Ihauteen garaia abiatu da... eta harekin urte orotan isilpean agitu direnak plazan salatzekoa ere bai! Maskaraden berezitasunetarik bat da herritar gehienak biltzea, eta horrekin gizarte honetako dikotomia: zaharrak eta gazteak, matxistak eta feministak, erreakzionarioak eta faxistak, abertzaleak eta frantsesak... Bakoitza deseroso sentiaraziko duten gertakizunen kontatzeko momentua heldu da —izan ihiztarien istorioak, izan erasoak—, eta norberak jakinen du zendako ahalketzen den bat-batean. Maskaradak horretarako tresna izaten ahal dira, baldin eta egoki erabilirik baldin badira. Aurten iduri du hala agitu dela, eta arizaleek serioski hartu dute egokitu zaien neguko ardura.
Lehen emanaldian berean oihartzun berri batek zeharkatu du Zuberoa: Palestinan agitzen ari den genozidioa salatu dute, mota orotako errepresioa gaitzetsi... hots, zenbaitek bazterturik nahi lituzketen komunitateak goraipatu. Iraultza ttipi bat. Kasu, haatik! Pena litzateke —jadanik agitu izan den bezala— aldarri politikoak ihauteen aroarekin batean desager daitezela bedatsean; borrokak sasoi eta egun oroz jarraiki beharko du.
2022an, Zuberoako gazte asanblada muntatu genuen, «Pitxu Gaztetxea» elkartearen berpizteko gogoak bultzaturik. Lokalik gabeko taldea baikinen, Zuberoako hainbat herritan erauntsi dugu ekimen antolatzen, beste zenbat elkarteren lagungoarekin. Maskaraden gisa, herriz herri ibili gara, baina gure Pitxuk, agian, ez du maskaradetakoak bezain beste arrakasta bildu. Gazte zenbait prest baldin badira ihaute garaian nolazpait engaiatzeko, zerk mozten die gogoa ondotik?
Gomita luzatzen diegu: beharrez maskak soinean atxik, baina junta zaitezte Zuberoako gazteria aldarrikazalera; Pitxuk urte orotako aterpe atzeman du, aspaldiko Zinka ostatu mitikoan. Orain leku bat lorturik, asmo dugu euskaraz bizi den Zuberoako gazteriaren elkargune bilakatzea: balio beza euskaratik urrunera so jartzeko; euskaratik edozein motako zapalkuntza borrokatzeko. Mundua sutan den garaietan eta errepresioak bortitz jotzen duenetan, kultura beti izan baita kontroletik libratzeko tresna, aldarrien hedatzeko bozgorailua, militantziarako deia. Mailu bat.
Ihautea agurtzeko momentua helduko zaigularik, mundu honetako maskaradak jarraikiko du, baina jakinik da beti berpizten dela Pitxu, herriaren zerbitzuko. Gazteria aske datekeeno, oro dukegu irabazteko.
Antolaketa da bidea. Herri bat, gaztetxe bat.