Berako kultur etxeko erakusketen aretoa atondu dute aurkezpena egiteko. Aulkiz bete dute gela, eta izkina batean hainbat termo jarri dituzte, jendeak kafea eta esnea har ditzan. Herriko gozotegi batetik eramandako opilak ere mahai gainean dira, eta, ondoan, pintxoak. Berako jubilotekan aritzen diren zaharrek eskertu dute gosaria, eta adi entzun dute, sabela beteta, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko kideen solasaldia. Ipar Euskal Herriko eta Italiako bertze hainbat profesionalekin batera garatu duten Ginkgo proiektuaren berri eman dute: adinekoen bakartzea prebenitzeko sortu duten tresna.
Europak diruz lagundutako egitasmo bat da Ginkgo, eta duela hiru urte jarri zuten abian. Euskal Herriko eta Italiako hainbat esperientzia aztertu dituzte, zaharren parte hartzea sustatzeko eta hautatu ez duten bakardadeari aurrea hartzeko. Nafarroan, zehazki, Bortzirietako jubiloteka proiektuaren berri jaso du proiektuak, eta Beran egindako saioan esperientzia hori oinarri hartuta egindako lanaren emaitzak aurkeztu dituzte.
«Bortzirietako jubiloteka proiektua hautatu dugu, hemen badelako zaharren inguruko sare zabal bat, eta tokiko gizarte eragileak erabat inplikatuta daudelako». Horixe nabarmendu du Ginkgo asmoaren koordinatzaile eta NUPeko ikerlari Lucia Martinezek, Berako saioan.

Bortzirietan, hain zuzen, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte langile Jokin Apezetxea aritu da zubi lana egiten, NUPeko irakasleen eta ikasleen eta jubilotekako erabiltzaileen artean. Apezetxeak zehaztu du 2012. urtean «bultzada» eman ziotela jubiloteka zerbitzuari, eta geroztik, «medikuaren aginduz» ere parte hartzen dutela herritarrek, jubiloteka botika bat balitz bezala. Zerbitzuak «on» egiten die adinekoei. Irisgarritasuna errazte aldera, gainera, Elkarrizan taldeko boluntarioek astean zortzi bidaia egiten dituzte, Beratik kanpo bizi direnak herri horretan dagoen jubilotekaren egoitzara eramateko. Boluntario horiek egiten duten ahalegina aitortu eta eskertu egin du Apezetxeak.
Formakuntza eta gida
NUPeko Alejandra Hermoso da Ginkgo proiektuan parte hartu duten bertze ikerlarietako bat. Zehaztu du hiru urteko lanaren bidez «hainbat baliabide» sortu dituztela zaharren bakartzea prebenitzeko: «Zortzi formakuntza modulu prestatu ditugu, eta gida praktiko bat. Gainera, zaharren testigantzak jaso ditugu, argazki eta bideo bidez». Formakuntza moduluak Gizarte Laneko ikasleak, profesionalak eta boluntarioak trebatzeko dira, eta NUPeko ikasleek eta zaharrekin aritzen diren bertze hainbat eragilek probatu dituzte, egokiak eta eraginkorrak direla ziurtatzeko. NUPeko ikasleak, gainera, jubilotekako erabiltzaileen esperientziak argazki eta bideo bilakatzeko lanean aritu dira. Ikasleon arduradun eta NUPeko irakasle Aida Romerok nabarmendu du «ariketa hagitz aberasgarria» izan dela unibertsitateko kide guztientzat. «Proiektuak unibertsitatearen eta komunitatearen arteko lotura sendotzeko aukera eman digu», azpimarratu du.
Hari anitzek osatu dute Ginkgo egitasmoaren mataza; partaideek helburu hartu dute zaharren bakartzea identifikatzeko estrategiak garatzea, gizartea auzi horren inguruan sentsibilizatzea, adinekoen parte hartzea sustatzeko dinamikak bultzatzea, eta, oro har, zahartzaro aktibo baten aldeko neurriak prestatzea.

Elkarrizan elkarteko boluntario sareak ere lan hori egin nahi du, hain zuzen: adinekoak herrietako dinamiketan inplikatu nahi dituzte, eta zaharrak bide horretan lagundu. Boluntario horietako bat da Belen Arribillaga, eta garbi erran du adinekoek «rol aktiboa» izan behar dutela, eta «anitz» dutela gizarteari emateko: «Ginkgo proiektuaren bidez, guk egiten dugunaren berri eman eta bertzeen esperientzien berri jaso ahal izan dugu, eta ikasi», zehaztu du.
Ainhoa Telletxea Iparragirre da Berako jubilotekako egungo arduraduna. Egoitzan hartzen dituen zaharrekin aritzen da albisteak irakurtzen, gimnastika egiten eta eskulanak prestatzen, bertzeak bertze. Javier Biurrarena da erabiltzaileetako bat, eta NUPeko ikasleek filmatutako bideoan parte hartu du. «Kontent etortzen naiz», erran du Biurrarenak lan horretan: «Profesionalak hagitz jatorrak dira, eta erabiltzaileon arteko giroa ona da. Errespetua diogu elkarri. Jubilotekak sasoiko egoten laguntzen dit», erantsi du.
«Etxean gaudenak gogortu egiten gara». Jokin Apezetxeak Biurrarenari entzundako esaldi hori oroitu du Beran egindako aurkezpenean, eta nabarmendu «gogortze horren kontrako tresna» dela jubiloteka. Ginkgo proiektuaren bidez, NUPeko eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko kideek Euskal Herriko eta Italiako bertze eragileen esku jarri dute egitasmo horren bidez ikasitakoa, Bortziriak bertzeen eredu izan daitezen.