La Passem lasterketa Angelun bururatuko da, 2.000 kilometro eginik

Apirilaren 30ean hasi zen okzitaniera-gaskoiaren aldeko lasterketa, Bedostik, eta, 2.000 kilometro korrika egin eta gero, maiatzaren 9an arribatuko da Angelura. Lasterketaren bosgarren aldia da.

Ane Elordi Korrikako koordinatzailea La Passemen lekukoa eskuetan, 2024ean, Capbretonen. IRATI URDALLETA LETE
Ane Elordi Korrikako koordinatzailea La Passemen lekukoa eskuetan, iaz, Capbretonen. IRATI URDALLETA LETE
julene muruaga
2026ko maiatzaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badu hilabete bat Korrika bururatu dela, baina Korrikaren ahizpa batek erreleboa hartu du, La Passem lasterketa abiatu baita, Okzitanian gaindi. La Passem bi urtetik behin egiten den okzitaniera-gaskoiaren aldeko lasterketa da, hamar egunez eta gauez, gelditu gabe. Aurtengo aldia apirilaren 30ean abiatu zen, Bedostik (Okzitania), eta, 2.000 kilometro egin eta gero, maiatzaren 9an Euskal Herrira iritsiko da, Angelura, hain zuzen. Bertan, ligam izeneko lekukoan gorderik egon den mezu sekretua irakurriko dute.

Ikusi gehiago

Ekitaldia biarnes talde batek sortu zuen, 2016an, eta, bi urte berantago, 2018an, lasterketaren lehen aldia egin zuten, Gixunetik abiatuz. Lehen aldiko ibilbidea 400 kilometrokoa izan zen, eta zortzi urte eta lau aldi berantago, aurtengo ibilbidea 2.000 kilometrokoa da. Serge Fouraa Ligam elkarteko kide eta La Passemeko laguntzaileari «hedadura positiboa» iruditzen zaio distantziaren emendatze hori: «Sinbolikoki, lasterketa beste dimentsio bat lortzen ari da, handitzen ari da, gero eta jende gehiago batzen zaigu, eta horrek ahalbidetzen digu erakustea garrantzia dugula, eta gure hizkuntzak garrantzia duela. Gogoak markatzen ditu».

Baina, horrez gain, horrek lan eta antolaketa gehiago egin beharra dakar. 2018an, ibilbidea Biarnon baizik ez zen egin, eta egun gutiago iraun zuen; horrek erran nahi du laguntzaile gutiago behar zutela. «Bada lasterketa aitzin egin behar den lana, baina, orain, lasterketa denboran ere jende gehiago mobilizatu behar dugu: kamioi gidariak, bidaiariak, animazioa egiten dutenak, sokorriak, bideogileak, prentsa... bada logistika handia». «Beste» esperientzia bat dela dio laguntzaileak, lehen aldiari konparatuz.

Korrikaren antzera, lasterketa hori ikur bat izatea nahi dute, antolatzaileen arabera: «Hizkuntzaren transmisioa egiteko larrialdiaren sinboloa izan behar du La Passemek. Hizkuntzaren aldeko ekimenak diruztatzeko tresna ere bada. Hori dena, besta egiteko eta elkar ezagutzeko asmoz». Okzitaniera transmititzeko eta hobetzeko proiektuetara bideratzen dute kilometroak salduz lortzen duten dirua: hain zuzen ere, okzitaniera eta lurraldearen zaintzarako, hezkuntzarako, transmisiorako, proiektu kulturaletako, seinaletikarako eta beste hainbat arlotako proiektuak laguntzeko baliatzen da dirua. La Passemi esker, 215.000 euro bildu dituzte orotara, eta 46 proiektu diruztatu ahal izan dituzte zortzi urtez. Iaz, 100.000 euro bildu zituzten.

Elkarlana

La Passemek bezala, Korrikaren beste bi ahizpek bidea hartu dute azken asteotan. Batetik, Correllengua, katalanaren aldeko lasterketa, apirilaren 19an hasi zen, eta aste honetan bukatu da, maiatzaren 5ean. Eta, ondotik, bretoieraren aldeko Ar Redadeg lasterketa gaur abiatu da, Lanniondik, eta maiatzaren 16an bukatuko da, Naoneden. Bi lasterketetan AEK-k parte hartuko du. Fouraak azpimarratu du AEK-ko eta Korrikako antolatzaileak eskertu nahi zituela eman laguntzagatik. «Gure lehen aldietan guregana jin zitzaizkigun informazioak eta dokumentuak ematera, lana errazteko. Orokorrean, hizkuntza minorizatuen aldeko lasterketen antolatzaileekin harreman ona dugu, elkar laguntzen dugu. Denak ber egoeran gara, eta badakigu halako ekimenak garrantzitsuak direla gure hizkuntzendako eta kulturendako», trenkatu du Fouraak.

Elkarlanak beste dimentsio bat hartuko du asteburu honetan, La Passem Euskal Herrian bururatuko baita, okzitanierak lekua duen eremuan. Horiek horrela, hamar egun eta bederatzi gau iragan eta gero, maiatzaren 9an bukatuko da lasterketa, Angelun. 15:30ean iritsiko da Euskal Herrira, Bokaletik; ondotik, Baionatik pasatuko da, eta 19:50ean eginen dute iristea, Angelun. Egunean zehar hainbat animazio izanen dira 10:00etatik goiti, La Barre gunearen inguruan: hitzaldiak, erakusketak, joko tradizionalak, merkatua, kontzertatuak, dantzak... Lehen aldia da Euskal Herrian bukatuko dela. Berez, 2020ko aldian iritsi behar zuen Angelura, baina COVID-19aren pandemia zela eta, ezin izan zuten egin. Lau urte berantago, Angeluko elkarteek arribatze eguna antolatu ahal izan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA