Trenekin mundutxo bat eraikitzen

Astean bi aldiz, trenbide sareen maketak sortzeko batzen dira Le Croisesko modelismo elkarteko kideak, Baionan. Jean-Claude Gautrek proiektu erraldoi bat sortu du Angelun.

Baionako Les Croises modelismo elkartearen maketa. PATXI BERHOUET
Baionako Les Croises elkartekoak maketa lanean. PATXI BERHOUET
Baiona, Angelu (Lapurdi)
2026ko martxoaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bristi-brasta dabiltza han eta hemen, trenbide sareari zur zizel kolpeak ematen. Kiski-kaska, panpa, ttak! Asteazkenero eta larunbatero batzen dira Baionako Les Croises elkarteko modelismo kideak, elkarteen etxean. Kalaka gutxi, xinaurriak bezala, bakoitza bere lanean. Han ari dira, kontzentraturik, tren-sare maketak mantentzen. Ttuku-ttuku.

«Maketagintza sormen aisialdi osoenetako bat da, hainbat teknika erabiltzen baititugu: zurgintza, soldadura, tindaketa, elektrizitatea, informatika eta ikerketa historikoa», azaldu du Jean-Yves Casse, Les Croises modelismo elkarteko lehendakariak. Eskala txikiko trenak automatikoki aitzinatzen dira, maketa azpian kukuturiko zirkuitu elektriko bati esker. Errailak elkarri lotu, harrixkak gehitu, eta aitzina doa lokomotorra. Maketari bizia emateko, arbolatxoak landatu, etxetxoak eraiki eta hainbat miniaturarekin apaintzen dituzte. 

Baionako modelismo elkartearen helburuetariko bat miniatura erakusketetan parte hartzea da. Horregatik, nazioarteko araudi batzuk betetzen dituzte. Maketak lotzeko gisan. Horrela, trenbidetxo erraldoiak eraikitzen ahal dira erakusketetan. «2025ean Burgosko erakusketako sare erraldoian parte hartu ginuen; 240 modulu zituen», nabarmendu du Cassek. 

«Tren sarea ez da sekula amaitzen. Animazioak, xehetasunak edo berrikuntzak beti gehi daitezke»

JEAN-YVES CASSE Les Croises elkarteko lehendakaria

 

Maketa bakoitzak lan anitz eskatzen du. Duela berrogei urte hasi ziren Les Croises elkartekoak Baiona eta Donibane Garazi arteko trenbidearen zortzi metroko maketa sortzen, bost moduluz osaturikoa. Ez ditu loturaren 52 kilometroak osoki irudikatzen maketak, baina Uztaritze eta Milafrangako geltokiak ezagutu daitezke. Eguneroko bizia erakusten duten hainbat eszena ere ageri dira. Hala nola bi pertsona arropa zintzilikatzen, etxe txikitxo aitzin zuri baten ondoan; bi emazte kalakan behi tropa baten gibelean; bi gizon traktore bat konpontzen ukuilu batean...

1990ean aurkeztu zuten lehen aldiz Alsaziako Souffelweyersheim (Frantzia) herriko erakusketa batean. Aurten, martxoaren 14an eta 15ean Bourgeseko (Frantzian) miniaturen saloira eraman behar dute. Horregatik, presaka dabiltza azken mantentze lanen egiten Baionako elkartean. «Tren sarea ez da sekula amaitzen», azpimarratu du Cassek. «Animazioak, xehetasunak edo berrikuntzak beti gehi daitezke».  

Preseski, Bidarrai eta Arrosa lotzen dituen Higaineko tunelaren burdinazko zubia berritzen ari dira azken egunetan. Jostailu itxura zuen zubitxo zaharra kendu, eta, laser bidezko ebaketari esker, berri bat eraiki dute, egiazko zubiaren antzekoa. Errobi ibaia ere arraberritu dute, ur itxurako erretxina isuriz. 

Kartsuki eta gogotik 

Sareari soinua emateko lanetan ere hasiak dira. Tren sarearen azpian bozgorailu batzuk instalatu dituzte, makinen eta paisaien soinu giroen hedatzeko trena pasatzean. «Lokomotorren soinuak eta argindarrak gehitzeak, LED argi txikiekin, bizi handia ematen dio gure eginkizunari», azaldu du Cassek.

Modelismo elkartearen gela mukuru betea da. Baiona-Donibane Garazi tren sarea alde batean, tresnak, eta maketa egiteko materialak trumilka beste aldean, kopa eta sariz beteriko apal bat, bi bela itsasontziren maketa erraldoi ondoan, kadira batean pausaturiko tren maketa aldizkariak kartoi batean... Kartsuki eta gogotik ari diren bospasei erretretadun horren guztiaren erdian, beren pasioa bizitzen.

Gibeleko gelara sartu behar da elkarteko lanik handiena ikusteko. Hogei bat metro karratuko gela osoa betetzen du maketak. Trenak Baionako eta Miarritzeko geltokietatik pasatzen dira. Helmuga Pic du Midi mendi aitzinean kokatzen da, teleferikoen azpian. Orotara 25 bat kide dira elkartean.

«Lauzpabost urte nituelarik oparitu zidaten lehen trena», oroitu da Jean-Claude Fevres uztariztarra, izarrak begietan. Ttipitan Montrougen bizi zen, Paris ondoan, SNCFaren tren biltegi baten ondoan. Arratsaldeak pasatzen zituen horiei begira. 75 urte ditu orain, eta ez du sekula pasioa galdu. Duela bi urte emaztea zendu eta, berriz lotu zitzaion maketagintzari. Bere trenbidea sortzen ari da. Etxe ttipiak eta kartoizko kapera bat eraiki ditu, eta harro-harro lotu da lurraren tindaketari, Jean-Yves Cassek aholkaturik. «Eskulanetan aditua eta pasionatua izan behar da aktibitate horren egiteko. Edo bilaka daiteke gurekin ikasiz», erran du.    

Baionako elkartearen beste proiektuetariko bat zera da: Larhun mendiko tren sarearen maketa bat egitea. Mendi mazelen oinarriak ditu formaturik. Trenbidea eta Larhun kaskoa egitekoak dira. Noizko amaitzeko ideia ote duten? «Ez dakigu», bota du elkarteko kide batek, irri keinu bat begietan. «Ene iduriko, beste belaunaldi batzuek amaitu beharko dute guk hasi lana». Ez baitira gazte-gazteak.

Bizi proiektu bat

«Orokorki, adintsuak dira ari tren modelismoan», erran du Biarritz Trains Miniatures saltegiko Elisabeth Faucher-Chevalierek. Ganerra edo soto batean ahantziak diren okasiozko trenak biltzen ditu, eta berriz saltzen, bizi daitezen berriz. «Gazte batzuk lotzen hasten dira, orain sakelako telefonoekin ere manatzen ahal baitira, baina egia da aski sosduna izan behar dela, kario bilakatzen ari den pasio bat baita». Lokomotor analogiko batendako 30 euro inguru behar dira; digital batendako, 500 euro. Eta horrez gain, trenbideak erosi behar dira, eta paisaien egiteko material guztia. «Leku anitz ere behar da etxean», oroitarazi du saltzaileak. «Eta gazteak gero eta apartamentu txikiagoetan bizi dira». Horrez gain, denbora anitz behar da. «Bizi osorako proiektu bat izaten ahal da», osatu du.  

«Proiektua amaituz geroztik, hasi naiz plazer soilarendako trenak ibilarazten» 

JEAN-CLAUDE GAUTRE Hesteko tren txikiaren egilea

Angelun, 30 urtez ari izan da Jean-Claude Gautre, Hesteko tren txikiaren sarea gauzatzen. Haren sekretua? Antolaketa zorrotz bat. «Lanean nintzelarik, goizeko bostetatik zortziak arte ari nintzen maketa lantzen». 1994tik 2023ra,120 metro koadroko sare bat eraiki du. Orotara, 40.000 oren pasatu ditu 1.000 metroko trenbidea osatzen, sei geltokirekin. «Hiri edo geltoki guziei bihotzean ditudan lekuen izenak eman dizkiet». Errailean bazterretan pertsonatxoek edo animaliatxoek bizi ematen diote trenen ibilbideari. «Zubiak, ur bideak, mendiak, arrokak, ur jauziak, oihanak eraiki ditut. Ezin kontatuzko hainbat eszenatxo ere bai». Aizkolariak arbolak mozten, arrantzari bat erreka bazterrean, mediku bat bihotz masaje bat egiten... Denak animaturik eta soinuarekin. Etxea handitu behar izan du maketarentzat. Euskal Herriko herritxo bat, Frantzia iparraldeko hiritxo bat eta Sartheko herrixka bat trabeskatzen dituzte haren trenek. Mundu txiki erraldoi bat. 

Bi film eginarazi ditu Jean-Claude Gautrek bere maketaren aztarna bat atxikitzeko eta egin lana zabaltzeko. Liburu bat ere idatzia du, bere webgunean eskuragai. Proiektua amaiturik, azkenean jostatzen ahal da tren txikiekin. «Garrantzitsua da noiz gelditu behar den jakitea», azaldu du Jean-Claude Gautrek. «Proiektua amaituz geroztik, hasi naiz plazer soilarendako trenak ibilarazten. Haien gidatzen ikasten dut orain». Tren bat abiarazi, bere sarean galtzen ikusi. Eta berriz hasi. Errail berririk ez du gehiago pausatuko. Beste aisialdi bati lotu da: Legoak eraikitzen ditu orain.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA