Frantziako Estatuak 30.000 euro kenduko dizkio EKEri

Iazko urtearekin konparaturik %15eko murrizketa jasanen luke erakundeak. Diruztatzen dituen proiektuez gain, lanpostu batzuk ere kaltetuak izanen lirateke. Kideen esanetan, murrizketak euskal kultur ekosistema «osoa» ahulduko luke.

Lota jauregia, Euskal Kultur Erakundeko egungo egoitza, Uztaritzen (Lapurdi). LORENTXA SARAGUETA
Lota jauregia, Euskal Kultur Erakundeko egungo egoitza, Uztaritzen (Lapurdi). LORENTXA SARAGUETA
Xalbat Alzugaray
2025eko abuztuaren 26a
14:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ondorioak latzak izanen lirateke: lanpostu batzuk arriskuan egongo lirateke, eta elkartekideei ematen zaien diru laguntza apaldua izanen litzateke». Hala adierazi dute Euskal Kultur Erakundeko (EKE) eragileen kolegioko kideek gaur goizean zabaldu duten prentsa oharrean. Izan ere, EKE lanjerean dago Frantziako Estatuak 30.000 euroko diru laguntza murriztuko diolako. Uztailaren 16a ukan zuten erabakiaren berri, mezu elektroniko bidez. Konkretuki, iazko urtearekin konparaturik, %15eko murrizketa jasanen luke erakundeak. 

Epe laburrean eta ertainean, hainbat eragin izanen ditu murrizketak. Alde batetik, proiektu gehienak martxan jarriak eta diruztatuak direnez, diru murrizketak erakundearen finantzak «larriki» arriskuan emanen ditu, kideek zehaztu dutenez. Ondoko urteetan Frantziako Estatuak indarrean mantentzen badu murrizketa, 2023tik 2026ra bitarteko bide orria zalantzan ezarria izanen da, EKEren arabera. Horren karietara, Frantziako Estatuaren «bat-bateko gibelatzea» ikusirik, erakundea kezkatua dago, ez baitakite zer-nolako jarrera ukan dezaketen etorkizunean gainerateko diruztatzaileek —Euskal Elkargoa, Pirinio Atlantikoetako departamenduak eta Akitaniako eskualdeak—. 

Katixa Dolhare-Zaldunbide EKEko lehendakariaren arabera, diru murrizketa Frantziako Gobernuaren egoera txarraren eragin zuzena da. Izan ere, uztailaren 15ean François Bayrou Frantziako lehen ministroak iragarri zuen 44 miliar euro lortu behar zirela Frantziako zor publikoa «orekatzeko». Ondorioz, iragarpenak eragin zuzena izan du hainbat ministeriotan; Kultura Ministerioak, errate baterako, martxan eman ditu diru murrizketak. Dolhareri egoera harrigarria zaio, Frantziako Estatuaren erantzuna biziki berant arribatu delako. «2025eko aurrekontuaz mintzo gara kasu honetan, eta gobernua ezin sortuz ari zen seinale da uztailean ukaitea erantzuna». Gainera, heldu den buruilaren 8ko Frantziako Asanbleako ezohiko saioan Bayrouk ez badu konfiantzazko bozka lortzen, Frantziako Gobernua deseginen litzateke, eta aitzinkontuaren gaia gerorako pusatua izanen litzateke. 

Ondorio zabalagoak

Frantziako Estatuak aitzinkontuan murrizketak egin behar izatea ulertzen badute ere, eragileen kolegioko kideek azpimarratu dute diru murrizketak kalte egingo diela EKE osatzen duten berrehun elkarteri eta haien milaka boluntariori. Elkarteez gain, urte guziz laguntzen dituzten 120 proiektuak ere kaltetuak izanen lirateke. Ondorioz, kultur eskubideen eta herri sormenaren dinamikaren «bektore osoa» ahulduko luke murrizketak. 

«35 urtez Frantziako Estatuak ez digu diru laguntza murriztu. Gure proiektuak martxan dira, beraz, diruztatuak ere bai. Orduan, murrizketa plantan ematen bada, EKE zinez lanjerean izanen da urte bukaeran»

KATIXA DOLHARE ZALDUNBIDE EKEko lehendakaria

Bertzalde, eragileen arabera, diru murrizketak erakusten du Frantziako Estatuak ez duela euskararen eta euskal kulturaren «salbatzeak» dakarren erronkaren neurria hartzen, eta ez duela ulertzen zeinen funtsezkoa den EKEren eginkizuna misio horretan. Beraz, fermuki adierazi dute murrizketaren kontra direla: «EKEko Administrazio Kontseiluan elkarteen ordezkariak garenez, ezin dugu diru laguntzen murrizketa onartu».

Mobilizazio artistikoa 

Dolhare Zaldunbidek zehaztu duenez, EKEren bazkide diren elkarte batzuek mobilizazio artistikoa eginen dute buruilaren 13an antolatu Administrazio Kontseiluan, diru murrizketari erantzuteko. Elkarteetako boluntarioek osatuko dute mobilizazioa, baina artista batzuk ere bertan izanen dira performance bat egiteko. Helburua da Administrazio Kontseiluaren parte den Frantziako Estatuko ordezkariari dei egitea, eta bilkuran bertan diru murrizketa eztabaidatua izatea. 

EKEko lehendakariaren erranetan, mobilizazioak ez badu eraginik, baliteke bertze zerbait pentsatzea, baina bitartean kezka ageri da nagusiki haren hitzetan: «35 urtez Frantziako Estatuak ez digu diru laguntza murriztu. Gure proiektuak martxan dira, beraz, diruztatuak ere bai. Orduan, murrizketa plantan ematen bada, EKE zinez lanjerean izanen da urte bukaeran».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.