Basabiotza proiektuko kidea

Laura Martinena: «Gizakiaren sintonia eroak naturari inposatu gabe egiten dugu lan»

Basabiotza proiektua gaztainadien desagertzeari aurre egiteko xedez sortu zen. Dena den, gaur egun lan egiteko filosofia bat bihurtu dela dio Laura Martinena kideak.

 Laura Martinena, Basabiotza proiektuko kidea. JAGOBA MANTEROLA/FOKU
Laura Martinena, Basabiotza proiektuko kidea. JAGOBA MANTEROLA/FOKU
Naiara Santano
Itsaso
2026ko urriaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lainoa beheraino iritsi da, eta ez dira ikusten Basabiotzako lantegiaren parean dauden mendiak. Gaztainondoak lainopean daude, uda lehorrean falta izan zaien hezetasuna hartzen. Hurritzak, aldiz, ikusgai daude; lantegiko soroan lerro zuzenetan landatutako ehunka hurritz. Zuhaitzetako fruituak biltzen dabil Xabier Azpiroz. Laura Martinenarekin (Iruñea, 1975) eta Garazi Mercerorekin batera, Basabiotza familiarteko proiektua sortu zuten duela hamar urte, Itsason. Gaztainadiak lehengoratzea dute xede nagusi, betiere, Martinenak adierazi duen moduan, «naturaren erritmoekin bat» lan eginez. Gaur egun, hurrak eta gaztainak saltzeaz gain, fruitu horiekin egindako pateak eta kremak ere saltzen dituzte. 

Elkarrizketa lotzeko orduan, uzta bilketa izan da tartean. Nola joan da?

Espero genuen baino hobeto. Beldur ginen, uda bero eta lehor honetan hainbat zuhaitz kiskali baitzaizkigu. Dena den, zuhaitzak nahiko errotuta daude, eta daukagun ur balsaren bitartez ureztatu ditugunez, nahiko ongi joan da bilketa.

Zer metodo erabiltzen duzue uzta biltzeko?

Tradiziozko laborantza erabiltzen dugu, eta, hortaz, prozesuan ahalik eta makina gutxien erabiltzen saiatzen gara. Fruituak biltzeko sarea lurrean jarri, zuhaitza eskuekin astindu, eta sarera erortzen den fruta biltzen dugu. Ohikoena, ordea, aterkia deitzen dioten makinarekin eta traktorearekin biltzea izaten da. Guk ez dugu ezta traktorerik ere.

Zergatik egiten duzue tradiziozko laborantzaren alde?

Uste dugulako pertsona eta lurraren arteko harreman hori osasuntsuagoa dela. Guk hiru asteetan buru-belarri lan eginez egiten duguna makineriarekin pare bat egunetan egin ahalko litzateke. Hala ere, ez dut uste makineriarekin bilketa errentagarriagoa aterako zenik. Azken finean, oso garestiak izan ohi dira, eta egindako gastua amortizatzen denerako beste bat erosi beharra dago; makinak berak ere hausten dira. 

Harreman osasuntsuagoa?

Bai. Badut ezagun bat gaztainadien uzta bilketa mekanizatu zuena, eta berak zioen lana azkarrago egiten zuten arren estresa areagotu zela. Zarata ikaragarria omen zuten, ez zituzten txoriak entzuten, eta lagunarteko giroa amaitu zen. Psikologikoki nekatuagoak amaitzen zuten, nahiz eta fisikoki lana arindu. Noizbait uzta bilketa mekanizatzen badugu, gutxienez jakingo dugu zer galtzen ari garen ere.

Zergatik aukeratu zenuten gaztainondoak landatzea? 

Aurreko belaunaldietan gaztainadiak sekulako garrantzia zuen, baina azken 50 urteetan erabat utzita daude. Horiek horrela, gaztainadi landu batean sortzen den ekosistema eta biodibertsitatea ere galtzen ari da. Egoera hartaz jabetuta, guk geuk gaztainondoak landatzea erabaki genuen. Gure arbasoek hurrengo belaunaldietan pentsatzen egiten zuten lan, eta, hein batean, haiei esker ari gara gu berreskuratzen gaztainadi zaharrak. Guk berdin pentsatzen dugu.

Orduan, lehengoratze lanetan ere ibili zarete?

Bai. Nafarroan egoerari buelta emateko mugimendu bat sortu da, eta, esaterako, txertaketen inguruko ikastaroak ematen hasi dira. Helburua gure zaharrak zekizkiten jakintzak berreskuratzea da. Osotara galduak daude, eta Extremaduratik (Espainia) etorri behar izan da jendea ikastaroak ematera. Laguntza honekin eta egoeraz jabetuta, gaztainadi zahar bat alokatu genuen, eta hura lehengoratzen ari gara.

Hurritzak ere badituzue.

Tokiko beste zuhaitz bat da, eta, fruitua lehenago ematen duenez, landatzea erabaki genuen.

Basabiotza proiektuaren atzean badago lan egiteko filosofia bat ere?

Argi dago orain arte erabilitako ekoizpen intentsiboak kalte handia egin diola lurrari eta gizakiari berari ere. Gainera, kalitate okerragoko produktuak ekoizten dira. Guk lurraren erritmoan egiten dugu lan, nahiz eta horrek lan gehiago egitea dakarren. Hor dago filosofiaren muina: naturaren sintonia berean joatea, gizakiaren sintonia eroak naturari inposatu gabe.

Produktu ekologikoak eta zero kilometrokoak eskaintzen dituzue. Zer esanahi dute zuretzat etiketa horiek?

Gure helburua ahalik eta zirkuitu laburrenetan saltzea da, horregatik saltzen dugu online, azoketan eta gertuko produktuen alde egiten duten denda txikietan. Kilometroak joan eta kilometroak etorri, bizi garen mundu eroan munduko beste puntatik datozen produktuak erostera ohitu gara, baina ez da normala. Gainera, erosketa instituzionaletan, diru publikoa tartean dagoenean, kilometroak ahalik eta gehien gutxitzea izan beharko litzateke helburua. Nire seme-alabak Jauntsaratsen ikasten zutenean, Logroñotik (Espainia) prestatuta etortzen zen janaria. Hori jasanezina da.

Nola ikusten duzu gaur egungo gizartearen elikadura? 

Kontsumo gizarte batean bizi gara, eta ez zaigu axola bi mila euro ordaintzea iPhone berriagatik. Kalitatezko janaria erosteko orduan, ordea, ez dugu gehiago ordaindu nahi. Hala ere, bai ikusten dut aldaketa bat gertatzen ari dela jende gaztearen artean, edo gutxienez hori ikusten dut azoketan.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA