Dantza... eta musika?

Hebentik elkartea
2025eko urriaren 3a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aitzina pika trailerai tralerai tai traleralerai. Erramun Tartaxu, Dominika Errezarret, Suhit Üthurri kantan, hiruak lo daude Urdiñarben, Atharratzen, Barkoxen... Zuberoako plaza, 2025, hilerrietarik hurbil. Uda giro, besta aire, herrietako dantzariak bildurik, bakoitzak berea aurkezten. Batek musikariak zuzenean, salbuespena, xirula, ttunttuna, arrabita. Gehienek musika grabaketa. Eta gainera grabaketaren kalitatea txarra baino txarragoa, kasik penagarri ikusten delarik dantzari hauen lan ederra! Ez jakin non bildurik, nongo spotify-deezer-youtubemusic-zeffirmusic-ElonMuskik... Eta zenbat holako. Munduko mediateka eskuragarri, doan gainera. Nik uste nuen —zozoki— euskal dantza lurralde bati lotua den bezala musikari ere lotua zela, eta ere musikariari... Beste gisaz erranik musikaririk gabe, dantzak ez duela zentzurik.

Zeren euskal musikariak ere garraiatzen du berarekin dantzaren memoria. Dantzaria ez daite bi zango mugitzen au pied des Pyrénées, bururik gabeko interprete-exekutante soil. Euskal musikariak ere bere aldetik ez luke teknikari elegante soilik izan behar. Biak dira osagarri, biak bat daude, bat dira. Dantza enetako musika da, dantzariak partizio bat idazten duenean airean. Eta musikaria ere dantzari, memoriaz gain haren jestua ere dantza da. Kasu honetan plazan biek dute koreografia borobiltzen. Irudika dezakezu pilota partida bat, talde bat plazan, bestea birtuala? Behar bada jinen da, edo egiten da jada, ni ez naiz aski aditu adimen artifizial horretan, nahiago dut zozokeria naturala (jitez ez bainaute aldatu oraindik…). Hara gabe, baina urrunago joanez, dantza ikusgarri bat irudikatzen dut, zeinetan musikariak hor jotzen ari baitira eta dantzariak grabatuak, pantaila batean. Hau ere behar bada egiten da.

Hau guztia errateko bitxi edo arraro egiten zaidala halako egoera. Behin baino gehiagotan ere gertatu zaigu honako gauza hau, aski absurdoa: dantzariek dantza bat ematen, doinu aski berri batekin; doinuaren sortzailea hor dago gelan, bere tresnak besapean, baina dantzariek nahiago dute grabaketa: Tu comprends, la structure, le tempo (Ulertzen duzu, egitura, tempoa). Eta ez, ez dut ulertzen. Eta ez nintzen ni musika horren sortzailea.

Kasu hauetan ez date egokia Xalbadorren «Gaztainaren aldaxkez jantzirik pagoa», baina behar bada «Spotifyren aldaxkez jantzirik magoa». Gainera aipatu gabe Spotify enpresa egiten ari den arma negozioa, palestinarren kalitzeko. Baina hau beste kontua da... Edo ez.

«Aitzina pika trailerai tralerai tai traleralerai...».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.