Biriketako minbiziak itzalarazi zuen nire amatxi, nik hiru hilabete besterik ez nituenean. Haren altzoan bizpahiru argazki besterik ez ditut oroigarri. Baserritarra zen. Aizkor azpiko Euzkitze Berri izan zuen bere aterpe eta ogibide. 1950-60ko hamarkadan pestizidak erabiltzen hasi zen, garaian egiten zen modura, bere burua batere babestu gabe. Aitak beti pentsatu izan du hori izan zela bere ama betiko lora eraman zuena.
Cancer Colere Euskal Herria-Stop Pesticides elkarteak protesta egin du agorrilaren 29an Miarritzen, azetamiprida intsektizida baimendu delako Frantziako Estatuan. Besteak beste, horri buruz mintzatzeko, Lohizunen (Zuberoan), Edouard Exilarden etxean egon naiz. Duela hogei urte, bere 6 urteko alaba galdu zuen buruko minbizi baten ondorioz.
Oilo-ipurdia jarri zait laborantza konbentzionalean lan egiten zuen garaian erabiltzen zituen produktuak erakutsi dizkidanean, tartean glifosatoa. Duela hamabost urte Gipuzkoako zientzia elkarte batean lan egiten nuen. Gure zientzialariek produktu honek sortzen zituen malformazioak frogatu zituzten. Horren berri eman genuen, eta hurrengo egunean erakunde publiko batetik deitu gintuzten, ikerketa kendu ezean diru publiko gehiago jasoko ez genuela mehatxu eginez. Batzuek diote ez dagoela minbiziaren eta produktu hauen arteko lotura frogatzerik. Baina ez zientziak ezin duelako, gaur egungo eredu ekonomikoa kolokan jarriko lukeelako baizik. Prest daude heriotza portzentaje bat asumitzeko eta Monsanto bezalako enpresak horrekin aberatsarazten jarraitzeko. Eta noski, hau ere ez da biolentzia izango.