U14 kolektiboa epaitegien aitzinean, beste behin

Azaroaren 17an iraganen da 2025eko manifestaldiaren harira atxilotu zituzten lau kideren epaiketa. Ekainean epaitu behar zituzten, baina gibelatzeko eskatu zuten abokatuek.

U14 kolektiboko kideen kontrako epaiketa, iragan ekainaren 2an, Baionan. PATXI BELTZAIZ
U14 kolektiboko kideen kontrako epaiketa, iragan ekainaren 2an, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Olaia Borda Uhalde
2026ko azaroaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

U14 kolektiboko lau kide Baionako epaitegira aurkeztu beharko dira heldu den azaroaren 17an, besteak beste, Poliziaren kontrako «heriotza mehatxuak» egitea leporatuta. Urtarrilean atxilotu zituzten laurak Lapurdiko hainbat herritan, 2025eko uztailaren 14an Ezpeletan antolatu zuten manifestazioaren harira. Dozenaka gaztek egin zuten protesta Asimilazioa borrokatu lelopean. Epaiketa ekainean iragan behar zen berez, baina auzi saioa udazkenera pusatzea erabaki zuen epaileak. Asteartean hasiko da epaiketa, 13:45ean, Baionako auzitegian. U14 kolektiboak auzitegi aitzinean elkarretaratzera deitu du 13:15ean.

Militante ezkertiar eta abertzaleak atxilotu zituztenean, honako hauek leporatu zizkien Mariel Garrigos Baionako prokuradoreak: segurtasun indarrei taldean irainak, eta heriotza eta andeatze mehatxuak egitea; aurpegia estalita ibiltzea; krimen edo delitu bat egiteko probokazio publiko eta zuzena egitea; eta deklaratu gabeko manifestazio batean parte hartzea. 

Ez da lehen aldia Frantziako Poliziak eta Justiziak U14 kolektiboaren kontra egiten duela. Duela bost urte sortu zenetik, hiru sarekada izan dira haren kontra; hamalau atxiloketa guztira. Lehen auzipetzean kargurik gabe atera ziren U14 taldeko kideak. Bigarrenean, aldiz, zigorrak izan zituzten, hala nola isunak eta manifestatzeko debekuak; epaituetako bik helegitea jartzea erabaki zuten. Pauen iraganen den dei auziaren beha dira; horren berririk ez dute oraindik jaso.

Auziz auzi

Urtarrilean iragan zen sarekadari dagokion hirugarren auzibidea, zeina ekainean iragatekoa zen. «Auzirako txostena berant igorri zuten, bi hilabete aitzin eman behar zutelarik», azaldu dute U14 kolektiboko kideek. Beranta horrek defentsa prestatzeko trabak sortzen dituela adierazi zuten epailearen aitzinean, eta arrazoi horiengatik auzia pusatzea eskatu zuten. Eskaera onartua izan zitzaien; horregatik, hilabete honetan iraganen da lau kide epaituko dituen auzia. Pairatzen ari diren «errepresioa» salatu dute kolektiboko kideek: «Guk ikusten dugu Frantziako Estatuak militantziarenganako errepresio sistematiko bat antolatua duela, ez zaielako batere interesatzen jendea antolatua izatea, ezta kritikoa izatea ere, ez Frantziarekiko, ez sistemarekiko. Azkenean, badakigu antolatuko gareno, dena dela, errepresio kasuak jasaten segituko dugula». 

Hala ere, antolatzen segitu behar dela iritzi diote militanteek: «Aterabidea ez da antolatzeari uztea, baizik eta antolatzea errepresio horri aurre egiteko». Horri segika, baieztatu dute azken bost urteetan antolatu izan duten uztailaren 14ko egunaren kontrako manifestaldia prestatzen segituko dutela. Izan ere, zehaztu dute «errepresio kasu horiek» ez direla soilik U14 kolektiboaren kontrako kasu gisa ulertu behar, baizik eta oro har, «militantziaren kontra ekiteko tresna» gisa. Kolektiboak adierazi du ez dituztela «beldurtuko» eta antolatzen segituko dutela.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA