Maiatzaren 25ean da Afrikaren Eguna, eta Flor de Africa elkarteak hainbat urte daramatza hura ospatzen. Elkartea sortu zenetik gaur egun arte, askotariko jarduerak antolatu dituzte egun horren harira; dena den, aurten pauso bat gehiago eman dute. Izan ere, bihar Afrika Jaialdia egingo dute Iruñeko Geltoki gunean, Afrikaren Eguna ospatzeko. Flor de Africak, Iruñeko Black Power taldeak eta Munduko Medikuak elkartearen Nafarroako adarrak antolatu dute jaialdia, eta hainbat jarduera prestatu dituzte. Ekinbide kultural eta sozial bat da, eta kultura, hausnarketa eta komunitate arteko topaketa sustatu nahi ditu. Horretarako, arreta berezia jarriko diete Nafarroako komunitate afrikarrari eta afrikar ondorengoen ahots eta esperientziei. Afrika Jaialdiaren lehen aldia da, eta jarduera guztiak doakoak eta edonorentzat izango dira.
Jaialdia ospatzeko ez ezik aldarrikatzeko ere izango dela adierazi du Munduko Medikuak elkarteko Jaione Eugik. Izan ere, Afrika Jaialdian nortasunari, arrazakeriari eta aniztasunari buruz hausnartuko dute, artearen eta parte hartze komunitarioaren ikuspegitik. Egingo diren jarduerei dagokienez, antolatzaileek programazio irekia prestatu dute. Jaialdian, besteak beste, zuzeneko musika egongo da, eta tailerrak eta hitzaldiak egingo dituzte.
Antolatzaileek adierazi dutenez, Afrika Jaialdiaren bitartez gizarte «kritiko, askotariko eta konprometitu» bat sustatu nahi dute, eta hausnarketa eta ospakizuna uztartzen dituen topagune gisa errotzeko asmoz sortu dute jaialdia.
Ospakizun «oso garrantzitsua»
2010ean Flor de Africa sortu zenetik, elkarte horretako kideak saiatu dira Afrika Jaialdiaren moduko ekinbideren bat prestatzen, Afrikaren Eguna dela eta. Farmata Watt Flor de Africako kidea da, eta esan du gaur egun arte «lagunartean» ospatu dutela Afrikaren Eguna, «baliabide faltagatik». Hori dela eta, Wattek azpimarratu du biharko eguna antolatu ahal izatea «oso garrantzitsua» dela elkarteko kideentzat. Gainera, Wattek uste du Aurtengo Afrikaren Egunaren ospakizunean «harago» egin dutela. Izan ere, aurten hainbat jarduera dituen programazio ireki bat prestatu dute. Jaialdian parte hartuko dute, besteak beste, Quinndy Akeju afroaktibistak eta Nio Far Elkarrekin musika eta dantza taldeak.
«Elkartea sortu genuenetik, gure eginkizuna da Afrika ikuspegi positibo batetik ikusaraztea»
FARMATA WATT Flor de Africa elkarteko kidea
Flor de Africa elkarteak duen zereginaren inguruan ere hitz egin du Wattek: «Elkartea sortu genuenetik, gure eginkizuna da Afrika ikuspegi positibo batetik ikusaraztea». Nabarmendu du Afrika kontinente handia dela, eta Afrikaz hitz egiten denean «herrialde bat balitz bezala» tratatzen dela «beti». Gainera, esan du Afrika aipatzen denean «alde negatiboa bakarrik» kontatzen dela, hala nola goseteak edo gatazkak, eta afrikar jendeak Nafarroara migratzen duenean «delinkuentziarekin» ere lotzen dituztela. «Komunitate oso handia gara, hemen bizi gara, eta gure erronka da gure kultura, tradizioa edo gastronomia ikusaraztea», adierazi du Flor de Africa elkarteko kideak.
Wattek esan du Flor de Africa elkarteko kideentzat «oso garrantzitsua» dela Afrikaren Eguna nafar jendearekin ospatzea, jendeak ezagut ditzan. Horrez gain, aipatu du garrantzitsua dela egun horretako «protagonistak» afrikarrak izatea. «Lehenago ere ospatzen zuten Afrikaren Eguna, baina jende zuriak ospatzen zuen. Orain, hainbat urte daramatzagu esparru hori guk geuk hartzen», adierazi du.
Piztu Power proiektua
Black Power kolektiboa da jaialdia antolatzen aritu diren taldeetako bat, eta kolektibo horren parte hartzea Piztu Power proiektuaren barruan dago. Izan ere, proiektu horrek Nafarroako gazte afrikarren ahalduntzea, parte hartzea eta ikusgaitasuna sustatzea du helburu. Proiektuaren koordinatzailea Jaione Eugi da, eta esan du bi urte daramatzatela Black Power taldeko kideekin lanean, hala nola erronka identitarioen eta antirrazismoaren inguruan. Afrika Jaialdia antolatzen leku garrantzitsua izan dutela nabarmendu du Eugik: «Jaialdiaren jarduera gehienak Black Power taldeko emakumeek antolatu dituzte. Oso harro gaude horregatik». Manifestu bat aurkeztu eta performance bat egingo du bihar Black Power taldeak. Horrez gain, erronka identitarioen inguruan ere hitzaldi bat egingo dute.
«Jaialdiaren jarduera gehienak Black Power taldeko emakumeek antolatu dituzte. Oso harro gaude horregatik»
JAIONE EUGI Piztu Power proiektuaren koordinatzailea
Piztu Power proiektuak Innova programaren laguntza du. Programa hori La Caixa fundazioak eta Nafarroako Kutxa fundazioak bultzatzen dute. Nafarroako Kutxa fundazioaren presidente Jose Angel Andresek azpimarratu du jaialdiak «kontzientzia, komunitatea eta etorkizuna» sortzen dituela.
EGITARAUA
BIHAR, GELTOKI GUNEAN
- 11:00. Afrika Jaialdiaren inaugurazioa.
- 11:30-14:00. DJ’s Kabia taldearekin zuzeneko musika.
- 11:30-14:00. Tailerrak eta askotariko jarduerak.
- Henna, ile kordak, turbanteak eta eskumuturrekoak egiteko tailerrak.
- Artisautza eta erakusketa gunea.
- Haurrentzako jolasak.
- 13:00-13:30. Perkusio tailerra - Jack.
- 13:30-14:30. Nio Far Elkarrekin taldearen kontzertua.
- 16:45.
Black Power taldearen manifestuaren aurkezpena, eta biharko egunaren esanahia islatuko duen performancea
.- 17:00. Erronka identitarioen inguruko hitzaldia.
- 17:30. Dantza tailerra - Quinndy Akeju.
- 18:30. DJ Quinndyren zuzeneko musika emanaldia, moda desfilea eta Afrikako pintxoak.
- 20:00. Afrika Jaialdiaren amaiera.