«Ez gaituzte mugituko etxetik. Kontratua bukatzean, bertan bizitzen jarraituko dugu. Ez gaituzte botako». Haritz Escuderok erran zituen hitz horiek, larunbatean, LABek Iruñean etxebizitza eskubidearen alde egindako manifestazioan. Testa Residencial funtsak herrialdean dituen eraikinetako bateko maizterra da Escudero, eta, hark bezala, bertze batzuek ere garbi erran dute ez dituztela etxetik botako. «Batzuei amaitua zaie kontratua, baina ez dute alde egin», berretsi du Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kide Ainhoa Mendiluzek. Bere garaian Nafarroako Gobernuak bultzatutako babes ofizialeko Iruñeko eta Berriobeitiko 507 etxebizitza Testaren eskuetan dira orain, eta alokairu kontratuak ez berritzeko asmoa agertu du, maizterrak kanporatzeko, etxeak saltzeko eta negozioa egiteko. Kolokan dira bostehun familia baino gehiago, ondorioz, funts baten negozioa gailendu baita herritarren etxebizitza bat eskuratzeko eskubidearen gainetik.
LABekin eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera, Haritu ere ari da Testaren maizterrekin lanean; elkartzea eta antolatzea dute helburu, denen artean Testaren aurrean indar handiagoa egin ahal izateko. Izan ere, Testa Blackstone inbertsio funts handiaren esku dago; maizterrek, beraz, ez dute nolanahiko aurkaria aurrean. Argi du hori Juan Felipe Moralesek, Artika Berriko bizilagunak: «Babesgabe gaude halako funtsen aurrean».
Moralesek 2029ra arteko kontratua du indarrean Testarekin. «Jada erran didate ez didatela berrituko». 2022an sartu zen egungo bere etxebizitzara, bertze lagun batekin. «Etxea hutsik zegoen; nik erosi behar izan nituen altzari gehienak. Lagunak etxea utzi du, baina Testak ez dit aukera eman kontratua aldatzeko eta bertze norbait hartzeko. Beraz, ni ari naiz alokairu osoa ordaintzen», kontatu du.

Mugitu behar izateak kezkatzen du, bai baitaki zaila dela soldaten neurriko alokairu bat aurkitzea. Moralesen kezka nagusia, halere, bere amonaren egoera da, hura ere Testaren esku dagoen eraikin bateko bizilaguna baita, Iruñeko Marcelo Zelaieta etorbidean. «Hogei urte baino gehiago eman ditu han. Babes ofizialeko etxebizitza bat zen alokatu zuenean, erosteko aukera ematen zuena. Orain, babesik ez dauka, eta etxea Testaren esku da».
Espekulazioa debekatu
Mendiluzek azaldu du Nafarroako Gobernuak akordio bat egin zuela 2020an Testarekin, funts horrek Marcelo Zelaietako alokairuak luza zitzan. Ondorioz, 2029an amaituko dira. Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak oroitu du etxebizitza horiek eta egun Testaren esku diren bertze anitz diru publikoarekin egin zituztela. «Enpresek diru laguntza publikoak eskuratu dituzte etxebizitza horien bidez». Erantsi du arazoa ez direla bakarrik Testaren gisako funtsak: «Bankuak ere hor daude. Arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlanaz ari direnean, horretaz ari dira: diru publikoa esku pribatuetan gelditzen da».
Hori da arazo nagusietako bat, eta errealitate horri buelta emateko «adabakiak baino zerbait gehiago» behar dela nabarmendu du Mendiluzek; hau da, sistema kapitalistaren egiturari berari egin behar zaiola so, eta etxebizitza eskubideari lehentasuna eman, edozein negozioren gainetik. «Guk azaroaren 11ko grebarekin bat egin dugu, eta egun horretan exijituko dugu espekulazioa debekatzeko, eta espekulatzaileen esku diren etxeak desjabetzeko», azpimarratu du Mendiluzek.
LABek ere desjabetzearen alde egin du, sindikatuko arduradunek asteon egindako agerraldi batean nabarmendu dutenez: «Etxebizitza publikoaren parkera igaro beharko lirateke etxe horiek, nafarrek ordaindutakoak baitira. Etorkizun laburrean publikoak izan beharko lukete», erran du LABeko Ekintza Sindikaleko kide Jaime Iribarrenek, Testaren eta bertze funtsen esku diren etxebizitzei buruz.

Moralesek ere oroitu du orain Testaren esku diren etxebizitzak bere garaian babes ofizialekoak izan zirela, eta, ondorioz, administrazioak esku hartu beharko lukeela azpimarratu, Testaren gisako funtsen negozioei muga bat ezartzeko. «Babes ofizialeko etxebizitzek ez lukete inoiz izaera hori galdu behar», erantsi du. Nafarroako Gobernuari eskatu dio urrats bat egin dezala Testak kaleratu nahi dituen bizilagunen alde.
Erriberan ere
Nafarroako Gobernuko Etxebizitza kontseilari Begoña Alfarok, hain zuzen, azken asteotan mintzagai izan du funtsen esku diren eraikinetako herritarren auzia: «Gogor eginen dugu lan familiei behar duten segurtasuna eman ahal izateko», erran du. Aitortu du «gogaitu» egiten duela Testaren gisako funtsei diru publikoarekin ordaindutako etxebizitzak berriz erosteak, baina hori dela Nafarroako Gobernuak sortutako arazoa konpontzeko aztertzen ari den bidea. «Testaren maizterrentzat konponbide bat da, eta poztuko gara, baina bide horrek berriz ere elikatzen ditu enpresa pribatuak diru publikoarekin», zehaztu du Mendiluzek.
«Harritu nau jaso dudan elkartasunak; ez nuen espero, eta beharrezkoa da funtsen presioari aurre egiteko»
JUAN FELIPE MORALES Testa funtsaren maizterra
Iruñerrikoak ez dira Testaren gisako funtsen kontra ari diren herritar bakarrak. Haritu etxebizitza sindikatuak Fiteron eta Cintruenigon gertatzen ari dena salatu du, bertzeak bertze: han ere, bere garaian babes ofizialekoak ziren hirurogei etxebizitza pasatxotako bizilagunak etxe horien jabe diren funtsen kontra borrokan ari dira. «Mobilizazioen bidez, Cintruenigoko 47 familiak lortu dute beren kontratuak luzatzea, baina Fiteron bertze hemeretzi daude etxegabetuak izateko arriskuan», zehaztu dute Harituko kideek.
Juan Felipe Moralesek argi du antolatzea eta karrikara ateratzea «garrantzitsua» dela Testaren gisako funtsei aurre egiteko. «Hipoteka dutenek ere garbi izan dezatela ez direla salbu». Eskertu du etxebizitzaren esparruan lanean ari diren elkarteen laguntza. «Harritu nau jaso dudan elkartasunak; ez nuen espero, eta beharrezkoa da funtsen presioari aurre egiteko: telefonoz deitzen dute, etxera etortzen dira, denetarik egiten dute beren negozioaren alde. Herritarrok bat egin behar dugu hain babesgabe ez egoteko».
Maristas II proiektua: 108 familia, «babesgabe»
«Erabat babesgabe utzi gaituzte». Horixe nabarmendu dute Iciar Antoñanzasek eta Patricia Eiroak, Iruñeko Zabalguneko Maristas II proiektuko kooperatibako kideek. Babes ofizialeko etxebizitza bat adjudikatua dieten 108 familietako bi dira Antoñanzasena eta Eiroarena. Berriki hastekoak ziren obrak, baina Obenasa enpresak lanak egiteko sinatutako kontratua eten du bere kabuz. Ondorioz, proiektua geldirik da, eta ziurgabetasunak hartu ditu kooperatibako kideak. 2023an adjudikatu zituzten egitasmoko lehen etxebizitzak, baina orain airean da proiektua. «Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza behar dugu; konponbide bat eman diezagutela nahi dugu».
Antoñanzasek eta Eiroak atzean utzi zuten, aspaldi, babes ofizialeko etxebizitza bat lortu izanak eragindako poza. Nafarroako Gobernuak sustatu zuen Maristas II proiektua, 108 etxebizitza babestu eraikitzeko, Nasuvinsa enpresa publikoaren bidez. Iruñeko Zabalguneko eraikin bat zaharberritzea zen asmoa: barrutik hustu, eta etxebizitzak egin. Gobernuak baldintza bat ezarri zien etxebizitza bat adjudikatua zieten familiei: kooperatiba bat osatu behar zutela, eta kooperatiba horren bidez garatu eraikina zaharberritzeko prozesu osoa. «Ez genuen bertze aukerarik. Ardura handia da, eta hamaika oztopo gainditu behar izan ditugu hasieratik», salatu dute.
Obra eginen duen bertze enpresa bat aurkitzea dute orain lehentasuna. Proiektuaren aurrekontuak gora eginen duela beldur dira, eta laguntza eskatu diete erakunde publikoei, egoerari aurre egiteko: «Babes ofizialeko etxebizitzak dira, eta horrek aurrekontua mugatzen du. Laguntza behar dugu prezioak gora egin ez dezan».