Mirentxu Elizalde

Ruesta, herri izana

2025eko azaroaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Esako urtegian hiru egunez xoratu naiz. Inguru hura bizikletaz egiteak aukera eman zidan leku haiek astiro bisitatzeko, asfaltozko bide baten gainean, guti erabilia dena, etxetik bi ordura, udazkeneko eguraldi eder batekin.

Omiasaindu astea zen, hondaturik eta hutsik dauden herri horietako batean ginen, izugarri ederra, urtegiaren gainaldean, Arrostan.

Bostehun biztanle baino gehiago izan zituen herri haren erdian, kafe bat edan ahal izan genuen aterpe zaharberritu batean.

Bizikletetan igotzeko prest ginelarik, bi emakume pasatu zitzaizkigun ondotik, eztabaidan... «Ezetz erraten dizut, kalea gainean zegoela! Eta Albertina han bizi zen!». Irribarre egin, eta haiengana hurbildu ginen. «Hemengoak al zarete?». Eta erantzuna: «Bai, hemen bizi izan nintzen 9 urte bete arte. Eta urtero etortzen naiz ene ahizparekin hilerrira, gure arbasoengana».

Segitu zuen: «Francoren garaian hemendik egotzi gintuzten, 1960ko hamarkadan, edo hobeki erranik, gure lur labore guztiak ito zituzten behealdean, lur horiek elikatzen gintuztenak eta antzinakoek moldatuak». Baziren baratzeak, laboreak, inguru bizia, orekan, bizi sozial aberats bat. Etxe eta karrika abandonatuen artean ibiliz, esplikatu zigun herri korrela hartan joaten zirela umeak txandaka behiak zaintzera. Herriaren ondasun komuna ziren, kanporatu baino bi urte lehenago instalatu zituzten ura eta elektrizitatea bezala.

Beste herri batzuk ere irentsita daude, eta urtegiak, jakina, hiri handiei ura eramateko aukera ematen du, biztanle horiek indarrez joan behar izan duten leku berberetan, lur jota dagoen natura horretan gehiago ezin bizitzeaz etsita.

Antzinakoek atzean utzi zuten herrixka bat lehen orekan, sistema agropastoral harmoniatsu batean. Hirira bizitzera beharturik, hiriaren goraldian lagundu zuten, eta horrek urtegia handitzea eskatzen du, gero eta handiagoa den populazio hiritarraren beharrizanei erantzuteko, landak pixkanaka hustuz doazen bitartean.

Nire herriari pentsatu dut, non mendien eremuek nekez aurkitzen duten nekazaritza. Zer izango dira hazkuntzari esker mantentzen diren espazio horiek, inor ez bada bizitzen eta lanean jartzen eta denak joaten badira... Bizikletaz ibiltzeko diren eremuak, menturaz?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.