Johane Larre

Udazkeneko loraldia

2026ko urriaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan zaigu jada buruila —amaiezina zirudien—. Udako beroak atzean utzirik, orbelak airez aire doaz karrikak estaltzera. Euri tantek bustitzen dituzte bazterrak eta hezetasuna gailentzen da. Goizeko freskurak beroki bat eman beharra sortzen du. Bai, azkenean, etorri da urtarorik maitatuena: udazkena. Baina aurtengoa ez da besteak bezalako udazkena. Aurten bertsolari txapelketa nagusia dator etxeko atarira. Udazkena izan ohi da bertsoaren udaberria.

Orbelak zimeldu egiten diren bitartean, bertsoak loratzen dira plazetan. Lau urteko itxaron-epearen ondotik, gehiago itxaron ezina nabari zen. Iragan irailaren 19an hasi zen txapelketa, Hazparnen, eta Iruñean amaituko da abenduaren 20an. Lumi taldeak sortu sintoniaren notek eta 42 bertsolarien ahotsek urrumatzen naute. Ideien saltsan, bertsolariak josi eta josi ari dira, isiltasuna moztu nahian. Norbera bere barne gerran dela eta denbora arerio duela. Hasperen batean, bertsoa aireratzen du poetak. Hain erraza dirudien arren, denok dakigu atzean dagoen lana ikaragarria dela. Performantzia hutsa da. Bertsolaritzak hitzaren indarra irudikatzen du: emozioen, ideien, nortasunaren eta herri baten oihuaren adierazle da.

Bertsolaritzak dituen dohain anitzen artean, batek zentzua du azken asteotan: aldarrien komunikatzea. Argi da: eskuin muturra eta faxismoa etengabeko gorakadan ari dira. Aramburu auzia horren adibide da. Bortizkeriaren bidez beldurtu eta isilarazi nahi gaituzte. Baina guk, elkarturik, ele eta hitz bakarrean erantzuten diogu probokazioari. Bertsotan aldarriak gorpuztuz, gorrotoaren parean.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA