Aldaxkak, auzoa errotzeko

Landareen inguruko besta bat, auzoa sendotzeko. Horixe egin du Iruñeko Donibaneko Amaia Araizek Goxo Latte kafetegian: aldaxken trukea antolatu du, eta bizilagunak saretzeko aitzakia bilakatu.

Aldaxkak trukatzeko bestaren antolatzaileak eta parte hartzaileetako batzuk, Iruñeko Goxo Latten. NAFARROAKO HITZA
Aldaxkak trukatzeko bestaren antolatzaileak eta parte hartzaileetako batzuk, Iruñeko Goxo Latten. NAFARROAKO HITZA
edurne elizondo
Iruñea
2026ko urriaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aldaxkak katiluen artean. Amaia Araizek antolatutako Aldaxka Fest bestak landare mintegi moduko bat bilakatu du Iruñeko Donibane auzoko Goxo Latte kafetegia, urriaren 9an. Bizpahiru mahai elkartu, eta ontziz bete dituzte, batzuek eta bertzeek ekarritako aldaxkekin. Araizenak berarenak dira gehienak, eta esku hutsik agertu direnei ez kezkatzeko erran die: «Inor ez da etxera itzuliko aldaxka bat hartu gabe».

«Madrilera joan nintzen arte, ez nituen landareak maite», aitortu du Araizek. Sei urte eman zituen han. Duela urtebete Iruñera itzultzea erabaki zuen, eta Donibanen da berriz geroztik, bere «betiko» auzoan. Etxera itzuli denetik, Araizek kezka nagusi bat du: «Auzoa sendotzea. Gaur egun inoiz baino garrantzitsuagoa da gure arteko sareak ehuntzea eta komunitatea indartzea».

Landare bat, Iruñean aldaxkak trukatzeko bestan. NAFARROAKO HITZA
Landare bat, aldaxkak trukatzeko Iruñean antolatutako bestan. NAFARROAKO HITZA

Araizek gentrifikazioaren ondorioak ezagutu ditu Madrilen, eta ez du halakorik nahi Iruñean. «Negozio txikiek ematen diote bizia auzoari, eta negozio horiei eusteko ahalegina egin behar dugu; bertzela, jai dugu». Etxebizitza turistikoak «arriskutsutzat» jo ditu Araizek, eta kritiko agertu da gero eta karrika gehiagotako etxabeetan agertzen ari diren etxebizitzei buruz: «Negozio txikientzako tokietan etxebizitzak egiten ari dira; denda txikirik gabe, auzoak hilik daude», berretsi du.

Helburua, beteta

Araiz autoa bete landare itzuli zen Madrildik Iruñera. «Madrilgo pisukidea biologoa zen, eta landareak asko maite zituen. Hark erakutsi zidan landareak zaintzen, eta, Iruñera itzuli nintzenerako, ontzi pila nituen!». Iruñean, landareak zaintzen segitu du Araizek. «Aldaxka pila bat nituenez, zerbait egitea pentsatu nuen». Horrelaxe hasi zen mamitzen Aldaxka Fest jaialdia. Bidean, Jose Manuel Zuñigarekin topo egin zuen Araizek, eta lagun izan du besta antolatzeko lanetan. «Araizek kartela egin zuen besta iragartzeko, eta hagitz ideia polita iruditu zitzaidan», kontatu du Zuñigak.

Aldaxkak trukatzeko besta egin dute Iruñeko Donibanen. NAFARROAKO HITZA
Aldaxkak trukatzeko besta egin dute Iruñeko Donibanen. NAFARROAKO HITZA

Urriaren 9ko bestak sekulako arrakasta izan zuen, eta auzokide anitzek parte hartu zuten. Goxo Latte kafetegira agertu, eta aldaxkei begiratu bitartean hartu zuten kafesnea. Parte hartzaileek landareak zaintzeko «gomendioak» eman eta «sekretuak» azaldu zizkioten elkarri. Araizek garbi du inportanteena «landareari entzutea» dela: «Hark erranen digu noiz behar duen ura, eta noiz tokiz aldatu». Zuñigak erantsi du landareak «esker onekoak» direla, eta gutxieneko zaintza nahikoa dela aurrera egin dezaten. «Salbuespenak salbuespen, noski!», zehaztu du.

Araizek nabarmendu du bestak bete duela helburua, eta lortu duela jendeak bat egitea, elkar ezagutzea, eta hitz egitea. «Landarea aitzakia bat izanen da hurrengoan karrikan topo egiten dutenean hitz egiteko», erran du.

Aldaxka Fest Goxo Latten egin dute, eta han gelditu da bestarako prestatutako ontziren bat. Kafetegi hori «egongela bat» izan da Iruñeko Donibaneko auzokideentzat azken hiru urteotan, 2024ko urtarrilean ireki zutenetik; Ana eta Maria Irisarri ahizpak aritu dira han lanean, baina joan den ostiralean itxi zuten atea. «Donibane auzoaren parte izan nahi genuen, eta auzoari zerbait eman ,auzoak ere guri ematen digun neurrian. Topagune bat sortu nahi genuen, eta gure proiektua esparru kultural eta sozial batera zabaldu. Auzoa sendotzeko toki bat nahi genuen, eta uste dugu lortu dugula», erran zuten lehendabiziko urteurrenean. «Penaz» erabaki behar izan dute negozioaren atea ixtea. Gutun bat idatzi diete eguneroko bezeroei. «Familia dira», berretsi dute ahizpek. Auzokideak zain daude ateak berriz noiz irekiko. «Kolektiboaren indarra inoiz baino beharrezkoagoa da», bukatu du Amaia Araizek.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA