Taldearen indarra adikzioa gainditzeko

Alkoholiko Anonimoetan sartu, dependentzia gainditu, eta asteroko bilkuren bidez abstinente izaten segitzea lortu dute hainbat kidek. Horietako bik bizitza alkoholaren inguruan eraikitzetik abstinentziarako bidea nola egin duten kontatu dute.

'Aterabide bat bada' leloa duen Alkoholiko Anonimoen paper bat, Baionako bilkuran, iragan astean. PATXI BERHOUET
'Aterabide bat bada' leloa duen Alkoholiko Anonimoen paper bat, Baionako bilkuran, martxoaren 24an. PATXI BERHOUET
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko apirilaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Basoa pausatu» dute Cecile eta Hugok. Alkoholiko Anonimoetako kideak dira biak, eta taldean erramolde hori baliatzen dute alkohola edatetik gelditu direla errateko. Bilkuretan parte hartzen dutenean bezala, lekukotasunak anonimoki ematea da beren baldintza. Ez du inporta nor diren errateak, baina bai zera errateak: alkoholarekin «arazo» bat zutela, gainditu dutela, eta orain abstinente direla; lortzen ahal dela, alegia. Cecilek hamabost urte daramatza edan gabe; Hugok, 256 egun. Baionako Alkoholiko Anonimoen taldean ezagutu zuten elkar, eta biak ados dira: beren bizia alkoholaren inguruan eraikitzetik alkoholik gabeko bizi baten «askatasuna» gozatzera pasatu dira, parte handiz, elkarteari esker. 

Bizimodua alkoholaren inguruan —eta batez ere, alkoholaren arabera— eraiki zuela jabetu zen Hugo iragan udan. Istripu bat izan zuen autoa gidatzen ari zela, alkohola edan zuen gaualdi batetik etxeratzerakoan. Zortez, nehor ez zen zauritu. Baina atxiloaldian egon zen, eta istripua eragin izana shock handia izan da beretako. «Ene burua norbait hiltzen ikusi nuen», aitortu du. Atxiloalditik jalgi, eta medikuarengana joan zen, zuzenean. «Laguntza behar dut. Erabat gelditu nahi dut, baina bakarrik ezin dut», erran zion. Adiktologo batengana bideratu zuen, baina hitzordua handik lau hilabetera eman zion. «Argi nuen gelditzekotan berehala egin behar nuela, eta ez nuela berriz ere zirkulu zikoitz horretan erori behar. Ospitaleratua izateko ados nintzenetz galdetu zidan beraz, eta baietz erran nion. Hiru aste itxoin behar izan nituen klinikan lekua izan aitzin».

AA
Hugo, Alkoholiko Anonimoetako kide bat, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU

Hiru aste horietan ez zen etxetik atera. «Lotsa, beldurra, depresioa», laburbildu du. Eta hor hasi zen ohartzen egoeraz, nahiz eta lehenago ere zantzu batzuk hautemanak zituen. Alkoholarekin «arazo» bat bazuela ulertu zuen aski fite, baina ez zuen gelditzeko xederik; kontsumoa apaltzeko bai, ordea. «Entseatzen nintzen astean hiru egunez ez edaten, eta lortzen nuen. Haatik, edaten hasten nintzenean, ez nintzen gelditzen. Laguntzeko erremedio batzuk banituen, gogoa tipitzen dutenak garuneko errezeptoreengan eraginez. Hiru urtez horrela funtzionatu dut, baina biziki gaizki pasatzen nuen, etengabe porrot egiten nuelako», oroitu du. Baina istripua gertatu eta ondoko asteetan, etxean egon zen bakarrik, batere edan gabe. «Bakarrik higuindu nintzen».  

Klinikan, emeki-emeki, sendatze prozesua hasi zuen, erremedioen eta eskura zituen arten bidez. «Goizero psikiatra ikusten nuen; alkoholik edan gabe depresioaren kontrako erremedioek hobeki funtzionatzen zuten». Eta prozesu horretan, egin beharreko bideaz konturatzea izan zen urratsik handienetakoa. «Ostalaria nintzen, ene lagunak ostalaritzan ari ziren, neska lagun ohiak soto batean egiten zuen lan... Konturatu nintzen ene bizi guzia alkoholaren arabera eraikia nuela, eta edan ahal izateko baldintzak ezartzen nituela edan ezinen nuen egoerak saihesteko». Bost astez egon zen klinikan; behar bezainbat denbora egoteko prest zen, baina argi zuen: «Ez nuen itzultzeko beharrik izan nahi». Bidea oztopoz betea izanen zuela ulertu zen fite, baina «hartu beharreko erabakiak hartu» zituen: ostalaritza utzi, eta bestelako bizi proiektuei buruz gogoetatu. 

Klinikan izan zuen Alkoholiko Anonimoen berri. Elkartearen berri ematera etortzen dira erregularki hainbat klinikatara, eta nahi duen paziente orok parte har dezake bertan. Klinikatik atera zen lehen asteartean, Baionako Alkoholiko Anonimoen bilkurara joan zen. «Informazio eta lekukotasun anitz jaso nituen, baina zintzotasuna agerikoa zen. Eta ez zuten elkar epaitzen». Lehen bilkura finituta, lokaleko gakoen ardura eman zioten. «Konfiantza egin zidaten, eta, emeki-emeki ardurak eman zizkidatenez, babestua sentitu nintzen. Eta ondoko asteartean itzuli nintzen, eta ondokoan, eta ondokoan...», kontatu du. 

Alkoholiko Anonimoetara sartzeko baldintza bakarra «alkohola edatetik gelditzeko xedea» izatea da. «Inportantea da: xedea nahikoa da, ez da abstinente izan behar», oroitarazi du Cecilek. Hamabost urte joan dira elkartean sartu zenetik, eta ongi ezagutzen du taldearen izpiritua. Alkoholiko Anonimoak Ameriketako Estatu Batuetan sortu ziren, 1930eko hamarkadan. «Garai hartan erokeriarekin lotzen zen alkoholismoa, baina sortzaileak segur ziren konfiantzan oinarritutako programa bat lagungarria izan zitekeela, bakoitza bere esperientziatik mintzatuz». Eta halaxe funtzionatzen dute taldeek: bilkurak tenore finkoetan egiten dituzte, eta hizketarako taldeak dira, hots, gai batez mintzo dira, nor bere esperientziatik. Jende anitz ikusia du hor Cecilek, eta ondorio bat atera du: «Alkoholismoaren oinarrian sufrimendua bada beti, baina edonor hunki dezake. Edonor».

«Umiltasun handia behar da alkoholaren kontrako borrokan. Onartu behar da alkohola gu baino indartsuagoa dela eta laguntza behar dugula»

CECILE Alkoholiko Anonimoa

Hugok bezala, denbora behar izan zuen Cecilek bere eritasunaz ohartzeko. «Berant hasi nintzen edaten, eta hasieran biziki progresiboa izan zen. Nire kontsumoa ez nuen arazo gisa ikusten», kontatu du. Baina hark ere kontzientzia piztu zion gertaera bat badu gogoan iltzatua. «Ene semea handitua zen, etxetik joana, eta arrats batez erran zidan etxetik pasatuko zela enekin afaltzera. Hori poz-pozik hartu ordez, ene baitan ari nintzen pentsatzen arrats hartan ezinen nuela edan, eta arazoa zen niretako. Zepoan eroria nintzela ohartu nintzen». Hortik landa, psikiatrari aipatu zion, eta arta jasotzen hasi zen. «Umiltasun handia behar da alkoholaren kontrako borrokan. Onartu behar da alkohola gu baino indartsuagoa dela eta laguntza behar dugula». Medikuek gomendatu zioten Alkoholiko Anonimoetara joateko. Eta ez da damutzen. 

Kafea eta gozokiak

Laguntza eta zirkulu zikoitzetik ateratzeko indarra atzeman zituen Alkoholiko Anonimoen bilkuretan. «Biziki azkarra den zerbait dugu komunean taldeko kideek. Bakoitza beretik mintzo da, errespetuz, elkar entzunez, eta batak bestarengandik ikasiz». Esplikatu du metodologia berezi bat badela, baita erritualak ere. Jainko hitza oso presente da egiten dituzten hausnarketetan, baina segurtatu du ez dela «baitezpada erlijio bateko jainkoa». Hugok aitortu du hasieran berezia egin zitzaiola hori, baina azken finean, ulertu duela bakoitzak nahi duen moldean ulertu behar duela jainko hitza. «Enetako, taldearen indarra da hori ordezkatzen duena», erran du. 

«Alkohola edatetik gelditzen zarenean, ezinezkoa egiten zaizu zeure burua alkoholik edan gabe irudikatzea hortik urtebetera, are gehiago hortik hamar urtera. Baina Alkoholiko Anonimoetan zera ikasi dut, heldu diren 24 orenei begira funtzionatzen»

HUGO Alkoholiko Anonimoa

Erritual horien artean, esaldi batzuk bereziki lagungarriak egin zaizkie bi kideei. Cecilendako erabilgarriena zera izan da: «Baso bakarra errefusatu behar dugu: lehena». Eta Hugo anitz lagundu du aldian 24 oreneko zikloka funtzionatzeak —Alkoholiko Anonimoen funtsezko printzipioetariko bat da—. «Alkohola edatetik gelditzen zarenean, ezinezkoa egiten zaizu zeure burua alkoholik edan gabe irudikatzea hortik urtebetera, are gehiago hortik hamar urtera. Ez duzu zeure burua ikusten ondoko lagunarteko apairuan alkoholik gabe. Baina Alkoholiko Anonimoetan zera ikasi dut, heldu diren 24 orenei begira funtzionatzen. Pentsatzea ondoko 24 orenetan ez dudala edanen, eta ondokoetan, eta ondokoetan... Pixkanaka». Hamabi etapak osatzen dute Alkoholiko Anonimoen programa, eta kontzeptu nahiko filosofikoak lantzen dituzte: ezintasuna onartzea, taldea, konfiantza, errespetua, norberak bere buruari barkatzea...

Alkoholiko anonimoekin Polo Beyris MVCan, Baionan. 2026eko martxoaren 24an.
Cecile, Alkoholiko Anonimoen bilkura batean, Baionan, martxoaren 24an. PATXI BERHOUET

Bilkura bakoitzean gai berezi bat lantzen dute, eta beti egoten dira kafea eta gozokiak. «Giro gozoa sortu behar dugu, bai erregularki heldu diren kideendako, baita berriendako ere», kontatu du Cecilek. Eta azpimarratu du laguntzaileekin baizik ez duela funtzionatzen elkarteak: bakoitzak ardura bat du —kafea egitea, gozokiak ekartzea, lokala zabaltzea...—. Horrek ahalbidetzen die heldu diren kide berriei konfiantza eta ardurak ematea, eta horren bidez programari lot daitezen lortzea. «Geure burua ikusten dugu heldu diren kide berrien hersturaren begiradan», aitortu du Cecilek. Eta Hugok argi du hasiera-hasieratik konfiantza hori sentitu izana izan dela harendako gakoa. «Orain, sentitzen dut bertutezko zirkulu batean naizela. Alkohola edatetik gelditu naizenetik aukera ederrak sortu zaizkit, hobeki sentitzen naiz, libreago, eta bizia errazagoa zait». Eta hori entretenitzeko lanketa berezia egiten dutela esplikatu du Cecilek: «Abstinentzia urosa lantzen dugu». Cecilek argi du: orain «aske» sentitzen da. Finean, terapia kolektiboari esker. 

Bilkurak Ipar Euskal Herrian

Ipar Euskal Herrian hainbat lekutan egiten dituzte Alkoholiko Anonimoen bilkurak: Angelun, Denen etxean egiten dituzte bilerak, ostiralero, 19:00etan. Baionan, asteartetan dira, 19:30ean, Poloko MVC gunean. Kanbon, astelehenetan egiten dituzte, 19:30ean, Larrazkena gelan. Bilkura batzuk alkoholikoendako edo hala diren jakin nahi duten pertsonentzako berezituak dira. Beste batzuk irekiak dira, eta osasuneko profesionalak eta ingurukoak joan daitezke. Xehetasunak ukaiteko, 0698-52 42 39 telefonora dei daiteke, edo aacip.paysbasque@gmail.com helbidera idatzi. 

Bestalde, Cecilek esplikatu du alkoholikoen hurbilekoei begirako lana ere egiten dutela Alkoholiko Anonimoetan, eritasun horrek familia eta hurbilekoak ere hunkitzen baititu. Hortaz, Alanon izeneko talde bat osatua dute, eta alkoholikoen hurbilendako berezituak dira bilkurak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA