‘Euskal’ kultura?

2025eko irailaren 5a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bertso satiriko hau Aitzina Biga ikusgarrian entzun genuen, Zuberoako xoko guzietatik ehun bat gazte bildu zituen dantza, kantore eta antzerki ikuskizunean: «Cette année la pastorale sera en français / comme ça tout le monde va aimer» [euskaraz: Aurten pastorala frantsesez eginen da / hola denek maitatuko dute]. Bertso horrekin euskararen eta kulturaren arteko harremanaz galdekatu gintuzten, eta pentsatu genuen: hain urrun gara pastoraleko bertsetak frantsesez emateaz?

Zuberoan kultura bizi dela erraten da, eta kultur egutegia ikusirik, aise sinesten ahal dugu hori: pastoralak 2038. urtera arte finkatuak dira, maskaradak 2033.era arte; urte oroz antzerki, dantza emanaldi eta kantaldi franko proposaturik zaizkigu. Zer ontsa hainbeste euskaldunen ikustea kulturaren biziarazten! Haatik, taula gaina hustu bezain laster, izan mustraketan edo emanaldi ondokoetan, frantsesa da nagusi.

Orduan zerk motibatzen ditu hainbeste jendeak ekimen horietan parte hartzeko? Plazer hutsak? Herri, talde edo familia dinamikak? Bestak? Modak? Harrotasunak? Bakoitzak bere motibazioak ditu kultur ekimen batean parte hartzeko, norberaren interes pertsonalak zerbitzatzen ahal baititu, nolazpait. Eta hainbat hobe hainbeste jende kulturara ekartzen baditu, pertsona horiek guziek osatzen baititugu Zuberoako ekimenak.

Aldiz, ez da aski, zeren euskal kulturak iraun dezan ezin litzateke halako zentzu bakarreko harremanetik egin. Hots, guk jarraiki dezagun kultura horretatik hartzen, hari eman beharko diogu guk ere; eta, euskal kultura euskal den heinean, euskaratik baizik ez diogu ekarpen hori egiazki egiten ahalko. Noiztenka iduri zaigu programazio aberatsa plantan ezartzeak hizkuntza salbatuko duela, baina hizkuntzari ez zaio ekarpenik egiten sinpleki kultur ekimenak plantatzez, ez badira hizkuntzatik plantatzen. Euskara atxiki eta euskal kultura biziarazi nahi badugu, euskararen erabilpena taulatik kanpora ekarri beharko da.

Buruan argi ukan behar genuke politikoa dela zapaldurik den hizkuntza baten erabilpena, nahi ala ez. Ondorioz, gure irudiko, euskal ekimen kulturalen funtzio politikoa kolektiboki kontzientziatzekoa da. Bat dira hizkuntza eta kultura, bata bestearekin bizi. Baina kulturak bakarrik ez du euskara bizi iraunaraziko. Horrek erran nahi du kultura euskaratik eraikitzekoa dela, hastetik buru, edo ez da haboro euskal kultura izanen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.