Pilota topaketa bat ezeztatu dute tentsioengatik

Euskadiko Federazioak eta Iparraldeko Pilota Batzordeak bertan behera utzi zuten irailaren 27an egin beharreko pala eta frontenis topaketa, «pertsonen arteko arazoengatik»..

Pala partida Arrangoitzeko trinketan, 2024ko apirilean. GUILLAUME FAUVEAU
Pala partida Arrangoitzeko trinketan, 2024ko apirilean. GUILLAUME FAUVEAU
Joanes Etxebarria.
2025eko urriaren 17a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dena prest zen Euskadiko Federazioaren eta Ipar Euskal Herriko pilotarien selekzio baten artean topaketa egun bat egiteko Ahatsako ezkerparetan, palan pilota hutsarekin eta frontenisean. Azkenean, ezeztatu behar izan dute, eta Iparraldeko Pilota Batzordeak bere kexuaren berri eman du. Batzordeari behar zituen baimenak emanak zizkion Frantziako Federazioak, baina Euskadiko Federazioak bere aldetik behar zuen baimenik ez, eta irail hondarrean egin behar zen topaketa bertan behera utzi behar izan zuten.

Ahatsako ezkerparetan jokatzekoak ziren bi federazioetako pilotarien arteko partidak. Pilotariak hautatuak ziren, ezkerpareta erreserbatua, materiala erosia, atorrak eginak... Iparraldeko Pilota Batzordeak jakinarazi du, halere, ezeztatu beharrak oldartu duela; Henri Errandonea batzordeko lehendakari berria ahoan bilorik gabe mintzatu da: «Euskadiko selekzioari baimena ukatu izana ez da kirol arrazoia, ez da ekonomikoa edo politikoa. Beraz, ez dut ikusten beste arrazoirik pertsonala baizik». Frantziako Federazioko azken hauteskundeetan izan tirabira batzuen ondorioz sortu ziren tentsioek balukete zerikusia «pertsonen arteko arazo» horiekin.

Errandoneak ez du erakunde edo pertsonarik izendatu nahi izan, baina ohartarazi du egoerak ez duela logikarik: «Euskadik topaketak egin ditu Frantziaren kontra Irunen, Kataluniak topaketa bat egin du Frantziaren kontra arazorik gabe, nahiz Katalunia ez izan nazioarteko kontzertu horretan. Batzuei baimena ematen zaie, bertzeei ez, nahiz eta kasu berdinak diren». Penaturik mintzatu da batzordeko lehendakaria, interes berezia zutelakoan «Ipar Euskal Herrian guti jokatzen diren modalitate horiek».

Pilotaren kaltean

Euskadiko Federaziotik jin zen irailaren 27ko topaketa egiteko proposamena, haien pilotariak ondoko nazioarteko lehiaketentzat prestatzeko. 30 metroko ezkerparetan gomazko pilota hutsezko paletan eta frontenisean lehiatzekoak ziren pilotariak. Ipar Euskal Herrian hain ohikoak ez diren modalitate horietaz «komunikatzeko parada ederra» zen, Errandonearen ustez: «Hemen anitz palan aritzen den trinketean, guti ezkerparetan eta frontenisean. Ideia zen bi selekzioen artean bultzada bat ematea joko horiei», zehaztu duenez. Biarritzeko frontenis klubean eta Mugerreko pala taldean berezitasun horiek lantzen dituztela zoriontzeko parada ere izan zitekeen, topaketa batzordeko buruaren ustez. 

«Ez da kirol arrazoia, ez da ekonomikoa edo politikoa. Beraz, ez dut ikusten beste arrazoirik pertsonala baizik»

HENRI ERRANDONEA Iparraldeko Pilota Batzordeko burua

Tentsioa sortu du azken minutuko ezeztatzeak; alta, Errandoneak argitu duenez, aitzinetik ere bazen aski presio; Euskadiko Federazioa nazioarteko federazioan berriki onartua izan da, eta «jadanik auzitegian dira Espainiako eta Kubako Federazioek ez dutelako onartzen Euskadiko Federazioa Nazioarteko Federazioan sartua izan dadin». Hego eta Ipar Euskal Herriko pilota batzordeetako buruek ez dute «sua piztu» nahi izan, eta topaketa beste behin antolatzeko asmoa dute.

Iparraldeko Pilota Batzordeak, azken zortzi urteetan, behin eta berriz aho batez bozkatu izan du Euskal Herri osoko pilota selekzio baten sortzearen alde. Helburu hori bete artean, Errandoneak azpimarratu du Euskadiko selekzioa nazioartean sartu izanak zer balio ekarri duen: «Ekarri ditu pilotari berriak, ekarri du nazio bat gehiago, konpetentzia handiagoa eta joko gehiago ere bai. Orain arte, baziren Frantzia eta Espainia, tartean Argentina eta Mexiko; orain, Euskadi ere bada, bat gehiago. Balio handia ekartzen du». Errandoneak dioenez, Nafarroako, Euskadiko eta Ipar Euskal Herriko pilota batasunen hiru buruak berriak dira, eta Euskal Herriko pilota selekzio baten aldeko ideian lirateke hirurak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.