Faltzesen bezala, «aurrerapauso historikoa» eman dute Oibarren ere. Aurrenekoz, ikasle batzuk euskarazko murgiltze ereduan ari dira Gabriel Valentin Casamayor ikastetxe publikoan eskolak hartzen; zortzi ikasle, Haur Hezkuntzako lehenbiziko eta bigarren mailan. Badator D eredua! Ongi etorri, euskara! lelopean, lorpena ospatzeko festa bat eginen dute, bihar, herriko igerilekuetan eta frontoian. Uxue Martinez Zabaleta (Oibar, 1989) gurasoaren iritziz, «derrigor» ospatu behar dute «behingoz» beren hizkuntza eskubideak errespetatu izana.
Erlazionatuta
Zer zapore hartu diozue ikasturte hasiera honi?
Oso ilusionatuta hasi gara, eta urduri ere bai, aldaketa handia delako, baina, paradoxikoki, baita lasai ere, prozesu honetan guztian eta oraindik ere bidelagun izan ditugun pertsona eta talde guztiei esker.
Nor izan duzue ondoan?
Oibarko Udala bera hasiera-hasieratik izan da gure alde, eta, besteak beste, baita Hizkuntza Eskubideen Behatokia eta baita Sortzen elkartea ere. Oro har, babes handi-handia izan dugu, eta eskerrak, iruditzen baitzait haiei esker lortu dugula garai latzenetan ere amorerik ez ematea.
Eta ez dugu ahazten, adibidez, Mendigorriko familiek eman ziguten bultzada. 2023an, lauzpabost familiak prozesu hau abiarazi genuenean, haiekin jarri ginen harremanetan, eta joan ginen Mendigorrira, eta azaldu ziguten zein bide ibili beharko genuen aurrerantzean. Haiek dagoeneko bazekiten hori zer zen; izatez, gurea baino are ibilbide luzeagoa dute egina, eta harri askok egin diete traba.
2025eko urtarrilean jaso zenuten lehenbiziko poz kolpea, Hezkuntza Departamentuak orduan onartu baitzuen Oibarren D eredua ezartzeko eskaera. Ordea, azkenerako ezin izan zen lerroa irail horretan bertan martxan jarri, «matrikula faltagatik».
Hezkuntza Departamentua ez da bustitzen lerroa zabaltzeko gutxieneko matrikula kopurua zein den zehazteko garaian. Orduko hartan, eskola mapan moldaketak egin zituzten, onartu zuten D ereduaren ezarpena, notizia ziztuan zabaldu zen, eta ematen zuen dena genuela alde, baina, azkenean, deus ez. Aurrematrikula egin egin genuen, baina dagoeneko matrikula egitekoak ginenean jakin genuen Hezkuntza Departamentuak baztertu egin zuela aukera, eskari nahikorik ez zegoela argudiatuta. Oso gazi-gozoa izan zen, eta zenbait familia estualdi batera eraman gintuen horrek: jakin gabe sikiera ea hurrengo ikasturtean —alegia, oraingo honetan— zer gertatuko zen, erabaki behar genuen zeren aldeko apustua egin: Oibarren segitu, A eredua izanagatik, edo Zangozara joan, ikastolara. Orain arte, ziurgabetasuna atzetik segika izan dugu bide osoan.
«Oibarko eskolak gero eta matrikula gutxiago ditu urtetik urtera, eta sinetsita gaude D ereduaren ezarpenak arazo horri aurre egiten ere lagundu dezakeela»
Zuentzat, baina, negoziaezina zen Oibarren bertan gelditu ahal izatea.
Izugarri inportantea baita. Izatez, Oibarko eskolak gero eta matrikula gutxiago ditu urtetik urtera, eta sinetsita gaude D ereduaren ezarpenak arazo horri aurre egiten ere lagundu dezakeela.
Sarri salatu duzue Nafarroako Gobernuak jarri dizkizuela traba gehien. Zer argudio ematen zizueten?
D ereduko haur eskola bat zabaltzeko eskariarekin hasi zen guztia; hor jaso genuen lehenbiziko ezetza. Ez omen zegoen toki nahikorik euskarazko lerroa gehitzeko, baina gero Oibarko Udalak gobernuari esan zion eskainiko zuela toki bat, eta, halere, Hezkuntza Departamentuak ezetz. Inkongruentziak ziren; aitzakiak.
Galdu zenuten esperantza inoiz?
Batzuetan oso ezkor izan ginen, eta animikoki oso baxu. Halakoetan, ezinbestean, zalantza sortzen zaizu ea honekin segitzea merezi ote duen, edo izanen ote den fruiturik, eta, hala balitz, noiz.
Aipatu duzunez, eskolan eman da aurrerapausoa orain, baina D ereduko haur eskola bat irekitzeko eskearekin abiatu zenuten prozesua berez. Auzi hori zertan da orain?
Haur eskola berri bat inauguratu da herrian, eta, beraz, toki faltaren arazorik ez dago dagoeneko. Dena zegoen ikasturte honetan bertan euskarazko lerroa abiarazteko prest, baina aurrematrikulan ez genuen lortu behar bezainbeste izen emate biltzea. Ez da posible izan, baina datorren ikasturtean berriz saiatuko gara. Honetan, arazorik larriena hau dugu: Hezkuntza Departamentuak ez dituela irizpideak ezartzen tokian tokiko testuingurua aintzat hartuz.
Eskolari dagokionez, zer berme duzue aurrera begira?
Lerroa egonkortzea espero dugu. Gu behintzat sinetsita gaude gero eta familia gehiagok eginen dutela D ereduaren alde. Beste gauza bat da zer gertatuko den haurrak Bigarren Hezkuntzara pasatzeko adinera ailegatzean. Borrokatzea tokatuko zaigu berriz ere, eskualdean oraindik ez baitago hori sare publikoan D ereduan aritzeko modurik.
Bestalde, oraindik ere borrokan segitu beharko dugu garraioan hobekuntzak izateko. Badakigu eskualdeko beste zenbait familiak ere nahi luketela Oibarren D ereduan izan, baina nekez egin dezakete hori eroso, gobernuak garraiobidea eskaini ezean.
«Geure belaunaldikoak Haur Hezkuntzan hastekoak ginenean lortu zuten gure gurasoek Oibarren A eredua ezartzea, duela 30 bat urte. Urrats inportantea izan zen hori ere; kontua da gehiago behar genuela»
D ereduari ongietorria egiteko festa bat antolatu duzue biharko. Zein da asmoa?
Ospatu egin nahi genuen. Lorpen historikoa da, herriarentzat eta eskualdearentzat, azkenean aitortu egin dizkigutelako gure eskubide linguistikoak. Gainera, lehendik ere lan handia egin da herrian euskara presente izan dadin, batez ere alor kulturalean. Aurrekoan zera etorri zitzaidan burura: geure belaunaldikoak Haur Hezkuntzan hastekoak ginenean lortu zuten gure gurasoek Oibarren A eredua ezartzea, duela 30 bat urte, eta urrats inportantea izan zen hori ere. Kontua da gehiago behar genuela.
Zer jaso duzue biharko egitarauan?
11:00etatik 13:00etara haurrentzako jokoak izanen ditugu, Dindaiak antolatuta. Gero, besteak beste, Duo Ilya taldeak girotutako bermuta, argazki kolektiboa, eta bazkaria frontoian. Eta, arratsaldean, Trikidantz taldeak jarriko gaitu dantzan.