Herriko bozak direla eta, lerro hauek idazten ditudan momentuan, oraindik ez dira bukatu zerrendak aurkezteko epeak. Datozen martxoaren 15ean eta 22an iraganen badira hauteskundeak, zerrendak oraindik ager daitezke, otsailaren 26ko arrats arte. Batzuek beren burua aspaldi honetan kandidatu deklaratu bazuten, azken egunetan dira zerrendak publiko egiten, batzuk besteen ondotik, kanpaina hemendik 10 egunera bukatuko delarik. Eta azken momentura arte luzatuko da suspensea zenbait herritan.
Baliteke batzuek zailtasunak ukaitea zerrendak osatzeko. Izan ere, lege koadroa aldatu denez, antolaketa berriko lehen edizio honetan, zerrenden osatzeko moldeari buruzko aldaketek hertsapen zenbait ekarriko ditu, agian, parekidetasuna ala zerrenda osoa izan beharrak hain zuzen. Baina baliteke kontua estrategikoa izan dadin ere, kanpaina bera eta eztabaida tartea motzagoa bihurtzeko asmoz, agian. Edo beharbada, baliteke helburuak herrietan baino harago kokatzea eta horrek zerrenda osaketa korapilatsu bihurtzea.
Badu zenbait aste, tendentzia ezberdinetakoak merkatuetan eta ostatuetan (orain zentro komertzialetan ere halaber) gaindi dabiltzala, eskuorri koloretsuak banatzen, eta “ez ahantz bozkatzea” mantra errepikatzen. Baina aitor dezagun ez dela egiazki programa ezberdinen arteko lehiarik, ez herri tipietan, ez handietan. Lehia, argiki, beste maila batean kokatua da, herrien bitartez lortuko dena baino hozka bat gorago, Elkargoan.
Bazen garai bat zeinetan herriko bozek hautsak harrotzen baitzituzten eta bazterrak ziliportatzen, jendea suhar jartzen zen, bakoitza bere egitasmoarekin, bere herrian gauzatzekoa: lantegiak sortzeko, eskolen arraberritzeko, bideak konpontzeko, zerbitzuak garatzeko… Senti zen baita ere boterea ukaiteko grina, aitor dezagun; erresuma tipi baina ezin maitagarriagoko errege izateak ekar zezakeen poza. Mera izatea bazen zerbait, eta kontseilari izatea ere bai.
Gaur pasioak beste maila batean pizten dira. Eta baliteke zerrendak berant agertzeak salatzen duela beste arazo bat: gaurko erronka ez da gehiago herriko kontseiluan sartzekoa, baizik eta elkargora joateko postuan egotea. Adibidez, atzo lehen lerroan egon nahiko zutenek gaur ez omen dute zerrendaburu izan nahi. Zerrendaburua auzapez egon ohi da eta jendearen gogoa Elkargoko ordezkaritzetan egotekoa. Agerikoa da. Batzuek doi-doia mozorrotzen dute asmoa, beste zenbaitzuek deblauki erraiten dute, kontraerranaren beldurrik gabe. Eta horrek dituzke arrangurak sortzen, iragan mendeko eskuindarrengan, urtez urte gibelera doazenengan.
Baliteke jarrera kontestagarria, partikularki herri tipietan, herriko bizia bigarren lerroan ezartzen baitu, eta herritarrekiko, hau da, bozkatuko dutenekiko errespetu eta kontsiderazio eskasa adieraz dezake.
Duela 6 urte, Elkargoaren lehendakaritzak eta orduko hautagaitzek harrotu zituzten bazterrak, neke baita kapitulu triste hura ahanztea. Beraz, gauzek beren bidea egin dezatela, eta espero izan dezagun, aldi honetan, herrietako bozen tranpolinak balioko duela, zinez eta behingoz, hozka bat gorago, zerbait aldatzeko. Eta oraino hobeki, gainera, gero, herrietan berean aritzeko energiarik aski bada.