Pirinio Atlantikoetako Departamenduak 50.000 euro kenduko dizkio EKEri

Joan den ebiakoitzeko Administrazio Kontseiluan eman zuen murrizketaren berri. Frantziako Estatuak uztailean EKEri jakinarazi zion 30.000 euroko mozketari gehitu zaio departamenduaren murrizketa.

EKEk antolatu mobilizazio artistikoa, buruilaren 13an, Uztaritzen. GUILLAUME FAUVEAU
EKEk antolatu mobilizazio artistikoa, buruilaren 13an, Uztaritzen. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
2025eko abenduaren 18a
09:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egoera lazten ari zaio Euskal Kultur Erakundeari. Pirinio Atlantikoetako Departamenduak iragarri du joan den ebiakoitzeko Administrazio Kontseiluan 50.000 euroko murrizketa eginen diola. Eta ez da mozketa bakarra; izan ere, udan Frantziako Estatuak elkarteari 30.000 euroko murrizketa egingo ziola jakinarazi zuen. Euskararen Erakunde Publikoari 100.000 euroko igoera egin ondoan heldu da departamenduaren erabakia. Funtsean, abisua eman zuen Maider Behotegi EEPko lehendakari eta departamenduko hautetsiak Euskal Elkargoko bilkuran: «Euskarari diru gehiago emateko, euskal kulturaren lerrotik kendu beharko dugu diru hori». Hala egin dute azkenean.

EEPri igotako zatia, beraz, EKEri neurri batean kenduko diotela erran du Katixa Dolhare Zaldunbide EKEko lehendakariak, kexu. «EEPri 100.000 euro emateko, euskal kulturari sosa kendu dio departamenduak. Estatuak eta departamenduak hizkuntza eta kultura dena bat ikusten dute, eta zer egin behar dugu orain, gure artean lehian sartu?».

Hain zuzen ere, departamenduaren murrizketa Eleketari dagokio —ondare immaterialaren bilketa eta balorizazio proiektua—, eta ez funtzionamendu aitzinkontuari. Argiki, Eleketari dirua kenduz, horren gibelean dagoen antropologo lanpostua arriskuan dago. «Bilketa eta ondareari buruzko lana Iparraldean bertze nehork ez du egiten, eta, langile hori kanporatuko balitz, jakitate hori ere galduko litzateke». Bertzalde, nahiz eta EKEtik kanpoko egitura izan, departamenduak Bilketa euskal funtsen atariari ere 26.000 euroko diru ekarpena etengo liokeela kontatu du EKEko lehendakariak. 

«EEPri 100.000 euro emateko, euskal kulturari sosa kendu dio departamenduak. Estatuak eta departamenduak hizkuntza eta kultura dena bat ikusten dute, eta zer egin behar dugu orain, gure artean lehian sartu?»

KATIXA DOLHARE ZALDUNBIDE EKEko lehendakaria

Departamenduak EKEri murrizketa iragarri dion egunean bertan, DRAC Kultur Gaien Eskualde Zuzendaritzak elkarteari berretsi dio Frantziako Estatuak iragarri 30.000 euroko mozketa indarrean sartuko dela, eta murrizketa berriz gauzatuko duela heldu den urteko aitzinkontuan ere. Are gehiago, Dolhare Zaldunbide arranguratua agertu da balitekeelako Frantziako Estatuak murrizketa handiagoa iragartzea. «2025erako 30.000 euro kentzea iragarri ondoan, heldu den urtean gauza bera eginen dutela iragarri digute. Gainera, apaltze oraino handiagoa izanen dela erran digute».

Murrizketak aski ez, eta Akitania Berriko eskualdeak ez du oraingoz deus adierazi bere diru ekarpenaz, ez baitu aitzinkontua oraino bozkatu. Bertzalde, Euskal Hirigune Elkargoak EKEri segurtatu dio ez diola aldatuko ekarpena, ez funtzionamenduari eta ez transmisioari buruzko proiektuei dagokienez ere. 

«2025erako 30.000 euro kentzea iragarri ondoan, heldu den urtean gauza bera eginen dutela iragarri digute. Gainera, apaltze oraino handiagoa izanen dela erran digute»

KATIXA DOLHARE ZALDUNBIDE EKEko lehendakaria

Bi mozketa horien aitzinean, berriz, Eusko Jaurlaritzak 10.000 euro gehiago emanen lituzke, Dolhare Zaldunbideren hitzetan. «10.000 edo 15.000 euroko emendatzea izanen da Eusko Jaurlaritzaren partetik; aitzinkontua negoziatzen ari dira oraino, baina neurri batean gure ziloa tapatzen lagunduko gaituzte». 

Laburbilduz, EKEk 80.000 euro gutiagorekin abiatuko du 2026a. Horrek gauza anitz zalantzan ematen dituela erran du Dolhare Zaldunbidek. Erakundeen arteko helburu hitzarmena hankaz gora emateaz gain proiektuaren zentzu guzia berrikusi beharko dela ondorioztatu du. «Beroan bero, harrituak gara: ez dugu ulertzen murrizketen zergatia. Biziki haserre eta kezkatuak gara». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.