Unai Hualdek (Geroa Bai) Nafarroako Parlamentuko lehen solairuan du bulegoa. 2019tik da parlamentuko lehendakaria. Cerdan auziaz, parlamentuko giroaz eta bertzez mintzatu da.
2019. urtetik zara Nafarroako Parlamentuko lehendakaria. Hartua diozu neurria karguari?
Baietz uste dut. Bi legealdiak askotarikoak izaten ari dira, eta talde guztien artean eztabaida handia behar izan da etxea kudeatzeko.
Nolakoa da giroa?
Giroa aldatu egiten da kazetariak edo bisitariak daudenean. Uste dut Mahaian, oro har, harremana ona dela, eta auziek eztabaidaren bidez ohiko bidetik egiten dutela aurrera.
Eztabaidetan, parlamentariek egiten al dute elkarri entzuteko ahalegina?
Uste dut elkarri ez entzuteko joerak okerrera egin duela. Nork bere mezua du, mezu hori bota egiten du, eta ez da benetako eztabaidarako aukerarik.
Zer egin daiteke eztabaidari bidea emateko?
Fokuetatik kanpo ere bilera asko egiten ditugu. Udan, besteak beste, parlamentuak ez du ixten, eta bada taldeen arteko lana. Taldeen artean etengabe izaten dira bilerak, akordioak lortzeko. Bada negoziatzeko aukera.
«Urtero onartu ditugu aurrekontuak, eta horri balioa eman nahi diogu, egonkortasunerako garrantzitsua baita»
Parlamentuko jardunbide onaren kodea onartu duzue. Bazen beharra?
Oraingo legealdian Voxek populismoaren estrategia ekarri nahi izan du parlamentura. Gorroto diskurtsoek eta irainek gora egin dute, eta hori eten nahi izan dugu. Parlamentarion jarduera erregulatzeko kode bat da; azken finean, irainak bazter uzteko. Orekari eutsi behar diogula uste dut. Kontua da Voxi behar baino protagonismo handiagoa ez ematea, eta, aldi berean, marra gorri batzuk zehaztea.
Nola eragin dio eskuin muturraren sarrerak parlamentuari?
Irainak eta gorroto mezuak ekarri ditu, eta hori larria da. Gainera, Voxen jarduerak UPN eta PP kutsatu ditu, eta alderdion diskurtsoetan ere sumatu da gora egin dutela irainek eta gorroto mezuek.
Anitzetan erran izan duzu Nafarroako Parlamentua dela nafar guztien etxea; uste duzu herritarrek hurbil sentitzen dutela erakunde hau?
Gu saiatzen gara distantzia hori hutsean uzten, Nafarroan bizi diren guztiek senti dezaten hau badela beren etxea. Elkarteekin, adibidez, uste dut harreman estua dugula. Lan saioak egiten ditugu eta harremana oso hurbilekoa da gizarte antolatu horren eta parlamentuko taldeen artean. Egoera bestelakoa da norbanakoekin; uste dut sumatzen dela badela distantzia bat, baina saiatzen gara gauzak antolatzen, parlamentuaren jardueraz harago; hitzaldiak, erakusketak eta beste antolatzen ditugu, besteak beste.
Bigarren legealdiaren erdira ailegatuta, zein da zure balantzea?
Eztabaida handiko urteak izan direla uste dut. Eta lortu ditugula, ildo aurrerakoi batekin, akordio oso interesgarriak. Ezberdinen arteko akordioak izan dira, askotarikoak, eta horrek gizarte osoari egiten dio mesede. Egonkortasun bat lortu dugu sei urteotan, eta hori guretzat oso garrantzitsua da. Nafarroako Gobernuak bere lana egin ahal izan du, eta parlamentuan ere, lege dexente onartu ditugu bi legealdiotan.
Industriaren legea, osasun legea... hainbat gai dituzue esku artean.
Osasun legearen bidez, Nafarroako osasunaren oinarriak ezarri nahi ditugu XXI. menderako. Egungo legea 1990ekoa da, eta zaharkitua gelditu da. Osasun legea osatzeko prozesuan parte hartzea oso handia izaten ari da. Datozen hilabeteotan parlamentura ailegatuko da. Industriaren legea ere oraingo ikasturteko lege oso garrantzitsua izanen da, eta lagunduko digu trantsizio ekologikoa eta digitala egiten. Europa hori eskatzen ari da. Beste lege garrantzitsu batzuk ere badatoz, besteak beste, xehekako merkataritzari buruzkoa, eta herrien husteari eta landa garapenari buruzkoa. Hori ere erronka nagusi bat da guretzat.
Industriaren arloan, hamaika izan dira parlamentuaren aurrean protesta egin duten langileak; besteak beste, BSHkoak. Enpresak Eskirozko egoitza itxi du azkenean. Gogorra izan da?
Mingarria izan da hainbeste familiaren etorkizuna kolokan ikustea. BSH dago, bai eta Sunsundegui ere. Parlamentura etorri dira hainbat aldiz, eta lan saioetan ere parte hartu dute. Nafarroako Gobernuarekin ere elkarrizketa izan da nagusi. Kontua da multinazionalekin topo egiten dugunean gure tresnak mugatuak direla. Ahalegin bat egin behar dugu beste ekonomia bat sustatzeko.
Autogobernuaren ponentzia ere ari da bere lana egiten. Zer moduz?
Garrantzitsua da. Uste dugu oraingo ikasturtean akordio batzuk lortuko ditugula Nafarroako Gobernuak Foru Hobekuntzaren erreforma bidera dezan.
Aurrekontuen legea onartuko duzue aurten ere. Lanak eginda?
Abenduaren 18an bozkatuko ditugu [atzo]. Berri on bat da urtea aurrekontuak onartuta amaitzea. Nafarroako Gobernuaren funtzionamendurako ezinbestekoa da aurrekontuak onartzea. Uxue Barkos lehendakari izendatu zutenetik urtero onartu ditugu aurrekontuak eta horri balioa eman nahi diogu, egonkortasunerako urrats oso garrantzitsua baita. Norabidea ongi finkatua dugu.
Oraingo legealdia ez bukatzeko arriskuak kezkatzen zaitu?
Egia da azken hilabeteak nahiko nahasiak izan direla, eta ziurgabetasunak hartu gaituela, neurri handi batean. Hori ez da ona, eta horregatik saiatzen gara egonkortasunaren bidetik eramanen gaituzten neurriak hartzen. Aurrekontuak izanen ditugu, eta zergen erreforma ere bai. Baina egia da egunero gaudela azken berrien zain.
Ikerketa batzordea abian duzue parlamentuan, Guardia Zibilaren UCO Unitate Zentral Operatiboak landutako txostenek Nafarroan jarri baitute fokua. Zerbaitetarako balioko du?
Hilabeteak daramatza lanean. Belateko obren inguruan izan dira orain arteko saioak. Nafarroako Gobernuak egindako esleipenetan irregulartasunak izan ote diren ikertzen ari gara, eta oraingoz ez da frogatu ustelkeria egon zenik. Baina ikusi da zer hobetu badela prozeduretan. Uste dut taldeak lan zorrotza eta sakona egiten ari direla.
Ustelkeriak urruntzen ditu herritarrak parlamentutik?
Politika defendatu behar dugu, eta nabarmendu politika jarduera zintzo bat dela berez. Uste dut politikaren esparruan ari garen gehienok herritarren alde lan egiteko asmoz ari garela. Kontua da batzuk estrategiagatik ari direla ustelkeriaren susmoa astintzen, eta horrek denok ukitzen gaitu.
«Kontua da batzuk estrategiagatik ari direla ustelkeriaren susmoa astintzen, eta horrek denok ukitzen gaitu»
Zaila da horri aurre egitea?
Bai. Eskuinetik eta eskuin muturretik ari dira beste guztiak zikindu nahian; gezurrekin ari dira. Eta horren aurrean, eraginkorrena da ikertzea eta gardentasuna erakustea.
Nola izan zenuen Cerdan auziaren berri?
Tsunami handi bat izan zen. Osoko bilkura genuen UCOren lehen txostena atera zenean. Azalpenak eskatu genizkien sozialistei, eta bilerak egin genituen.
Azalpenak ontzat jo zenituzten?
Gauza bat da alderdiaren finantzaketa; hor ikusiko dugu auziak zer bide egiten duen. Beste gauza bat da Nafarroako Gobernuaren kudeaketa, eta hor frogatu da dena garbi egin dela. Kontua da oposizioko alderdien estrategia dela parlamentuan behin eta berriz jartzea gaia erdigunean.
Politikaren jokoaren parte da?
Gobernuko eragileak beste leku batean ginenean ere gertatzen zen. Nire asmo bakarra da auzi honek ez dezala hartu parlamentuaren jarduera osoa.