Udaberria iratzarri zaigu, eguzki izpi eta eurien artetik, hor ditugu txorien kantuak, loreen usainak eta belarrak pusan. Denbora berean, berriz ateratzen hasiak zaizkigu belarra mozteko robot ttipiak. Barra-barra, zentimetroz zentimetro, denak mozten eta irensten dituzte beren pasaian, bazterrak bizitza guziaz garbituz. Herrian, hainbat baratzatan ikusten dira robot ttipi horien joan-jinak, geldi-geldia. Badirudi pentsatu promesa guziak betetzen dituztela: jendeari denbora irabazaraztea.
Gizakioi, arazo bakoitz, aterabide teknofilo baten atzematea gustatzen zaigu. Ikuzteko mekanika izan zen, besteak beste, etxekoandereen egunerokoa irauliko zuen tresna famatuenetarikoa. Azken tresna iraultzailea adimen artifiziala dugu: dena galdegiten ahal zaio, edozer egin/sortu dezake segundoan. Hau libertatea, hau denbora aurreztea.
Baina denbora librez aserik ote gara? Teknologiak eskuekin egiten genuen lanetik libratu bagaitu (ez-jakitate itsu batean galaraziz), etengabeko karga mental batean hetsi gaitu: kudeaketa, zainketa eta optimizazio lana. Preso gaituzue: teknologiak beti teknologia gehiago deitzen du, performantzia gero azkarragoa galdeginez eta denbora librearen ilusio batean utziz gainera.
Klima aldaketaren arloan, aterabide teknofiloak dira txapeldunak. Auto elektrikoa, eguzki panelak, ur kontaketa, karbonoaren kaptatzea eta preso ematea, ozeanoen fertilizazioa, plastika jale diren bakterioak... Anitz gauza asmatzen da, funtsean, gure kontsumoan deus ez aldatzeko.Â
Ikusle aktibo bihurtzen ari gara, datuekin obsesionatua, teknologiaren aterabide konplexu bakarrak salbatuko gaitzakeela sinesten ikasi dugulako.
Beste logika baten arabera, aterabidea ez litzateke robotak edo kaptoreak gehitzea izanen, baina teknologiari ezetz erratea, gure beharrak ttipitzea eta teknologiak ahantzarazi nahi digun sinpletasun bat berriz atzematea.
Beraz, agian, bihar, etxeko baratzan, txorien kantuen eta lore usaintsuen artean, oinetako erien artetik, belar luzearen ferekak sentitzea dateke egiazko denbora aurreztea. Eta bidenabar, tamaina guzietako marmutxei josteta aritzeko unibertso bat uztea.
Â