Francisco Franco diktadorea hil eta urte erdira, 1976ko maiatzaren 9an, Alderdi Karlistak Montejurrarako erromeria antolatu zuen Hitzordu bat herriarekin lelopean. Igande hartan, Iratxeko monasterioko karlistak igotzeko prest zeudenean, ultraeskuindar faxista argentinar, italiar eta frantziarrez osaturiko tropel bat monasterioan agertu zen, borrak eta pistolak eskuetan. Bi pertsona hil eta beste 30 lagunetik gora zauritu zituzten. Gertakarien 50. urteurrena dela eta, Montejurra 76 - Oroimena izeneko ekimena sortu dute Lizarran. Helburu nagusiak azaldu ditu Mikel Kolomok, Lizarrako EH Bilduko bozeramaileak: «Memoria bizirik mantendu nahi dugu, Montejurran geratutakoak lizarratar guztiei eragin zielako. Gertakaria erdigunean jarri nahi dugu, denon arteko elkarrizketa sustatu, eta familiek zein ingurukoek erakundeen partetik izan ez duten aitortza zintzoa egin».
Horretarako, hitzaldi ziklo bat antolatu dute Lizarrako kultur etxean. Martxoaren 5ean hasi zuten, eta maiatzaren 9an amaituko da. Besteak beste, gertakarien lekuko izandakoek hartuko dute parte. Kolomok nabarmendu du iraganari begiratzea «ezinbestekoa» dela oraina eta etorkizuna eraikitzeko: «Horrelako gertakariak erdigunean jartzen jarraituko dugu, faxismoari aurre egiteko memoria oinarri hartuta». Salatu du Lizarrako UPNk «oztopoak» jarri dituela eta «erresistentzia» agertu duela egitaraua aurrera ateratzeko batzorde bat osatzeko: «Orain daukagun alkatearen [Marta Ruiz de Alda] jarrerak ez du laguntzen. Gainera, Julio Ruiz de Aldaren ahaidea da [militarra, Espainiako Falangearen sortzaileetako bat]».
Prestatu duten egitarauaren barruan, apirilaren 30ean, 19:00etan, Josu Chueca historialariak gertatutakoaren inguruko ibilbide grafiko bat eginen du, egun hartan atera zituen argazkiekin. «Apaltasun osoz esaten dut nire argazkiek eta beste batzuek egindakoek garrantzi handia izan zutela argitzeko nortzuk izan ziren hiltzaileak», esan du. Ez zen karlista, baina beste askok bezala, jakin-minak bultzatuta, Montejurrara joatea erabaki zuen. «Franco hil berria zen, eta egunero geunden borrokan. Lehena Gasteizko sarraskia izan zen, martxoaren 3ko greba orokorrean. Horren ondorioz, mobilizazioak egon ziren Euskal Herria osoan. Horrez gain, apirilean debekatuta egon arren, Aberri Eguna izan zen Iruñean», kontatu du. «Argazki makina batekin joan nintzen, eta, gerrillak zetozela zioten lehenengo oihuak entzun nituenean, lehenengo lerrora hurbildu nintzen», esan du. Orduan atera zuen Jose Luis Marin Garcia Verde komandante ohiaren argazkia —Gabardinadun gizona izenez ospea hartu zuena—. Irudian ikus daiteke pistola eskuan zuela, eta nola eman zion tiroa Santanderko HOAC Ekintza Katolikoko Langile Anaidiko Aniano Jimenez Santosi. Hortik egun batzuetara hil zen Jimenez: «Lehen erasoaldian parte hartu zuen gizonaren argazkia genuenez, denek bazekiten nolakoa zen. Maiatzaren 15ean, Poliziaren esku utzi zuen bere burua».
Inpunitatearen aurka
Hasieran, ez zioten garrantzi handirik eman gertatutakoari, egunak aurrera jarraitzen zuelako: «Lehenengo erasoaldia izan eta gero faxistak blokeatuta geratu zirenez, denek pentsatu genuen amaitua zela. Esango nuke euforia puntu bat zegoela, faxistek ez zutelako lortu pasatzea». Hori dela eta, karlistek gora jarraitzea erabaki zuten, baina tontorrera iristen ari zirenean bigarren erasoaldi bat egon zen, eta Lizarrako gazte bat tiroz hil zuten, Ricardo Garcia Pellejero. Horrez gain, 30 pertsonatik gora zauritu zituzten.
Bigarren tiroketak lainopean izan zirenez, hasieran argazkietan kosta egiten zen hiltzaileak identifikatzea: «Gerora egin diren ikerketen bidez, argazkiekin jakin izan dugu nortzuk zeuden erasotzaileen artean. Nazioarteko ultraeskuindar argentinarrak, italiarrak eta frantsesak agertzen dira argazkietan». Haien artean zeuden: Argentinako Komunismoaren Aurkako Aliantza Apostolikoko Emilio Berra; Italiako Abangoardia Nazionaleko Giuseppe Calzona, Augusto Cauchi eta Stefano Delle Chiaie, eta OAS Armada Sekretuaren Erakundean aritutako Jean Pierre Cherid frantziar-aljeriarra. «Gehien zabaldu den mezua da karlisten arteko liskar bat izan zela, baina agerian geratu da estatuak finantzaturiko ekimen bat izan zela», gaineratu du.
Inpunitateaz ere mintzatuko da hitzaldian. Izan ere, salatu du erasotzaileek ez zutela zigorrik jaso. Adibidez, Jimenez hil zuen pertsona —Garcia—, bost egun ibili zen aske atxilotu arte: «Gabardinadun gizona eta Pepe Arturo Vazquez de Prado atxilotu zituzten, baina 1977ko urtarril aldera libre geratu ziren inongo epaiketarik gabe. Horien atzean zeuden beste asko ere inpunitate osoz gelditu ziren libre; esate baterako, Sixto Henrike Borboikoa eta Manuel Fraga».
egitaraua
- Apirilak 30. Montejurra 1976: inpunitatearen memoria grafikoa. Josu Chueca historialariaren hitzaldia. 19:00etan, kultur etxean.
- Maiatzak 7. Mahai ingurua, 1976ko maiatzaren 9an Montejurran egon ziren zenbait herritarrekin. 19:00etan, kultur etxean.
- Maiatzak 9. Biktimen eta haien senideen omenezko ekitaldia. 13:00etan, kultur etxean.