«Armen hartzera deitzen naute frantsen aldera. Armen hartzera deitzen naute frantses aldera».
«2026ko ikasturtearen hasieratik goiti, urtero, azaroaren 11ko astean oroimen zeremonia bat ospatu beharko da lehen ama ikastolatik lizeorainoko ikastetxe guztietan, izan publikoan ala pribatuan». Hogei orriko dokumentu batean bildurik, agindu hori bidali zien 2026ko agorrilean Frantziako Hezkuntza Ministerioak ikastetxe guztiei, tartean Euskal Herriko eskolak eta Seaskako ikastolak, baita Frantziako lurralde zapalduak ere.
Direktiba errezibitu bezain laster, Sud Education sindikatuak haren kontrako iritzia azaltzen zuen agiri bat publikatu zuen. Victor Maghin sindikatuko kideak «argi eta garbi» utzi du sindikatua omenaldi horren kontra dagoela, eta oro har azken urteetan garatzen ari diren «armen eta armadaren kultura» salatzen duela. «Ikusten ari gara gerra eta armak goraipatzen ari direla, izan gizartean, izan eskolako programetan. Horren adibidea da borondatezko soldaduska: saiatzen ari dira gazteak armadara erakartzen. Baina guk dudarik ez dugu eskola ez dela armadaren kultura zabaltzeko lekua, baizik eta bakearena».
«Momentu horrek aukera eman behar die ikasleei esperimentatzeko eta kontzientzia hartzeko gure herriaren batasunaz, eta modu kolektiboan gogoratzeko zer zor diegun atzo gure balioen alde borrokatu zirenei, batzuetan bizia galtzeraino», dio direktibaren sarhitzean. Gerlaren eta gerlan hiltzen direnen «lorifikatzeko» mezuak zabaltzen dituela uste du Maghinek. «Duela guti, Fabien Mandon Frantziako armadako Estatu Nagusiko buruak bota du ohitzen hasi behar dugula gure haurrak Frantziaren alde galtzera, eta hori onartu beharko dugula. Ezinezkoa da horrelako hitzak ukaitea», asaldatu da sindikalista.
Uste du lanjerosa izan daitekeela hain gaztetik hilak izan diren soldaduen postura goraipatzea eta ohoratzea. «Kolegio eta lizeo garaietan gerlaren gaia lantzen da, baina lehen mailan gai aski lausoa izaten da. Lehen mailan, oraindik ez zaizkie ematen giltzak uler dezaten zer diren gerlak, zergatik egiten diren. Gerrak ez dira zerutik erortzen diren gertakariak, eta hori ez zaie azaltzen. Beraz, gerlaren berri ez badute ukaiten omenaldi baten bidez baizik, ulertuko dute eginbehar bat dela, edo zerbait ohoragarri. Eta hori arriskutsua da».
Iñaki Lekuona, Seaskako historia-gerografia irakasleak bat egiten du Sud Educationek hartu jarrerarekin. «Historia irakasle gisa, gure lana da historiaren ikuspegi kritikoa garatzea eta lantzea ikasleekin. Hezkunde Nazioanalak eskatzen diguna guztiz gure lanaren logikaren eta filosofiaren kontra doa», esplikatu du irakasleak. Horri gehitu dio Euskal Herriak eta Frantziako lurralde zapalduek gertakari horretan bizipenetik kontatua. «Euskal Herrian badugu beste ikuspegi bat historikoki, eta azken hamarkadetan bizi izan ditugun gatazken inguruan. Badakigu euskaldun bezala historia horren kontakizuna poliedrikoa dela, eta ez dela egitate bakar bat, alde anitzeko gertakari bat dela eta horren gibelean begirada anitz direla». Uste du Hezkuntza Ministerioak proposatzen duena «amalgama» bat egitea dela, kontakizun bakar bat aipatuz. Ez hankarik eta ez bururik ez duen direktiba bat da, Lekuonaren hitzetan.
Lehentasuna, armadari
Frantziako Gobernuaren lehentasunak aldatzen ari direla azpimarratu du sindikalistak; hain zuzen ere, salatu du 2017tik Frantziako armadaren aurrekontua %40 emendatu dela, eta hezkuntzarena, berriz, %10 baizik ez dela emendatu. Uste du horrek agerian uzten duela Frantziako Gobernuak non dituen lehentasunak, eta hori argiki «seinale txarra» dela.
«Ospakizun nazional honetan parte hartuz, eskolak bere eginkizun nagusia berresten du, herritartasunaren kontzientzia baten eratzearena, ikasle orok uler dezan demokrazia eta oinarrian ditugun printzipioak ez direla ebidentzia, baizik eta borrokaren, hautuaren eta, anitzetan, sakrifizioen emaitza izan direla», segitzen du direktibaren testuak.
Testu horri txertatua zaio gidaliburu bat, irakasleek arrastoak ukan ditzaten zeremonia hori egiteko. Proposamen horiek artean, kontseilatzen dute eskolatik kanpoko eragileak ekarraraztea, izan hautetsiak, memoria lantzen duten elkarteak, lurralde elkargoak, kulturako eragileak, baina baita poliziak, jendarmeak edota militarrak ere. Horrez gain, «Frantziaren alde borrokatu» direnei kantatzea gomendatzen dute, La Marseillaise kantatzea, edota «Frantziaren alde hil» direnen izenak bota eta izen bakoitzaren artean «Mort pour la France» oihukatzea.
«Haurrak ohituko ditu uniformeak ikustea, eta mundu horrek inposatzen duen hierarkiaren eta autoritatearen errespetatzea. Armadari eta gerlari akulturatzea da hori, eta, berriz ere, ez da eskolaren rola. Eskola ez da uniformeen lekua». Horren aitzinean, sindikatuak, Armistizioaren Eguna ospatu ordez, proposatzen du historian gerraren kontra borrokatu direnen, eta erresistentzian aritu direnen aldeko omenaldiak egitea, eta ikasleei konpreniaraztea zergatik erresistentzian aritu diren militanteek gerraren kontrako jarrera hartu duten.
Iraganaren «sinplifikatzea» dakar omenaldi direktiba horrek, Seaskako irakasleak dionez, baina erantsi du historia bera «konplikatua» dela. «Badira armistizio horren inguruko lan historiko bikainak, zeinek azaltzen duten zer-nolako ondorioak izan zituen gerla horrek, nola bizi izan zen Euskal Herrian eta beste lurralde zapalduetan, ze kalte izan zen, eta zertarako baliatu zen gerla hori; zer erbeste ekarri duen gerlak, nola izan ziren eramanak hiltzera frontera, Euskal Herritik urrun, ezagutzen ez zuten aberri baten alde. Eta ikuspegi hori defendatu behar dugu, gure egitearen parte delako».