El Hadji gune autogestionatua «auzo boterea» sortzeko eta auzoko aferei erantzun kolektibo bat emateko leku bat izateko jaio zen Iruñeko Arrotxapean; 2024ko maiatzaren 1ean zabaldu zituzten ateak, eta ordutik, jarduera asko egiten dituzte auzoan. Esate baterako, herri jantokia, euskara eta gaztelania eskolak, bizikletak konpontzeko eta josten ikasteko tailerrak eta herri palestra. Lekua «txiki» geratu zaie jardunari jarraitzeko, eta zortzi urtez hutsik egon den lokal bat okupatu dute Muskerra herri gimnasioa sortzeko. Abenduaren 13an okupatu zuten eraikina. Oraingoz, eskalada eta boxeoa izanen dira diziplina nagusiak, eta martxoaren 27an eta 28an irekiko dute. «Kirola egiteaz gain, uste dugu gune honek gizartearekiko helburu eraldatzailea izan behar duela», esan du Muskerra herri gimnasioko kide Maite Irastortzak.
Batzar bidez eta auzolanean funtzionatzen dute, eta zenbait ardatz nagusi dituzte. Besteak beste, «kirolaren merkantilizazioaren» kontra borrokatu, eta kirola modu «autogestionatuan» eta «kolektiboan» landu nahi dute. Horrez gain, euren artean lehiatu ordez, elkar ezagutzea, komunitatea sortzea eta babes sareak ehuntzea dute helburu. Horrekin batera, leku «erosoak» eta «seguruak» sortu nahi dituzte emakume, pertsona arrazializatu eta pertsona sexu-genero disidenteentzat.
Hortaz, langile klasearentzako eremu antirrazista eta feminista bat izatea nahi dute. Alabaina, horretarako, oraindik «lan handia» eta eztabaida edo hausnarketa «sakonak» egin beharko dituztela uste du Irastortzak: «Barne gogoetak egiten ari gara eduki politikoa lantzeko eta hausnartzeko. Adibidez, gure pribilegioei begiratu, eta behin eta berriz berrikusiko beharko ditugu gure jarrera arrazistak eta kapazitistak».
«Kirola egiteaz gain, uste dugu gune honek gizartearekiko helburu eraldatzailea izan behar duela»
MAITE IRASTORTZA Muskerra gimnasioko kidea
Eskaladako proiektua berria da. Izan ere, El Hadji guneak, orain arte, kirolari lotuta, soilik herri palestra zuen. Hori dela eta, gimnasioa ireki arte, El Hadjin entrenatzen jarraituko dute. Aitor Ollokiegi Muskerra gimnasioko kideak azaldu duenez, proiektua «hobeto» funtzionatzeko eta zabaltzeko, «leku propioa» behar zuen herri palestrak. Gainera, jarduera asko egiten dituztenez, ordutegiekin arazoak dituzte. El Hadji gunea alokairu bidez ordaintzen dute, nolabait proiektuaren egonkortasuna «gehiago» bermatzeko, baina hasieratik argi zuten beste toki batzuk okupatu nahi zituztela auzoan: «Hedabideek behin eta berriz zikintzen dute okupazioaren esanahia. Sinetsarazi nahi digute ogia erostera joan eta etxea okupatzen dizutela. Badakigu ez dela horrela, eta uste dugu okupazioa tresna moduan baliatzea zilegi eta beharrezkoa dela».
Auzolanean eraiki
Forma ematen ari dira proiektuari, eta oraindik zenbait auzolan saio egin behar dituzte, «lan handia» egin behar izan baitute etxabea txukuntzeko. Batez ere, gauzarik teknikoenak dituzte egiteke, hala nola elektrizitate eta iturgintza lanak. Gaur egun osoan arituko dira auzolanean, eta irekiera bitartean beste hainbat egunetan ere aritu beharko dutela aurreikusten dute. Azpimarratu dute laguntzeko prest dagoen oro ongi etorria dela.
Kiroldegia martxoaren 27an irekiko dute. Iruñerrian dauden herri palestretako jendea elkartu, eta entrenamendu ireki bat eginen dute. Martxoaren 28an, berriz, street boulder egingo dute; hau da, kalean dauden azpiegiturak baliatuko dituzte eskalatzeko. Gero, irekiera ofiziala eginen dute. Egun horretan auzoan eta inguruan beste jarduera batzuk daudenez, denak uztartzen saiatzen ari dira. Azkenik, bira bat egin nahi dute auzokideei proiektua azaltzeko eta haiekin harremana sortzeko.