Aitziber Zapirain
Kapainari so

Urratsez urrats

2026ko martxoaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilkurak, azken orduko bateratzeak, adostasunak... Gisa horretan hasi genuen astea. Nor norekin elkartuko ote zen esperoan. Baionara begira bereziki. Erabakiak hartzeko tartea amaiturik, bozak aktibatzeko eta berenganatzeko azken egunetan aurkitzen dira hautagaiak. Ez ahantz, 11 direla oraindik udal gobernua osatu behar dutenak.

Badira, ordea —nire ustez behintzat—, euskaldun bezala lehen itzulitik ospatu ditzakegun zenbait datu. Zenbait garaipen. Batetik, Frantziako Estatuan ez bezala, gurean ez du nabarmen egin gora eskuin muturrak: horren beldur nintzen. Kaleko eztabaidak horretan oinarritzen ziren: horren beldur geunden.

Eta bestetik, Urruñako Herriko Etxean agintea kolokan badago ere, gora egin du boz abertzaleak. Herri batzuetan abiaturiko bideari segida emanen diote. Ziburun, Biriatun edota Uztaritzen adibidez, eta beste batzuetan, berriz, esperientzia abiatu, Senperen, esate baterako. Karrikan goazela, gutxi, oso gutxi entzuten da euskara gurean. Euskaraz bizi nahi dugunok ederki dakigu zein tokitan eskatu kafea eta non erosi ogia. Haurrentzat zein aisialdi edo zein kirol hautatu euskaraz mintzatzen jarraitu dezaten ikastola bukatu ondoren. Bidasoaren alde honetako errealitate orokortua dela esango nuke.

Nire baitan boz abertzalea euskararen erabilerarekin lotzen nuen. Euskal hiztun gutxi, boz abertzale gutxi. Ariketa hori egiten nuen. 2020ko udal hauteskundeen ostean, ordea, oker nenbilela pentsatzen hasi nintzen. Aurtengo lehen itzuliko emaitzek arrazoia kendu didate —zorionez—. Hizkuntzaren ezagutza eta bereziki erabilera apalak izanik ere, asko dira —geroz eta gehiago, gainera— abertzaleen ideiekin eta egiteko moldeekin ados daudenak, frantses hiztunak izanagatik ere boz abertzalearen alde egiten dutenak.

Bukatu da batzuen hegemonia. Bukatu dira auzapezgo amaigabeak. Ekinez egina esan ohi dugu, ezta? Bada, uste dut zinezko inurri lana egiten dela herriz herri egunerokoan. Ausartzen naiz esatera euskaldun gisa nahiagoko nukeela talde eta hautagai abertzaleek jarrera irmoagoa izango balute euskararen alde. Nire gusturako frantses gehiegi erabili dute haien ahotan.

Egia da, ordea, estrategia baten baitan kokatua dagoela hizkuntzaren erabilera, eta modu horretan hurbiltzen direla besteengana. Horrelakoa da politika. Gaur Atharratzera goaz. Gaur bai, gaur denok gara euskara, herria da euskara. Ea zer gertatzen den igandean. Horren berri emanen dugu ohi bezala Euskal Hedabideetan. Ea astelehenetik aitzina euskara izaten segitzen dugun, eta herriak euskara izaten segitzen duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA