Gogoeta egiteko eta elkarrekin formatzeko parada eskaini nahi du Pitxu gaztetxeak Peliküla dokumental festibalarekin. Hilabete hastapenean abiatu zuten, Loratzen dokumentalaren proiekzioarekin. Oraino hiru film proiekzio ikusteko aukera izanen da, azaroko asteburu bakoitzeko bat, Mauleko Günea antzokian.
Hirugarren aldia du Zuberoako dokumental festibal horrek, eta abiapuntua edukien lanketa egitea dela oroitarazi du Anita Poineau Pitxuko kideak: «Hastapenean, helburua genuen hausnarketa batzuen eramateko momentuak eta guneak proposatzea Zuberoan; guretzat, edukia proposatzea inportantea da, eta horren beharra sentitzen baitugu gaztetxean. Aukera da interesatzen gaituzten gaien aipatzeko, manera aski erakargarri baten bidez. Dokumentala ikustea eta horri doakion gomita entzutea proposatzen dugu aldi oroz». Zehaztu du formatzeko tresna gisa ikusten dutela festibal hori, barnera begira, eta kanpora begira ere bai. «Hori egiten dugu guretzat, gaztetxeko kideentzat, eta interesatuak diren ingurukoentzat ere bai. Garaiotan gogoa zorrozteko esparru izatea da helburu».
«Hastapenean, helburua genuen hausnarketa batzuen eramateko momentuak eta guneak proposatzea Zuberoan; guretzat, edukia proposatzea inportantea da, eta horren beharra sentitzen baitugu gaztetxean»
ANITA POINEAU Pitxuko kidea
Bestalde, «euskaratik eta euskaraz» pentsatua da Peliküla. Poineauren arabera, euskarazko dokumentalak «ez dira beti errazki eskuragarri», eta, hain zuzen ere, aukera horren eskaintzea da festibalaren beste xedeetariko bat.
Egitarau joria
Egitarau joria du hirugarren aldiak ere. Azaroaren 16an, Paperezko hegoak (Samara Velte eta Josu Martinez) dokumentala proiektatuko dute, arratsaldeko seietan, Günea antzokian. Euskaldunon Egunkaria-ren kontrako itxiera operazioa aipagai du filmak, eta operazio horren nondik norakoak aztertzen ditu. Nora Arbelbide Lete egunkari hartako eta BERRIAko kazetari ohia izanen dute gomita. Azaroaren 23an, Sorgina, banaiz Asisko Urmenetaren azken dokumentala ikusten ahalko da arratsaldeko seietan, eta ondotik egilearekin eztabaidatzeko parada izanen da. Azken proiekzioa No Other Land filmarena izanen da (Basel Adra, Hamdan Ballal, Yuval Abraham eta Rachel Szor); azaroaren 28an, 20:00etan. Basel Adra, Zisjordaniako ekintzailearen eta Adrak Yuval kazetari israeldarraren arteko harremana kontatzen du; Adra okupazio militarraren pean bizi da; Yuval, berriz, libre. Pelikülan, lehen aldikotz, euskarazko azpitituluekin agerraraziko dute dokumentala. Filmaren ondotik, Iparraldea Palestinarekin kolektiboko kideak hor izanen dira publikoarekin mintzatzeko.
Filmen hautaketa ez dute irizpide jakin batzuen arabera egiten, Poineauk esplikatu duenez. «Aldiz, argi da guhauren eta besteen herriaren historiari eta etorkizunari so ezarri nahi dugula, zinemaren espektrotik, betiere euskaraz», zehaztu du. Gaztetxeko kideen arteko gogoeten emaitza da, beraz, filmen hautaketa, bakoitzaren interesen eta hausnarketa kolektiboaren ondorioa.
Bestalde, Maulen berriz ireki berri duten Günea antzokia biziarazteko dinamikaren baitan kokatzen du Poineauk festibala; erraterako, Pitxu gaztetxeak ez du lokal finkorik, baina Poineauren arabera, horrek «parada» ematen die jadanik badiren proiektuetan txertatzeko.