Munduan, herrigintzatik biziberritzen ari den hizkuntza orok anitz ekartzen du jendarte eta lurralde batean. Ihauteriak bururatzen ari eta Korrika abiatzekotan den garaian, herriko bozak izan ala ez, plaza josten eta gaua urratzen badakigu hemen. Maialen Hiribarrenek dioen bezala: euskara gabe bizi daiteke, bai, baina zerbait gehiago ekartzen digu. Bizinahia eta dinamika kultural berezitik, euskara erabiliago egiteak bide bat dakarkigu: hizkuntza eta identitate aniztasuna kudeatzeko ahalmena.
Gune erdaldunetan, hizkuntza komunitatea trinkotuz; gune euskaldunetan, komunitatearen baitako aniztasuna bilatuz: euskalduntzeak, berreuskalduntzeak, talde eta jendarte kohesionatuagoa dakar. Mundu globalizatu honetan ito nahi ez duenak, ordea, xenofobiaren masta dauka eskura, makila horrez bidea zedarrituko duelakoan, beretzat, bere haurrentzat.
Euskalduntzeak, euskaltzaletzeak, fobiei alternatiba eskaintzen badu, jendea sustraituz eta loratuz, hobeki biziz, hizkuntza politika isolatu eta gehigarriek lotura zuzenagoa eskertuko lukete politika soziokultural, demografiko, baita sanitarioekin ere. Euskalduntzearen, euskaltasunaren ekarpena zerbitzu eta harrera hobekuntzan, tokiko ekonomian, naturarekiko harremanean, isolamendua desegitean, belaunaldien arteko transmisioan, identitateen eraikuntzan, komunitatearen beroan.
Utopia goxoa? Euskal Herriak demografia arazoak ditu: haurrik ez da aski, eta helduaro baten beharretan gaude. Helduok ditugu gazteak euskaraz segurtamenean proiektaraziko. Kopuruz, haurrak baino gehiago gara: egoerak lehen baino estrategikoago bilakarazten gaitu. Heldu erdaldunen euskalduntzea bai, helduak euskaldun mantentzea bada ere etorkizunerako giltza. Helduok baitugu euskara hizkuntza publiko, denen ardura eta eskurako bilakaraziko.
Lerroak sortu
Euskal Konfederazioak plazaratu Euskararen Barometroa oinarritzat hartuz, INSEEk eta Herriko Etxeek burutu erroldetan, lerro bat eskertuko litzateke, kontrabandoz ere, hiztunen datuak herrika zehazteko, eta agerian emateko oraindik herri euskaldunak baditugula. Herri horiek arnasgune bilakatzeko planteamenduak anitz ekarriko liguke. Baigorri batek, Barkoxe batek, gihar soziokultural eta ekonomikoa ba ote du arnasgune bilakatzeko? Hizkuntza politikei epika eta egitura eskaintzeko ahalmena badugu hor, hiriak zokoratu dituen herrien suspertze isila elikatuz, euskara Baionan aska dadin itxoin gabe.
Gure arazoen iturrietan barna, Unescoren gainbeherako ildoak zalantzan emateko garaia jin zaigu, agian, jokoz kanpo uzten gaituztelako: hizkuntzak lerrokatzen dituzte, fite laburbilduz, edo gaineko kaskoan, edo egoera hauskorrean, edo peko errekan. Ildorik ez da biziberritzen ari diren hizkuntza multzoari etorkizuna zabaltzeko. Hor lerro bat sortu ala ez, gure tokia guk definitzea garrantzitsua da, autoestimutik eta auto-afirmaziotik. Subjektu politiko bezala, horretara goazela adieraziz: biziberritzen ari garen hizkuntza komunitateak gara, eta etorkizun hobea elikatzeko ahalmena dugu, jendartean.