondotik, egilearekin eleketan aritu. Hurrengo hitzordua heldu den ostegunean izanen da, Donapaleuko Touzaa etxean: Joseba Sarrionandia idazleak Postkolonialismoa izeneko hitzaldia eginen du: «Kolonialismo hitza erabiliko da abiapuntu eta hausnarketa gaitzat. Euskaldunek, hizkuntza minorizatu batekoak eta baztertuak izanik, herria eta kultura eraikitzeko ditugun noraezak eta arazoak izanen dira aipagai». Otsailaren 12an, Pauline Guelle zuzenbide publikoko doktoreak torturari buruzko mintzaldia eginen du, Estatuen inpunitateaz torturaren erabilera iraunkorrean. 20:30ean izanen da, Touzaa etxean. Hauxe dio mintzaldia aurkezteko testuak: «Azken urte eta hilabeteetan, munduko (des)ordenamenduaren zangoz-goratze etengabean bizi gara, eta zuzenbide estatua zalantzan jarria da. Balia gaitezen inpunitatearen inguruko gogoeta plazara eramateko. Punitibismoaren inguruko galderak ukatu gabe, estatuek eragin oinarrizko eskubideen aurkako erasoek galdekatzen gaituzte».

Otsailaren 19an, Donapaleuko Bideak gunean, Intza eta Leire Casamajou Elkegarai sohĂ¼tarrak Lurdes Iriondo kantariari buruz idatziriko pastoralaz mintzatuko dira. «Gazte izanik, beren ideien, asmoen eta irakurketa propioaren berri emanen digute, bai Lurdes Iriondoren ibilbidearen inguruan, bai eta pastoralaren nondik norakoen inguruan ere, gaurko egoeran», esplikatu du Irigoienek.

Azken hitzaldia otsailaren 26an izanen da, 20:30ean, Touzaa etxean: Euskal Herriko faunaren berezitasunak aurkeztuko ditu Iker Elosegi naturalistak, Euskal Herriko fauna gida bere liburuaren aurkezpena eginez. «Liburu honen helburu nagusia basapiztien inguruko jakin-mina piztea da, eta bizi garen ingurumenaren hobeki ulertzeko gakoak ematea. Jendeok ingurumenaren parte gara, eta, pentsatzen badugu gure orekarako ingurumenarekin dugun harremana garrantzitsua dela, behar dugu ohartu ez garela bakarrak eta beste anitz basapiztiarekin partekatzen dugula lurralde hau. Begiak ireki, beharriak luzatu, usainak usnatu eta... gozatu!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA