Idatzietatik bertsoetara pasatuko dira Onintza Enbeita eta Oihana Arana bertsolariak, Berben pozen jiran bertsotan saioan, gaur 19:00etan, Baionako Biltxokon. Bi bertsolariek egunero iritzi artikuluak idazten dituzte BERRIAko zutabeetan, aktualitateari eta etxe barneko gertakariei buruz. Enbeita eta Arana buruz buru arituko dira, Xalbat Alzugarai gai emaile eta kazetariaren gaiak segituz; zutabeetan oinarrituz sortu ditu gaiak.
Enbeita bizkaitarrak Berben poza BERRIAko zutabean idazten du egunero. Haren ondoan, Arana gipuzkoarrak Jira zutabean publikatzen ditu bere pentsaketak. BERRIAk horien bien inguruko bertso saioa antolatzea erabaki zuen, eta Alzugarairi gai emailea izatea proposatu. Alzugarai bi bertsolarien iritzi artikuluak irakurtzen eta aztertzen aritu da azken egunetan, eta haietatik tiraka gaiak ateratzen: «Azkenean, bien artean hamar bat zutabe hartu ditut, eta hamar zutabe horiek bertsotarako gai eta ariketa bihurtu». Urtarriletik maiatzera publikatu dituzten zutabeak baliatu ditu bereziki. Iaz ere halako bertso saio bat antolatu zuten, Bilbon, eta Maddi Ane Txoperena izan zen gai emailea. Alzugaraik kontatu duenez, Txoperenak lagundu du pista batzuk emanez, nondik abiatu jakiteko.
Aranak eta Enbeitak, biak idazleak eta bertsolariak izan arren, idazteko eta bertsoak botatzeko molde eta erregistro ezberdinak dituzte, eta horretara egokitu behar izan du Alzugaraik. Alde batetik, Aranaren «deskribatzeko» gaitasuna goraipatu du: «Biek badute sortzeko manera ezberdina. Aranak idazten dituen zutabeak anitz dira paseoari buruz, eta bizi den inguruan ikusten duenari buruzko gogoetak eta hausnarketak egiten ditu. Eta beraz, egia da gaiak egiteko biziki erraz tiratzen ahal dela horretatik». Bestalde, Enbeitak «umoreari» eta «asaldatzen» dituen gaiei leku handia ematen diela uste du: «Bada Enbeitaren zutabe bat anitz maite dudana, Ehatxeu deitzen dena. Bertan, gogoetatzen du euskararen presentziaz, eta horren inguruan haserretzen da. Onintzak hori badu; ez beti, baina usu haserretzen da bere zutabeetan».
Hurbiletik ezagutzen
«Hasieratik argi dut nori zer eman. Nahiko nuke umorezko bakarkako bat eman Enbeitari adibidez, eta beharbada bat pixka bat pisuagoa Aranari. Halere, nahiko nuke umorea sartu binakako gaietan». Ez da lehen aldia bertsolari horiekin arituko dela baxenabartarra, eta elkar ezagutze horrek lagundu du bataren eta bestearen «ahuleziak» eta «puntu azkarrak» zein diren ulertzeko. «Plazera da lankideei gaiak ematea, eta zer esanik ez Aranari eta Enbeitari. Ahalduntze bertso eskolan izan nintzen Aranarekin: ni gaiak ematen, eta hura bertsoak botatzen. Eta Onintzarekin bi aldiz aritu naiz, aurtengo Nafarroaren Egunean, eta duela bi urtekoan. Ezagutzen ditut, eta haiekin biziki eroso naiz, eta espero dut haiek ere hala izatea nirekin».

Halere, argi utzi du gaiak prestatzeko garaian «erronkak» ere izan dituela: «Zaila izan da zutabe horiek bertsotarako gai bihurtzea. Zutabe horiez inspiratzea gai bat sortzeko, eta ez zutabea izatea gaia. Ez zaio gehiegi zutabeari erreferentzia egin behar».
Alzugaraik uste du bertsoa maite duen edonor hurbil daitekeela saiora, zutabeak irakurri ala ez. «Kurios naiz ikustea nola iraganen den. Zutabeak behin irakurrita gero nola aterako den bertsotan, edo zer eman dezakeen. Eta uste dut erregistro aldetik ere interesgarria izanen dela, Enbeitak umorez jokatzen ahal duelako biziki errazki, eta Arana gauza seriosagoak jorratzen azkarra delako».