Patxokiri agur, baina ez betiko

Bi urteko obrengatik, Baiona Ttipiko Patxoki militantziako guneak ateak hetsi beharko ditu. Bi urteko etenaren aitzinetik eta lekuaren 40. urteurrena ospatzeko, besta bat antolatu dute biharko.

Patxoki gunea, Baiona Ttipian. GUILLAUME FAUVEAU
Patxoki gunea, Baiona Ttipian. GUILLAUME FAUVEAU
julene muruaga
2025eko azaroaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

1987an sortu zen Patxoki, Baiona Ttipiko Patxa plazako gune enblematikoa. Abiapuntuan, Patxa kolektibo eta mugimenduaren lokala izan zen Patxoki, zeinetan hitzaldi, bilkura, formakuntza, ekitaldi eta kontzertuak antolatuak ziren. Militantziarako leku gisa ezaguna da gunea, hainbat borrokaren elkargune: borroka abertzalea, kulturala, euskal presoen aldekoa, feminista, ekologista, antimilitarista, migranteen aldeko elkartasunarena... Militantzia egiteko ez ezik, besta egiteko leku ospetsua izan da. Patxa kolektibotik abiatu bazen ere, gerora, beste elkarte eta mugimenduen lekua ere bilakatu izan da Patxoki: Alda, Bizi, Eusko, Konpon Txoko...

«Ez da Patxokiren bukaera, Patxoki Berriaren abiatzea baizik», esplikatu du Lilas Dinclauxek, Patxokiko militante eta laguntzaileak. Hain zuzen ere, zenbait hilabeteren buruan, Patxa plazako eraikina suntsituko dute, Patxoki Berria proiektua plantan emateko. Lau estaiko eraikin berria izanen da Patxoki Berri eraikina, zeinetan bilduko diren elkarteentzat lokalak, lantoki partekatuak, konferentzia gelak, baita jatetxe eta ostatu herrikoi bat, bizileku eta ostatatze gune kolektibo bat, eta etxebizitza sozialak ere. Ez da betiko «galduko», baina berritua izanen da. 

Lekua berriz irekiko dutelarik, bi urte barne, publikoa pixka bat aldatuko dela uste du Dinclauxek; bereziki lehen asteetan, jende franko proiektuaren kontra baita. Laguntzaileak erran duenez, itxuraz aldatuko bada ere, lekuaren «espiritua» ez da deusetan aldatuko: «Herrikoia eta militantea izanen da Patxoki. Segituko dugu Baiona Ttipiko leku herrikoia izaten. Ez da kario bilakatuko, orain arte izan den bezala egonen da. Orain arte egin den bezala, denak topatzeko lekua izanen da aurrerantzean ere». Laguntzaileak kontatu duenez, Patxoki Berria proiektuaren berria zabaldu zelarik, denetariko iritziak izan zituzten. Aldekoak batetik: usu Patxokira jiten direnen iritziak, pentsatzen dutenak proiektua zentzuzkoa dela, Patxoki «merezi» duen lekua bilakatuko delako. «Jakin behar da, halere, lokala aski andeatua dela, eta anitzek erran digute espero dutela berrikuntza horrekin Patxokiren oinarri militantea handituko dela».

Eta bestalde, proiektuaren aurka direnen komentarioak ere ukan dituzte, bereziki, «gentrifikaziorako» tresna izanen dela uste dutenena. «Gu ere hasieran, oraindik informazio guti genuelarik, proiektuaren aitzinean zalantzati egon ginen. Ez zen argi. Baina proiektuak ez du gentrifikazioa ekarriko. Zinez leku herrikoia eta popularra izanen da aurrerantzean ere». Dinclauxen erranetan, garrantzitsua iruditzen zaie Patxokiko laguntzaileei berezko lekuaren arima ez galtzea.

Bi urtez, nora?

«Proiektu horren obrak bi urteko lanak eskatzen ditu, eta horrek erran nahi du bi urtez ez dugula lokal finkorik ukanen. Ez dakigu zuzen zer eginen dugun», erran du kezkaz Diclauxek. Halere, urtero antolatzen duten Urtats solidarioari eutsiko diote, eta ondoan den Patxondo elkartean eginen dute. Laguntzaileak espero du Baionako beste leku batzuetan aritzen ahalko direla, bereziki Baionako besten denboran.

Hori guztia dela eta, bihar arratserako, besta bat antolatu dute. 17:30ean, poteoa abiatuko da Baiona Ttipian gaindi, PAF kolektibo feministarekin. 18:30ean Patxokin bilduko dira, taloak izanen dira jateko. 20:00etatik goiti, kontzertuak izanen dira: Zetkin punk talde feminista, Izan rock estiloko dantzaldia, Ikusiko punk taldea eta Aloe Vera eta Lilz DJak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.