Nafarroako Liburutegiaren kokapenari aldarria egin nahiko nioke honokoan. Opor garaia atzean utzi eta kurtso berriari ekiteko tenorea heldu zaigularik, hasi bainaiz berriz aditzen urruti, urrutiegi dagoela.
Noski, nondik begiratzen zaion. Otutzen zait hala dioten batzuk garuna eta bestelako organo eta giharrak astintzeari uzteko sasoia igarotzeko Iruñerritik aise aldendu izango zirela. Baita ordu andana batzuk emango zituztela ere aukeratutako helmugara iristeko eta ordu kopuru bera atzera bueltan etxeratzeko.
Otutzen zait, halaber, badaudela gurean zenbait merkataritza gune zabal, gauzen salerosketaz gain, puntako kiroletan aritzeko eta bestelako zerbitzuak eskaintzen dituzten guneekin, eta maiztasunez bertaratu ohi dela jendea. Nago Ipar hemisferioaren mendebaldeko azal zuridunek kapitalismoaren atzaparretatik ihes egiteko ahaleginean aspaldi etsi genuela eta horrek ere zerikusirik baduela.
Ez naiz zehaztasunetan eta ñabarduratan sartuko, baino fisikak dio distantziak denborarekin duela erlazioa, baita abiadurarekin ere, alegia, mugimenduaren bizkortasunarekin, izan norberarena, izan begi bistan jartzen zaigun beste edozerena. Ez dugu Einstein eta enparauen formuletara jo beharrik baieztatzeko denboraren pertzepzioa ez dela beti berdina, faktore asko tarteko azkarragoa edo motelagoa pasatzen zaigula. Berdin distantziarekin, sarritan aldenduta edo aldamenean egotearena ez da matematikarekin ebatzi daitekeen auzia.
Nago Ipar hemisferioaren mendebaldeko azal zuridunek kapitalismoaren atzaparretatik ihes egiteko ahaleginean aspaldi etsi genuela
Nafarroako Liburutegia, ezin esan hiriaren erdi-erdian, baina Iruñean dago kokaturik; ezin esan, halaber, Iruñearen hedadura parekagarria denik, esate baterako, New Yorkekoarekin. Ezta hurrik eman ere. Fisikaren formulak aplikatuko bagenitu, kasurik okerrenean, bizkortasun maila apalenarekin abiatuta bertara iristeko denbora tartea ez litzateke horrenbeste handituko. Arestian aipatutako merkataritza guneak liburutegia baino urrutiago daude eta irisgarritasun makurragoa daukate; aldiz, galdetzen jarrita inor gutxik erantzungo du tokitan daudela edota denbora larregi hartzen diela bertara iristeak.
Ez dut esango Nafarroako Liburutegia tenplu sakratu bat denik, baina bai, badiot, bertan gordetzen dela belaunaldiz belaunaldi gizarteak bildutako ezagutza, kultura, herritar guztiona den ondarea eta herritar guztiok partekatzen duguna, norbanakoaren generoa, jatorria, erlijioa edo pentsaera dena delakoa izanda ere. Nafar herritar ororen lanaren etekinei esker, nafar herritarron diruarekin, eraiki zuten eta mantentzen ahal da. Gainera, neurologian, psikologian eta bestelako alor kognitibo-konduktualetan aditu diren ikerlarien lanen emaitzek diotenez, liburuak irakurtzeak eta ikasten jarduteak garuneko zirkuituak aktibatu eta zahartzaro osasuntsuago bat bermatzen ei dute. Betiere ariketa fisikoarekin eta elikadura orekatuarekin lagunduta.
Hortaz, bota nagiak, ireki begiak eta utzi alde batera aurreiritzi eta aitzakiak. Liburutegira joan eta irakurrita ez dugu mundua konponduko; akaso gizateriak beste kolore bateko betaurrekoak janztea, so egitea, behatze ariketa horixe egitea da distantziei daukaten neurria hartu ahal izateko beharko litzatekeena.