Azken egunotan askok egin dugun bezala, La bola negra ikustera joan naiz, filmak jaso dituen kritika onen jakin-minarekin. Amaierako eszenen artean, gizon talde bat kamera aurrean jartzen da argazki bat ateratzeko, eta, istorioaren testuinguruan, une soil horrek irudi bat baino gehiago esan nahi du. Ez naiz luzatuko, oraindik ikusi ez duenik egon daitekeelako, baina eszena horrek pentsatzen utzi ninduen. Pertsonaiek isildu eta ezkutatu behar izan duten guztiaren erdian, gauza sinple bat gertatzen da: argazki bat egiten dute. Hutsala izan litekeen unea da, baina atzean asko gordetzen duena.
Argazki bat egiteak beti du adierazpenetik zerbait. Esaten ari gara: «Hau gogoratzea merezi du; hemen izan ginen, hauek ginen, hau gertatu zen». Horregatik egiten ditugu argazkiak une garrantzitsuetan.
Nire familiaren argazki zaharrak, zuri-beltzean daudenak, datozkit burura. Aitona-amonenak, gurasoak umetan agertzen direnak, osaba-izebenak. Kamerari begira agertzen dira, egun hain ohikoa ez den seriotasun batekin. Eta badira beste xehetasun batzuk ere; anai-arrebaren bat falta denean, beste senideren bat agertzen da haren lekuan, lehengusuren bat askotan, familiaren talde-argazkia apurtu ez zedin. Irudiak familia nola agertu behar zen erakusten du, denak batera eta bakoitzak bere lekua zuela.
Argazki batek unea jaso dezake, baina testuingurua enkoadraketatik kanpo geratzen da. Hala, esanahia ere aldatu egin daiteke denborarekin. Argazkia egin genuenean une bat besterik ez zena urte batzuk geroago beste begi batzuekin ikus dezakegu. Pertsona baten bizitzaz gehiago jakin dezakegu, familia batean gertatutako zerbait ezagutu, edo ordura arte oharkabean pasatu zitzaigun keinu bati beste esanahi bat eman. Irudiak ez dira aldatzen, baina haiei begiratzeko modua bai.
Azken batean, argazki bat egiterakoan guk erabakitzen dugu zer erakutsi eta zer gorde. Une jakin bat aukeratzen dugu, pertsona jakin batzuk, irribarre bat, janzteko modu bat, eta horrela geure buruaren edo gure bizitzaren irudi bat uzten dugu. Erakusten denak bezainbeste esan dezake, beraz, erakusten ez denak.
Agian hori da argazki baten baliorik handiena: ez du dena gordetzen, baina ez du dena desagertzen uzten
Eta horregatik iruditzen zait hain esanguratsua La bola negra filmaren amaierako argazki hura. Esan zitekeenaren eta esan ezin zenaren, erakuts zitekeenaren eta ezkutatu behar zenaren artean markatutako bizitzen ondoren, irudi bat geratzen da. Argazkiak ez du protagonisten istorioa kontatzen, ezta bizi izan zuten guztia erakusten ere. Baina zerbait uzten du jasota: han izan ziren, elkarrekin izan ziren. Eta zer bizi izan zuten jakin ahala, beste begi batzuekin begiratzen diogu irudi berari.
Agian hori da argazki baten baliorik handiena: ez du dena gordetzen, baina ez du dena desagertzen uzten. Une bat, pertsona batzuk, begirada bat, bizitza baten aztarna bat, ahaztearen aurkako erresistentzia txiki bat.