Mirentxu Elizalde

Transmisioa

2026ko ekainaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Betidanik, eta garaiotan ere, anitz aipatzen da transmisioa: etxaldean, enpresan, familian... Gure haurrei balio batzuk transmititzea garrantzitsua iruditzen zaigu ttipiak direlarik: zintzotasuna, politezia eta abar. 

Orain ikusten ditudan 20-30 urteko gazteei errazki leporatzen zaie beren bizi erritmoa; alde bat pantailekin konektatuak direla, kalitate eskaseko burgerrak jaten dituztela, edo gehiegitan joaten direla modu industrialean kozinatzen den ostatuetara.

Belaunaldi guziz, iruditzen zaigu zerbait galtzen dutela gazteek; hori pentsatzen dutenak naski zahartzen ari direlakoan, eta beste batzuk ezezkor direlakoan geroari buruz.

Baina hara, bertako dendetara hurbiltzen dira gure gazte batzuk... Ez bakarrik opari baten egiteko, baizik eta izena emateko aste guziz Interneten bidez beren barazki biologikoen manaketen egiteko eta dendan eskuratzeko. Aste guziz, ahoz ahokoari esker, bakarrik edo bikotean, gazteak heldu dira beren saskien xerka, zer plazera!

Barazki berriak badirelarik, Interneten xerkatzen dute nola kozinatu, eta kurioski, plazer hartzen dute barazki desberdin horiek deskubritzen eta jaten.

Goraipatu behar dut barazki horiek gazte horien adineko bi neskak ekoizten dituztela Makean, Miren Farmer deitzen direnak. Beren kontu jarri berriak dira, goi mailako ikasketak egin eta, lurraren lanari lotzeko asmoarekin.

Gure gazteak beren denboran bizi dira, bistan dena... Nahi dut pentsatu haurtzaro denboran sanoki jateko egina izan den transmisioa —etxeko askariak prestatuz eskolan jateko, janari gehienak etxean prestatuz— orain, nerabetasuna pasatuta, berpizten dela beren baitan. Ongi jatea eta kalitatezko osagaien gustua pasarazteak poza ematen dit, ohartzen naizelarik bederen gai horretan transmisioa lortu dugula!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE