Zirko festibala bidean du Oreka zirku eskolak

Oreka zirku eskolak Zirko festibala abiatuko du seigarren aldiz, Baionan. Ekainaren 3an hasiko da, eta ekainaren 14an bururatuko. Denendako eskuragarria den zirku topaketa izatea nahi dute antolatzaileek.

Oreka zirkua, Zirko festibala aurkezten. OREKA ZIRKU ESKOLAK UTZIA
Oreka zirkua, Zirko festibala aurkezten. OREKA ZIRKU ESKOLAK UTZIA
julene muruaga
2026ko maiatzaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zirkuaz gozatzeko aukera izanen da heldu diren bi asteetan Lapurdiko hiriburuan, Oreka zirku eskolari esker. Hain zuzen, azken sei urteetan egin duten moduan, Zirko festibala antolatu du eskolak berriz ere. Aurtengoa, Un Loup Pour L'Homme konpainiarekin batean prestatu dute, eta Baionan izanen da, Xaho plazan. Ekainaren 3an hasiko da, asteazkenarekin, eta ekainaren 14an burutuko, igandearekin.

Oreka zirku eskola Doriane Billard zirkulariak sortu zuen 1998an; eta eskolako zuzendaria da gaur egun. Hasieran, zirku ibiltari eta mugikorra zen, bereziki Itsasuko bazterretan ibiltzen zena. Hainbat urtez leku batetik bestera mugitu ondotik, 2006an Baionan plantatu zen eskola, Andrea Pebet Oreka zirku eskolako irakasleak kontatu duenez. Duela 28 urte eskola sortu zutelarik zituzten ber helburuak mantendu dituzte gaurdaino: «Orekaren xedea da zirku arteen transmititzea adin orotako jendeari, beren dimentsio fisiko, artistiko eta sozial guztiekin. Diziplina horiek denei irekitzea nahi dugu, eta zirku eskolaz gain topagune eta leku sozial bat izatea nahi dugu».

Zirkuak dituen onurak aipatu ditu Pebetek: gorputzaren ezagutza lantzea, gorputzaren kontzientzia hobetzea eta psikomotrizitate gaitasunak hobetzea. «Alde fisikoaz gain, bada beldurrarekiko konfiantzaren lanketa bat, batak bestearekiko ardura handiak badituelako zirkuan. Arrisku fisikoak saihesteko segurtasuna lantzen da anitz. Horri loturik, zirkuak elkarlana anitz lantzea ekartzen du».

Urtean zehar, hainbat tailer mota proposatzen dituzte. Irailetik ekainera tailer finkoak ematen dituzte arratsez, asteazkenetan eta larunbatetan, hots, eskolako orduetatik kanpo. Tailer horiek ttipiei proposatuak zaizkie haien burasoekin batera, eta bestenaz ere, hainbat tailer proposamen izaten dira 4 urtetik gorakoentzat. «Tailer gehienak diziplina guzien arteko nahasketak dira: akrobaziak, airekoak, eskuketa, oreka... Horiek denak antzez jokoekin. Ondotik, helduek badute aukera espezialitate bat hautatzeko eta espezialitate horretan trebatzeko».

Zirkuaren topagune

Badira urtean zehar proposatzen dituzten trebatzeak, eta bada urtean behin aurkezten duten proiektua ere: Zirko festibala, ekaina hasieran. Badira orain sei urte festibala Baionan muntatzen dutela. Urtero, zirku konpainia bat jiten zaie karparekin, eta bi asteko festibala antolatzen dute, hainbat ikusgarri programatuz. Aurtengo konpainia Un Loup Pour L'Homme da. «Zirku topaketa bat izaten da festibala, eta xedea da elkargune bat izatea amateur eta profesionalen artean. Zirku zaleak ez direnak ere heldu dira, eta zirkuaren beste alde bat deskubritzen dute. Topaketa biziki irekia da, bai prezioen aldetik baita ikusgarrien guneen aldetik ere», esplikatu du zirku irakasleak.

Aldioro helburu bat izaten dute topaketa antolatzean. Aurten, tokiko eta hurbileko konpainiei lekua eskaini nahi izan diete, izan konpainia profesionalak, amateurrak ala inklusioan ari direnak: «Gure berezitasuna da zirku egokitua egiten dugula. Elbarrituekin sorkuntzak egiten ditugu. Erranen nuke zirkuaren artea aski irekia dela inklusioaren aldetik, eta gu horren bultzatzen saiatzen garela. Zirkuak badu bere filosofia, eta, diziplina aniztasunaren bidez, ikusten dira gorputz eta adin desberdinak eszena gainean», zehaztu du irakasleak.

Era berean, usaian egiten duten bezala, Euskal Zirko Kabareta gonbidatu dute helburu zehatz batzuk lortzeko. Hain zuzen, kabaret hori euskaraz ematen dute Euskal Herriko hainbat artistak: «Hitzordu horri esker, euskarari leku bat eskaintzen diogu. Bestetik, Hego Euskal Herriko artistek ez dute Frantziako Estatuko artistek duten egoera edo estatusa. Egoera ezberdina da, eta horregatik ere nahi diegu leku bat eskaini». Urtero aurkezle berezi bat izaten dute, bestalde; aurten, Maialen Berra Zubieta Altxaliliko kidea izanen dute. Horrez gain, eszena irekiak eta zirku tailerrak izanen dira, edonor hurbildu dadin.

Nowhere Circus, Oreka, Ivana Girault, Duo GingerMoustache, Un Loup pour L'Homme konpainia, Nico Pires eta Itzuli Mintzuli konpainiak arituko dira bi astez. Tailerrak, apairuak eta beste hainbat ekitaldi izanen dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE