Historialaria, ikerlaria eta irakaslea

Irati Zurbano: «Feminismoak ahalduntzearen sinbolo bilakatu zituen sorginak»

Unibertsitate garaitik ari da Irati Zurbano historialaria sorginen inguruan ikertzen, eta NUPek antolaturiko ikastaro batean azaldu du sorginak artean nola irudikatu dituzten.

Irati Zurbano, Iruñean, abuztuaren 28an. IDOIA ZABALETA / FOKU
Irati Zurbano, Iruñean, abuztuaren 28an. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iruñea
2026ko irailaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Doktore tesi bat egiten ari da Irati Zurbano (Elia, 1997), eta agenda estu samar dauka, baina atera du elkarrizketarako tartea. Tesian, XVI. eta XVII. mendeetako gazteen eta gazteriaren inguruan ikertzen ari da, baina beste hainbat gai ere ikertu ditu azken urteetan eguesibartarrak. Historialaria, ikertzailea eta irakaslea da, eta sorginena da aspalditik jakin-mina pizten dioten arloetako bat. Hain zuzen, iragan astean NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolaturiko udako ikastaroetako batean sorginen gaia landu dute, eta ikastaro horretan parte hartu du Zurbanok. Azaldu du Aro Modernotik gaur egun arte nola eraiki den sorginaren irudia artearen bitartez. 

Zer dela eta hasi zinen sorginen inguruan ikertzen?

Beti izan dut gaiaren inguruko interesa. Hala ere, NUPen Historia eta Ondarea gradua ikasten ari nintzenean hasi nintzen ikertzen. Gradu amaierako lana sorginen inguruan egin nuen, eta Zugarramurdiko Sorginen Museoan egin nituen praktikak.

Behin baino gehiagotan hitz egin duzu sorginen inguruan, baina NUPeko ikastaroan egin duzun hitzaldian artean jarri duzu arreta. Zergatik?

Gaur egun artearen historia ikasten ari naiz, eta mundua ulertzeko dudan modua nahiko grafikoa izan da betidanik. Irudiak oso garrantzitsuak dira niretzat; ibilbide historiko bat dute irudi guztiek, eta haien bitartez mezuak bidaltzen ditugu. Gainera, hitzaldi hau beste proiektu baten barruan dago. Izan ere, NUPek, Europako beste zenbait unibertsitaterekin batera, Witches: From Marginalization to Reconciliation and Cohesion (Sorginak: marjinaziotik adiskidetzara eta kohesiora) izeneko proiektuan parte hartzen du. Sorginen inguruko ideiak nola aldatu diren ikertzen ari gara. Egitasmo horretan, zenbait ikerlarik literaturaren edo zinemaren arloak aztertzen dituzte, eta niri artea egokitu zait.

XV. mende amaieratik XVIII. mende amaierara arte izan zen Aro Modernoa. Nola irudikatzen zituzten aro hartan sorginak artean?

Aro Modernoan jarri dugu arreta, garai hartan gertatu baitzen sorgin ehiza handia deitzen den aroa. Bereziki XVI. eta XVII. mendeetan izan zen. Garai hartakoak dira sorginen ikonografiaren sortzailetzat jotzen diren artistak; esaterako, Pieter Brueghel zaharra eta Albrecht Duerer. Haiek marraztu zituzten sorginek zenbait elementu komun dituzte: gehienak emakume zaharrak dira, askotan biluzik daude, bularrak eroriak dituzte, eta ilea aske eta luze daramate. Ileari dagokionez, garai hartako emakumeek ilea estalita zeramaten, eta aske eta luze izatea gaizki ikusia zegoen. Sorgin ehizaren ostean, aldaketa handiagoak izan ziren artean.

«Sorginaren ideiak moralaren aurka egitearekin eta gizartearen arazoekin lotzen ziren gaitz gehienak biltzen zituen»

Zer sinbolizatzen zuten sorginek sorgin ehiza handiaren garaian?

Sorginaren ideiak moralaren aurka egitearekin eta gizartearen arazoekin lotzen ziren gaitz gehienak biltzen zituen. Hala ere, egia da sorgin ehizan sorginen inguruan sorturiko irudia gaur egun ere aurkitzen dugula.

Sorgin ehizan, biktima gehienak emakumeak izan ziren.

Bai. %90 inguru emakumeak ziren. Haien artean hainbat errealitate aurki ditzakegun arren, bakarrik zeuden emakumeak ziren askotan. Garai hartan histeria kolektibo bat izan zen, eta edonor izan zitekeen sorgina, baina emakume behartsuak eta gizonik ez zutenak izan ziren kaltetuenetakoak.

XVIII. eta XIX. mendeetan, aldaketa izan zen sorginen irudikapen artistikoan.

Hori da. Zenbait artistak sorgin ehizen biktimen irudiak islatu zituzten, eta errealitate historiko hori irudikatu zuten. Gainera, emakume zaharrak egin beharrean gaztetxoak egin zituzten, eta, zenbaitetan, biluzik. Esaterako, Luis Ricardo Falero artistak sorginak gazte eta biluzik marraztu zituen. Iraganean biluztasuna gaizki ikusia zegoen moduan, aldi hartan sorgina desira objektu bihurtu zuten. Sorginaren irudia sexualizatu zuten, begirada maskulino batetik. 

«Uste dut garrantzitsua dela edozein irudi ikusten dugunean pentsatzea hori nondik datorren eta zergatik den horrelakoa»

Eta zer gertatu zen XX. mendean?

XX. mendea, arteari lotuta, abangoardien mendea izan zen. Dena den, bi estetika izan ziren aldi berean. Alde batetik, Disneyk erabilitako estetika dago, non sorgina antagonista eta emakume zahar moduan irudikatu zuten. Bestetik, artista surrealistak daude. Haiek sorginaren irudia berreskuratu zuten, eta oso bestelakoak diren sorginak irudikatu zituzten. Hori egin zuten bi artista dira Remedios Varo eta Leonora Carrington. Gainera, XX. mendean zenbait mugimendu feministak sorginaren irudia erabili zuten aldarrikapen feministak egiteko. Oso garrantzitsua izan zen AEBetan sortu zen W.I.T.C.H mugimendua. Feminismoak ahalduntzearen sinbolo bilakatu zituen sorginak, eta haien historia berreskuratu zuen.

XXI. mendean ere bi estetika horiek daude?

Bai. Sorginak erresistentziaren eta ahalduntzearen sinbolo bilakatu dira. Dena den, oraindik ere, ipuinetan, filmetan edo telesailetan erakusten dute sorgina modu negatiboan, eta antagonista moduan. 

Zure ustez, sorginak nola irudikatu beharko lirateke?

Uste dut edonola irudikatu daitezkeela. Nik oso gustuko dut fantasia, eta uste dut horren beharra dugula. Edozein garaitan sortutako fantasia garai horretako beharrei lotuta dago. Ez da kasualitatea gizartean gertaera oso bortitzak eta zailak izan direnean askotan fantasia izatea gure ihesbidea. Ez dago sorginak irudikatzeko modu konkretu bat, baina uste dut garrantzitsua dela edozein irudi ikusten dugunean pentsatzea hori nondik datorren eta zergatik den horrelakoa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA