Gazako emakumeek Salam Gazaren zapi solidarioa erostera deitu dute

Elkarteak Gazan filmatutako bideo bat zabaldu du, emakume nafarren elkartasuna pizteko asmoz. Ola Arafat presidenteak nabarmendu du zapia erosita gazatarrentzako ura eta janaria lortzen lagundu daitekeela. 1,6 milioi litro ur banatu dituzte azarotik.

Salam Gaza elkarteko kideen agerraldia, Iruñeko Geltokin, Martxoaren 8rako zapi solidarioa aurkezteko. IÑIGO URIZ / FOKU
Salam Gaza elkarteko kideen agerraldia, Iruñeko Geltokin, Martxoaren 8rako zapi solidarioa aurkezteko. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2026ko martxoaren 4a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gazako emakumeen mezua da, zuzenean Nafarroako emakumeentzat: Salam Gazak egindako zapi solidarioa eros dezatela eskatu diete, haren bidez lortutako dirua ur eta janari bilakatu ahal izateko». Nafarroako Salam Gaza elkarteko presidente Ola Arafatek erran ditu hitzok, hunkituta, Iruñeko Geltokin egindako agerraldian. Martxoaren 8rako egindako zapia da Salam Gazak salgai jarri duena; Sakanako bi artista aritu dira diseinatzen eta serigrafiatzen —Olatz Aldasoro eta Jule Costa—, eta gaur eta ostiralean Geltokin erosi ahal izanen da, larunbatean Salam Gazaren egoitzan, eta igandean Antoniuttitik abiatuko den Martxoaren 8ko manifestazioaren hasieran eta bukaeran. Salam Gazak bideo bat egin du Gazan, eta hango emakumeen eta neskatoen ahotsa jaso du, mundura zabaltzeko. Eguneroko borrokaz mintzatu dira, duintasunari eusteko konpromisoaz, eta behar duten elkartasunaz eta laguntzaz. «Gure elkartea zubi zuzen bat da Nafarroa eta Gazaren artean», berretsi du Arafatek.

Salam Gazak, hain zuzen, Gazan dauden gobernuz kanpoko bost erakunderekin egiten du lan, eta elkarlan horri esker, ura eta janaria banatzen du 3.500 lagunek osatutako kanpaleku batean. Azarotik 1,6 milioi litro ur banatu dituzte, kanpaleku horretan ez ezik, zerrendako bertze hainbat eremutan. «Munduak jada ez dio Gazari begiratzen, baina genozidioa ez da eten, eta gazatarrak biharamunean argia ikusteko borrokatzen dira», salatu du Arafatek.

Gazan hagitz gogorra da aurrera egiteko eguneroko lana. Salam Gazarentzat filmatu duten bideoan ageri den emakume boluntario baten kasua aipatu du Arafatek, larritasunaren adierazgarri: «Duela zazpi egun, semea hil zitzaion. Gaixo zegoen, botika batekin senda zitekeen, baina botikarik ez zuten lortu». Gazako emakumeek aurrera egiten erakusten diete beren seme-alabei. «Ezin dugu beren ahotsa galtzen utzi», gaineratu du Arafatek. Feminismoan oinarriturik, emakume nafarrak Gazakoekin bat egitera deitu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.