Palestinaren aldeko eguna Makean

Azaroaren 14an, larunbatarekin, iraganen da Palestinaren aldeko egunaren hirugarren aldia, Makean. Egun osoko programa prestatu dute aurten ere: hitzaldi, tailer eta ikusgarri andana izanen da.

Palestinaren aldeko prentsaurrekoa, Makean, 2025eko urrian. GUILLAUME FAUVEAU
Palestinaren aldeko prentsaurrekoa, Makean, 2025eko urrian. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Gorostiaga Hirigoien
2026ko azaroaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ipar Euskal Herrian Palestina sostengatzeko herri guztiak biltzen dituen egun baten falta sumatu genuen». Honela azaldu du Kloe Etxamendik bihar Makean antolatuko duten egunaren oinarria. 2024. urtean egin zuten lehen aldiz, eta jendetzak parte hartu zuen. Aurten ere egun osoko egitaraua antolatu dute, «genozidioak segitzen baitu». Dei egin diete parte hartu nahi dutenei laguntzaile gisa izena emateko.

Etxamendik esplikatu du egunaren helburua dela Ipar Euskal Herriko jendeari Palestinan gertatzen ari diren sarraskiak kontatzea, genozidioa salatzea, eta palestinarrei sostengua erakustea. «Palestinarrei galdetzean zer egin dezakegun haien laguntzeko, erantzun bera dute beti: 'gure historia kontatu'», azaldu du. Euskal Herri mailan, Hegoaldean gai honekiko dagoen «inplikazio handia» azpimarratu badu ere, iruditzen zaio Iparraldean «eskasa» dela dinamika. Haren ustez, Frantziako eta Espainiako «estatu zapaltzaileek» Palestinarekiko hartu dituzten posizio politikoek esplikatu lezakete hori, Frantziak, oro har, neurri zorrotzagoak hartu baititu Palestinari elkartasuna adierazi dietenen kontra. Horren adibidetzat du, erraterako, Baionako bestetan herriko etxeak palestinar banderak kendu izana. 

«Maluruski gauzak nola aitzinatzen diren ikusirik, uste dut oraino zenbait urtez segituko dugula egun hau antolatzen, beraz, espero dut jendeak urteroko hitzordu gisa ulertuko duela»

KLOE ETXAMENDI Ipar Euskal Herria Palestinarekin

Gaur egun Palestinan bizi duten egoera politikoa gaitzetsi du Etxamendik: «Israel estatu sionistak palestinarrak hiltzen segitzen du egunero. Palestina librea aldarrikatu eta su etenaren faltsukeria salatzeko helburua dugu egun horretan». Aipatu ditu Zisjordaniako kolonoen sarraskiak, larrialdietako elikagaiak daramatzaten kamioien blokeatzeak eta azken astean deportatu dituzten 1.500 palestinarrak. Mendebaldearen «konplizitatea» ere agerian eman nahi dute. «Maluruski gauzak nola aitzinatzen diren ikusirik, uste dut oraino zenbait urtez segituko dugula egun hau antolatzen, beraz, espero dut jendeak urteroko hitzordu gisa ulertuko duela».

Hitzaldiak eta tailerrak

Askotariko egitaraua izanen da Makeako ezkerparetan. Goizean, hiru puntutan banatuko den hitzaldi bat aurreikusi dute: Israel Handiaren proiektua, Mendebaldearen islamofobia eta erresistentziak. Eyal Sivan, Kawtar Najib eta Salah Hamouri izanen dira hizlariak, eta estatu sionistak Palestinan, Libanon zein Sirian duen hedapen koloniala eta horri aurre egiteko antolatu diren erresistentziak aztertuko dituzte. 10:30ean hasiko da hitzaldia.

15:30ean bi tailer proposatuko dituzte. Alde batetik, artea eta politika erresistentziarako arma gisa aztertuko dituzte, eta, bestetik, Israelgo presondegietako egoeraren berri emanen dute. Azkenik, 17:30ean Mendebaldeko konplizitatea eta boikotaren beharra hitzaldia izanen da, Hego Euskal Herriko CAF enpresaren adibidean oinarri hartuta.

Eguerdian bazkaria eginen dute, eta 15:00ak arte Palestinaren aldeko eragileen merkatua begiratzeko parada ere izanen da. Haurren Xokoa egun osoan irekia izanen da, eta arratsaldean danke dantza iniziazioa proposatuko dute.

Eguna bukatzeko, kontzertuak izanen dira gauean: Ruh Duo, Herri Gerrya, Barrrk eta Siwanaba Dj. Horrez gain, Luhusoko Harri Xuri gelan aurkeztuko duten And here I am antzerkira joateko proposamena ere egin dute. Arabiarrez izanen da, frantsesez azpititulatua. Sarrerak Hazparneko Xuriatea eta Larzabaleko Ezpeletenia ostatuetan jarri dituzte salgai, baita Interneten ere.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA