Bazkide bila hasi dira Baztanen, Gure Moneta proiektua garatzeko

Tokiko dirua erabiltzen hasteko proiektu pilotu bat egiten ari dira, euskoa eredu hartuta. Euskara, ingurumena, justizia soziala eta tokiko ekonomia sustatu nahi dituzte. Helburua da udazkenerako moneta erabiltzen hasteko prest izatea.

Gure Moneta egitasmoko kideek Elizondon aurkeztu dute Baztanen garatzen ari diren tokiko dirua erabiltzeko proiektu pilotua. NAFARROAKO HITZA
Gure Moneta egitasmoko kideek Elizondon aurkeztu dute Baztanen garatzen ari diren tokiko dirua erabiltzeko proiektu pilotua. NAFARROAKO HITZA
edurne elizondo
Elizondo
2026ko martxoaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udaletxeko arkupeetan prestatu dute hamaiketakoa, euriaren beldur; aurkezpenak, baina, eguraldia lagun izan du azkenean, eta eguzkipean egin dute Elizondon Gure Moneta proiektuaren berri emateko agerraldia: tokiko dirua  erabiltzen hasteko proiektu pilotua garatzen ari dira, eta asmoa da udazkenerako prest izatea. Bazkideak behar dituzte horretarako, eta lortzeko kanpaina hasi dute.

Baztango Udaleko ordezkariek, herritarrek eta haraneko hainbat eragilek bat egin dute Elizondoko aurkezpenean. Duela bi urte hasi ziren Gure Moneta proiektua garatzeko lanean, eta bazkideak lortzeko kanpaina hastearekin batera, pauso bat eman dute aitzinera. Sumatzen da «ilusioz» direla, eta herritarren artean piztu nahi dute tokiko dirua dantzan jartzeko egitasmora batzeko gogoa. «Behar dugu jende gehiagok gurekin bat egitea», azpimarratu du egitasmoko boluntario Iñigo Gorrotxategik.

Baztango pentsiodunak, Zaporeak elkartea, Bertan Baztan, Xorroxin irratia, Elizondoko lanbide heziketako eskola, Cederna Garalur erakundea eta Baztango Udala dira proiektua sustatu duten eragile nagusiak, eta 2024tik ari dira lanean. Bertan Baztango Mikel Sobrinok nabarmendu du Ipar Euskal Herriko euskoa izan dutela eredu orain arteko bidean, eta eskertu du euskoaren bultzatzaileek emandako laguntza. Zaporeak elkarteko Ana Iriartek erantsi du Baztango tokiko dirua «tresna interesgarri bat» izan daitekeela «herria sendotzen jarraitzeko», eta pentsiodunen elkarteko Julen Mitxeltorenak berretsi du tokiko monetaren asmoa dela «aukera berdintasuna» bermatzea.

Gure Moneta proiektuaren irudia osatu zuten Elizondoko aurkezpeneko parte hartzaileek. NAFARROAKO HITZA
Gure Moneta proiektuaren irudia osatu zuten Elizondoko aurkezpeneko parte hartzaileek. NAFARROAKO HITZA

Baztango tokiko diruak izanen dituen balioak garatzen aritu dira sustatzaileak azken hilabeteotan, hain zuzen, eta zehaztu dute euskararen eta euskal kulturaren eta justizia sozialaren alde egitea izanen duela helburu, eta ingurumenaren zaintza eta tokiko ekonomia bultzatzea ere bai.

Herritarren interesa

Baztango Udalak parte hartu du orain arteko bidean eta tokiko dirua martxan jartzen dutenean ere «erabiltzaile» izanen dela erran du Lorea Lizarreta zinegotziak. Baztango Udalak akordioa egin zuen Nafarroako Gobernuarekin 2024. urtean, eta laguntza horri esker, udalak ikerketa egin zuen herritarren artean Gure Monetaren gisako proiektu batek zer-nolako harrera izan zezakeen aztertzeko. «Hamarretik zazpik erran zuten bazutela interesa mugaz gaindiko harremanak estutzeko; eta herritarren %75 prest ziren tokiko moneta bat erabiltzeko, martxan jarriz gero», azaldu du Lizarretak, Elizondon egindako agerraldian. Erantsi du aurten ere eginen dutela akordioa gobernuarekin, proiektua garatzen segitzeko.

Baztango proiektu pilotuarekin batera, Gure Monetak gisako bertze bat jarri du martxan Oiartzualdean (Gipuzkoa). Aurrera begira, helburua da bi proiektu horiek bat egin ahal izatea, eta tokiko dirua Hego Euskal Herri osora zabaltzea. Hori lortuta, hurrengo urratsa izanen litzateke euskoarekin bat egitea, eta tokiko dirua izatea Euskal Herri osoan. Izan ere, euskoa sortu zutenean, asmoa zen Hego Euskal Herrira zabaltzea, baina oraindik ezin izan dituzte Europako legeek ezarritako mugak gainditu, Dante Edme euskoaren sortzaileak Elizondon zehaztu duenez.

Edme euskoaren inguruko esperientziaz mintzatu da Baztango herritarrekin; agerraldia amaitu ondoko hamaiketakoa aprobetxatu dute anitzek tokiko diruaren inguruan dituzten zalantzak argitzeko. Gure Moneta proiektuko Luis Intxauspe Arozamena ere harat eta honat ibili da, batzuekin eta bertzeekin hitz egiten. Intxauspek azaldu du herriz herri ibiliko direla datozen hilabeteotan, baztandarrei proiektuaren nondik norakoak azaltzen, eta Baztanen eginen diren kultur ekitaldiak baliatuko dituztela Gure Monetaren berri emateko mahaiak jartzeko. Bazkideak nahi dituzte, udazkenerako Baztango tokiko dirua prest izateko.

250

Zenbat bazkide behar dituzten. Gure Moneta proiektuko bultzatzaileek 250 bazkide behar dituzte Baztanen, tokiko dirua erabiltzen hasteko egitasmoa martxan jartzeko.

6.000

Euskoak zenbat erabiltzaile dituen. Ipar Euskal Herriko moneta da euskoa, eta egun 4.600 norbanakok, 1.400 profesionalek eta 38 udalek erabiltzen dute. Duela hamabost urte hasi ziren euskoa sortzeko lanean; hamar boluntario ziren orduan; egun, berriz, hamalau langile.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA