Beste mobilizazio bat, eta ez da azkena izango. Sindikatuek deitutako lanbideen arteko grebaren harira 1.100 pertsona inguru mobilizatu dira Baionako karriketan, bizitza garestitzearen kontra eta zerbitzu publikoen alde. Lansariak emendatu behar direla aldarrikatu dute, eta Frantziako Gobernuaren jarrera gaitzetsi, udazken osoan izan diren protestei ez baitie erantzun bakar bat ere eman. Frantziako presidentetzarako hauteskundeak iragan arte karriketan segituko dutela iragarri dute sindikatuetako ordezkariek.
Lizeoetako ikasleek ireki dute martxa, Bernat Etxepare lizeoko ikasleek eramandako pankartarekin. «Ez ginen isilik egoteko jaio», zioen leloak, Odei Barroso rap abeslariaren kantu bati erreferentzia eginez. Baina ezin ukatu azken asteetan lizeoetako ikasleek harrabots gutxiago egin dutela. Blokeatzerik ez da gehiago, eta manifestazioan parte hartu dutenen kopurua ere beste batzuetan baino apalagoa izan da.
Ikasleei gogor oldartu izan zaizkie segurtasun indarrak, baina beste arrazoirik ere badela uste du Laia Urrutikoetxea Etxepareko lizeoko ikasle asanbladako kideak: «Anitzek uste dute ikasleek ez dugula ezer galtzen blokeoak egiten ditugularik, baina klase ordu anitz huts egin ditugu, eta horrek badu eragina baxoari begira. Ikasle batzuk kezkatzen hasi dira», esplikatu du. «Gure kasuan, zuzendaritzarekin adostu dugu manifestazioan parte hartzera etorri ahal izatea, baina publikoan diren ikasleentzat konplikatuagoa da».
«Ikasleek sekulako energia eman digute, eta gu ere zerbait bultzatzen entseatu gara, baina aitortu behar dugu haien dinamismorik gabe ohiko eskemetara itzuli garela. Nola egin desberdin? Zintzoki, ez dakit»
CLEMENT POTTIER FSU Sindikatuko arduraduna
Lizeoetako ikasleek abiatutako mobilizazioa goretsi du Clement Pottier FSU sindikatuko arduradunak. «Sekulako energia eman digute, eta gu ere zerbait bultzatzen entseatu gara, baina aitortu behar dugu haien dinamismorik gabe ohiko eskemetara itzuli garela. Nola egin desberdin? Zintzoki, ez dakit». Irailetik hona izan diren mugimenduak goraipatu ditu hala ere. «Ikusi dugu indar harremana hozka batez igo den bakoitzean, manifestazio sindikaletara joaten ez zen jende anitz agertu dela bat-batean, bereziki gazteak, determinazio handiarekin. Eta horrek esperantza eman digu». Pottierrek espero du ondoko asteetan giroa berriz berotzen kausituko dutela. Halako gobernu bat izanda, ezer lortzekotan «jauzi iraultzaile bat» behar dela uste du. «Karrikara atera behar dugu, haiek joan daitezen lortu arte».
Lansarien erronka
Pottierrek oroitarazi du badela hamar urte baino gehiago lansarien emendatzea eskatzen ari direla, eta inflazioak are gehiago larritu du egoera, haren hitzetan. «Funtzio publikoaren, funtzionarioen eta herritarren pobretze orokor baten aitzinean gaude».
Azaroaren 5eko grebaren ondotik, Frantziako Gobernuak gutxieneko lansaria %0,6 emendatuko zuela iragarri zuen. «Mespretxu hutsa», Patricia Glory CGTko kidearen hitzetan, «ez du balio ezantza ontzia betetzeko ere». Hala, eskatzen dutenetik «biziki apal» daudela iritzi dio. «Lanean aritu eta hilabete bukaerara heltzeko zailtasunak dituztenei trufa eta mespretxua egitea da».
Horregatik, funtsezkotzat jo du protestekin aitzinera segitzea. «Ez dugu nahi genuena erdietsi, gobernuak ez du ezer ezarri mahai gainean. Bilkurak antolatzen dituzte sindikatuak deituz, baina ez digute deusik iragartzen. Eskandalu hutsa da», salatu du. «Eta egunero entzun dugu gobernuak zernahi sos gastatzen duela enpresa talde handientzat, miliardunentzat, ultra aberatsentzat. Aski da!».
«Gero eta zailagoa da grebara joatea: badakigu zer sakrifizio den lansari egun bat galtzea. Jendeak hautuak egin behar ditu, ezinezkoa baitzaio mobilizazio guzietan presente izatea»
ARGITXU DUFAU LABeko Ipar Euskal Herriko koordinatzailea
Argitxu Dufau LABeko Ipar Euskal Herriko koordinatzailearen hitzetan, «pareta bat» dute aitzinean. «Ez digute erantzun bakar bat ere eman, beraz, karrikara ateratzeko arrazoiak ditugu oraindik». Hala ere, ez du ukatu nekea sentitzen dutela. Irailetik izan diren mobilizazio guziak zerrendatu ditu, hala nola azken asteetan larunbatero izan direnak; eta baita etorriko direnak ere, larunbat honetan euskalgintzak antolatua edota heldu den astean Canon Françaisen kontra izanen dena. Baina egoera soziala ere kontuan hartu behar da, Dufauren ustez: «Lansari biziki apalak dituzte langileek, eta gero eta zailagoa da grebara joatea: badakigu zer sakrifizio den lansari egun bat galtzea. Jendeak hautuak egin behar ditu, ezinezkoa baitzaio mobilizazio guzietan presente izatea».