Basoak nahi zuen gunea

Martxan da Sakanako eta Mendialdeko Baso Baliabideen Zentro berria. Basozainen bulegoa izateaz gain, ingurumenari buruzko formakuntzak antolatzeko gunea izatea nahi dute.

 Isabel Olaortua Garijo Basozainen Zerbitzuko atalburua, alde banatan bi basozain dituela; Iker Etxebarria da eskuinekoa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Isabel Olaortua Garijo Basozainen Zerbitzuko atalburua, alde banatan bi basozain dituela; Iker Etxebarria da eskuinekoa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Olaia L. Garaialde.
Irurtzun
2026ko irailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Batzuetan emeki-emeki doaz gauzak, eta horren adibidea da Sakanako eta Mendialdeko Baso Baliabideen Zentroa (BBZ). Irurtzunen dago. Aurrez, basozainek lau urtetik gora emanak zituzten lantoki berri baten alde borrokan, eta, azkenean, uztailaren 29an jarri dute martxan gunea. Eraikinak berri usaina dauka oraindik. Bi funtzio nagusi ditu: basozainen lantokia izatea eta ingurumenari lotutako formakuntzak egiteko lekua izatea. Funtsean, basozainen kanpo eta barne formakuntzak eta eskualdeko herritarrek antolatutako jarduerak egiteko erabiliko dute. Iker Etxebarria basozainak nabarmendu du «%100ean hobetu» direla lan baldintzak: «Dena onurak dira».

Lehen ere Irurtzunen zegoen zentroa, lurraldearen erdian dagoenez leku «estrategikoa» baita. Alabaina, Nafarroako Gobernuak zituen pisu batzuetan izan dira orain arte. Etxebarriak eta Isabel Olaortua Garijo Basozainen Zerbitzuko atalburuak azaldu dutenez, zentroa ez zen lan egiteko egokia, eta «oso iluna» zen. «Orain, autoak gertu eta eskura ditugu. Lehen, beste partzela batean zeuden, eta, adibidez, euria egiten zuenean, gelditu arte itxarotea edo korrika ibiltzea beste aukerarik ez genuen, ez bustitzeko. Orain dena ordenatuta dago, material guztia dugu eskura, eta gauza berriak erosi dituzte», esan du Etxebarriak.

Bi basozain, elkarren ondoan lanean. J. M. / FOKU
Bi basozain, elkarren ondoan lanean. J. M. / FOKU

Eraikinak 556,27 metro koadro ditu, eta solairu bakarra. Formakuntza gela, bulego lanak egiteko ordenagailu gela, bulego txiki bat, komunak, aldagelak, biltegia, sukaldea eta beste baliabide batzuk dituzte. Etxebarriak dio «oso txikia» zela lehengoa, eta «sobran» dutela lekua orain. Lan egiteko eremua ere «oso erosoa» da. Etxebizitza batean zeudenez, geletan sakabanatuta zeuden. Orain, bulegoko lana egiten dutenean, denak elkarrekin eta gune berean daude: «Ibairen borroka bat izan zen ez egotea bakartuak. Elkarrekin lan egin ahal izatea, besteak zertan ari diren entzutea eta elkarri laguntzea izan da onura handienetako bat». 2025ean zendutako Ibai Etxabarri Oroz basozain eta Sakana-Mendialdeko lurralde barrutiaren koordinatzaileaz mintzo da Etxebarria. Zentroaren inaugurazioan omendu zuten.

«Elkarrekin lan egin ahal izatea, besteak zertan ari diren entzutea eta elkarri laguntzea izan da onura handienetako bat»

IKER ETXEBARRIA Basozaina

Tokiko egurrarekin eraiki dute zentroa; hori zuten baldintzetako bat, ingurumenean ahalik eta eragin gutxien sortzeko. Ez du Passivhaus (etxe pasiboa) sistemaren ziurtagiririk, baina hurbil dago. Esaterako, eguzki plakak dituzte, baita egur galdara bat ere, eta ez hori bakarrik: argiak sentsoreen bidez pizten dira, aerotermia sistema dute ezarria, eta isolatzaile termino irazgaitza ere bai.

Azpiegitura gehiago eraberritzen

Basozainen 2024-2027 Plan Gidariaren parte da BBZ. Next Generation EU funtsek finantzatuta, Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak 1,4 milioi euro inbertitu ditu zentroa sortzeko. Hamalau basozain daude zentroan, baina guztira 138 langile dira Nafarroan. Profesional horiek hamar lurralde mugartetan, ibaietan espezializatutako zeharkako mugarte batean (Milutze) eta zona garaietan esku hartzeko talde espezializatu batean (GIAN) lan egiten dute. Departamentuaren asmoa azpiegitura gehiago berritzea da.

Sakanako eta Mendialdeko baso baliabideak kudeatzeko zentro berria. J. M. / FOKU
Sakanako eta Mendialdeko baso baliabideak kudeatzeko zentro berria. J. M. / FOKU

Milutzeren kasuan, bulego zentralak eraberritzeko asmoa dute. Izizen kokatuko den Erronkariko eta Zaraitzuko barrutiko bulego berriaren proiektua ere prozesuan dago. «Irurtzungoaren eredu antzekoa izanen du. Poliki-poliki, oso obra interesgarriak egiten ari dira. Legealdi honetan esfortzu handia jarri da», esan du Olaortuak. Dena dela, protokoloak, formakuntzak, azpiegiturak eta beste hainbat arlo hobetuz doazen arren, uste du «lan handia» dagoela egiteko: «Ziurrenik, basozainek gauza askoren falta sumatuko dute oraindik ere. Erronka da hobetzen jarraitzea, eta ez joatea atzera».

«Ziurrenik, basozainek gauza askoren falta sumatuko dute oraindik ere. Erronka da hobetzen jarraitzea, eta ez joatea atzera»

ISABEL OLAORTUA GARIJO Basozainen Zerbitzuko atalburua

Suteen inguruko formakuntza ere indartzen ari dira. Izan ere, basozainek egiten dituzten askotariko jardueren artetik nagusietako bat da suteen prebentzioei buruzkoa. Nabarmen laguntzen dute horretan, eta, hain zuzen, bai Olaortuak, bai Etxebarriak, kezka adierazi dute suteen eta klima krisiaren inguruan. «Sekula ikusi ez ditugun gauzak ikusten ari gara: zuhaitzak lehor eta gorrituak uztailean eta abuztuan, eta errekak ere lehor; eta, suteak ez direnean, uholdeak», kontatu du Etxebarriak. Basozainak suebakiez arduratzen dira, besteak beste, eta Olaortuak dio «oso kezkatuta» egon direla preseski horrekin: «Ekainetik ez du tanta bat ere bota, eta arrisku handia egon da suteekin. Egunero uste genuen sute bat edukiko genuela. Oso gogorra izan da».

Hamazazpi postu berri sortzeko eskatu dute basozainek

Martxotik ari dira protestak egiten Nafarroako basozainak, lan baldintzak hobetzeko eskatzeko. Azken elkarretaratzeetako bat uztailaren 29an egin zuten, Irurtzunen, Sakanako eta Mendialdeko Baso Baliabideen Zentro berriaren inaugurazioan preseski. Isabel Artieda basozaina eta LAB sindikatuko bozeramailea da, eta, gaur egun Sakanako eta Mendialdeko eremuan lan egiten ez duen arren, urte luzez aritu da han. Kontent da azkenean zentroa lortu dutelako, baina nabarmendu du aldarrikapenek bere horretan jarraitzen dutela. Afapna, CCOO, ELA eta UGT sindikatuekin batera ari da LAB borrokan, eta, zehazki, lau dira sindikatuok mahai gainean jarritako eskaerak: hamazazpi postu berri sortzea, soldatak handitzea, kontziliaziorako neurriak ezartzea eta basozainen lana aitortzea.


Basozainen 2024-2027 Plan Gidaria ontzeko egindako ikerketaren arabera, hamazazpi basozain postu sortu beharko lituzkete, beranduenez, aurten. Artiedaren arabera, ordea, Nafarroako Gobernuak ez du aurrerapausorik eman. «Ikusten ari ginen afera ez zela mugitzen, eta gobernuak ez zuela lanposturik sortzen. Horregatik, gure lehen eskea da gobernuak sortu behar dituen postuak sor ditzala», azaldu du.


Soldatari dagokionez, 2005ean D mailatik C mailara igo zen basozainen lanpostua, baina igoera horrek ez zuen soldatan eraginik izan. Sindikatuen arabera, ordainsariak «oso apal» daude: «Gazteek diote gaur egun dugun soldatarekin ezin dela bizi eta pisu bat erosi». Gainera, lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak dauzkatela ere salatu dute maiz: basozainen ordutegia zerbitzuaren beharren araberakoa da, eta horrek kontziliazioa zailtzen du, diotenez. «Nahiko zaila da kontziliatzea. Orduak bete behar dira, baina malgutasuna eskatzen digute sartzeko zein ateratzeko, eta gazte askok haur txikiak dituzte», nabarmendu du Artiedak.


Basozainek askotariko zereginak dituzte, hala nola fauna eta flora zaintzea, ibaiak eta baso ingurunea babestea, ehiza eta arrantza kontrolatzea, mendiko lanen inguruko informazioa ematea, zuhaitzak markatzea eta suteen prebentzioan laguntzea. Lan horren guztiaren aitortza ere bada sindikatuen aldarrikapenetako bat. Haien ustez, «ezinbestekoa» da basozainek ingurune naturala babesteko egiten duten lana, eta, horregatik, lanpostuen eta lan baldintzen hobekuntzarekin batera, beren jarduerari dagokion aitortza egiteko ere eskatu dute.

 

Basozainen protesta bat Iruñean, artxiboko irudi batean. LAB SINDIKATUA
Basozainen protesta bat Iruñean, artxiboko irudi batean. LAB SINDIKATUA

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA