Andion Arteaga eta Mikel Arlegi arkeologoak ordenagailu baten aurrean elkartu dira, arratsaldean —urriaren 30ean— Arraitz-Orkinen emanen duten hitzaldiari azken ukituak emateko. Katarroak harrapatu du Arteaga, baina Arraitzen egon nahi du, hango Abaunzko kobazuloan aurkitu dutena aurkezten. Urriaren 19an egin zuten aurkezpen ofiziala, Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibiterekin batera, baina orain herritarren aurrean azaldu nahi dute zer-nolako garrantzia duen Abauntzen topatu dutenak: duela 46.000 urte inguruko gizon neandertal heldu baten eskuineko eskuko hainbat hezur. Ez dira nolanahiko hezurrak, gainera, DNA eta kolagenoa baitute. Horri esker, neandertalen azken populazioen inguruko informazioa biltzea espero dute; Alemaniako Leipzig hiriko Max Planck institutuan dira hezurrok jada, behar diren analisiak egin ditzaten. Arkeologoak Ultzamako Udalaren diru laguntza bati esker aritu dira lanean, eta han esplikatu nahi dute lan horrek zer fruitu eman duen.
Arlegik eta Arteagak, eta haiekin batera Abauntzen aritu diren gainerako boluntarioek, Nafarroan aurkitu diren giza aztarnarik zaharrenak topatu dituzte Arraitz-Orkingo kobazuloan. «Ezustekoa» izan dela nabarmendu dute arkeologoek, ez baita erraza giza arrastoak aurkitzea. «Neandertalen bizimoduari buruzko aztarnen bila hasi ginen lanean, baina ez genuen espero giza hezurrak aurkitzea; indusketa hasi eta berehala topatu ditugu, gainera», azaldu du Arteagak.

Hezurrak aurkitzea izan da lehen ezustekoa, baina ez bakarra. Lurretik atera zituztenean, neandertal batenak ote ziren baieztatzea izan zen egin beharreko lehen urratsa. «Sentitzen genuen pozari eutsi behar izan genion, emaitza lortu arte». Hezurrak aztertu eta gero, pozak gora baino ez zuen egin: «Neandertal batenak ziren, eta, gainera, DNA eta kolagenoa bazuten. Halakoak gutxi dira Europan, eta Iberiar penintsulan Asturiasen aurkitutako batzuk eta gureak dira bakarrak», zehaztu du Arlegik.
Neandertalen babeslekuak
Kolagenoari esker, karbono-14 proba egin ahal izan diete hezurrei, eta duela 46.000 urte ingurukoak direla baieztatu. DNAk, berriz, «ikerketarako bide bat» zabaltzen duela nabarmendu dute arkeologoek, eta hari esker neandertalen azken populazioen inguruko informazioa jaso ahal izanen dutela. DNA arrastoak izatea inportantea da aztarnak alderatzeko, bertzeak bertze. Izan ere, adituek hasieran uste zuten neandertalena espezie homogeneoa zela, baina ikerketek erakutsi dute ez dela hala: «Leinu ezberdinak daude», azpimarratu du Arteagak.
Neandertalgo gizakiak duela 200.000 urte inguru agertu ziren, eta duela 40.000, berriz, desagertu. Abaunzko kobazuloko hezurrek 46.000 urte inguru dituzte. «Garai horretan, Homo sapiens espeziea Europan sartzen ari zen jada, eta, ondorioz, neandertalen azken leinuek Europako mendebaldean eta hego-mendebaldean bilatu zuten aterpe», kontatu du Arlegik. «Nafarroa Iberiar penintsulako babesleku horietara sartzeko bide izan zen neandertalentzat; ondorioz, gizakion arrastoak aurkitu izana hagitz interesgarria da neandertalak desagertu aurreko azken populazioak hobeki ezagutu ahal izateko», erantsi du Arteagak.

Abaunzko kobazuloa «klasiko bat» da arkeologia ikasten dutenentzat, eta oraingo aurkikuntzak are garrantzitsuago bilakatu du hango ondarea. Arlegik eta Arteagak Nafarroatik at egiten dute lan —lehenak Parisen eta bertzeak Polonian—, eta oporrak baliatu dituzte Arraitz-Orkinen lan egiteko. «Kobazuloan aritu garen guztiok aritu gara boluntario». Lanak eragindako gastuak Ultzamako Udalak eskatutako eta jasotako Nafarroako Gobernuaren diru laguntza bati esker ordaindu ahal izan dituzte. «Proiektua guk prestatu genuen, baina udalak jasotzen du diru laguntza, Nafarroan ez baitago arkeologiaren esparruko ikerketak finantzatzeko inolako aurrekonturik edo programarik», salatu dute Arteagak eta Arlegik.
Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibite eta Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilari Rebeca Esnaola Arraitz-Orkinen izan ziren, urriaren 19an, Abaunzko kobazuloko Neandertalgo gizakia aurkeztu zutenean, baina gobernuak, zuzenean, ez du inolako urratsik egin hezurrak lurretik atera dituen ikerketa lana sustatzeko.
50.000 urtez okupatua
Abaunzko neandertalari buruzko ikerketa hasi baino ez dute egin; Arteagak eta Arlegik kobazuloan lanean jarraitu nahi dute. Adituek badakite aurkitutako hezurrak haragijale txiki batek hozkatu zituela, eta inguruan aurkitu dituzte, bertzeak bertze, orein baten arrastoak. «Ebaki zutela erakusten dute hezurrek», zehaztu dute arkeologoek. Garbi dute gisa horretako aztarnek neandertalen populazioak ulertzen lagunduko dutela; garai hartako klimari buruzko informazioa ere jaso nahi dute, koban aurkitutako polenaren bidez.
Arteagak eta Arlegik azpimarratu dute Abaunzkoa «esker oneko» kobazulo bat dela, askotarikoak baitira han aurkitutako arrastoak. Ez da kasualitatea: «50.000 urtez okupatu zuten; neandertalen azken populazioak izan ziren lehenak, eta erromatarren garaiko herriak azkenak». Arkeologoek ez dute uste, halere, Abaunzkoa neandertalentzat oinarrizko kanpalekua izan zenik: «Ematen du denbora tarte laburrak eman zituztela Abauntzen. Denbora luzez egon izan balira, beren kulturarekin eta bizimoduarekin lotutako anitzez ere arrasto gehiago aurkitu izanen genituzke», esplikatu du Arteagak. Kobazulo luzea da, baina estua, eta, adituen ustez, han bizitzeko baino, ehizarako erabili zuten neandertalek.

Arkeologoek lanean segitu nahi dute Abauntzen. Jose Miguel Barandiaranek aurkitu zuen kobazuloa, 1930eko urteetan, eta 1960ko hamarkadaren bukaeran egin zituzten lehen indusketak. Orduan, eta gerora ere, Zaragozako Unibertsitateko (Espainia) Pilar Utrilla aritu zen Abaunzko kobazuloan lanean. Carlos Mazorekin batera egin zuen lan. Bertzeak bertze, mendebaldeko Europako maparik zaharrena aurkitu zuten. Indusketak 1990eko hamarkadaren erdian amaitu zituzten, ustez urtegi bat egin behar zutelako eremu hartan. Ez zuten egin, eta lanak bertan behera gelditu ziren, urte luzez.
Arlegik eta Arteagak zuzendutako taldeak Nafarroako giza arrastorik zaharrenak aurkitu eta gero, bertze etapa bat hasi da Abaunzko kobazuloan. Adituek garbi erran dute «ezagutza eta kultura ekoizten» ari direla, eta, lehenik eta behin, Ultzamako herritarrekin landu nahi dutela han aurkitu dutena. Jardunaldiak egiteko asmoa badute, bertzeak bertze. Datorren urtean kobazuloan berriz sartzeko irrikan dira. Nafarroako Gobernuari eskatu diote ikerketa arkeologikoaren alde egin dezala.