Nagore Eslava
IRITZIA

Isilean

2025eko azaroaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Agian uste duzu jakingo zenukeela. Zerbait larria gertatuko balitz zure seme-alaben gelan, edo zure iloba jolasten den patioan, seinaleren bat jasoko zenukeela. Baina hezkuntzako zaurgarritasun eta sendotasun emozionalari buruz Nafarroan egindako lehen ikerketak errealitate deseroso bat jartzen digu begi aurrean: ikastetxe publiko eta kontzertatuetako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen %54k bullying-a aurrez aurre jasan dutela adierazi dute. Horrek esan nahi du duela bi urteko datuekin alderatuta (%48,4) %11,6 egin duela gora. Ikasleriaren erdiak baino gehiagok sufritzen du eskola jazarpena; askotan, oharkabean.

Ikerketak dioenaren arabera, ez du bakarrik biktima kopuruak gora egin, ikasleen %46k aitortu dute bullying jokabideren bat egin dutela. Eta alde bietan sentimendu partekatu bat azaleratzen da: bakardadea. Sentimendu bera —isila, ikusezina— ageri da bai kolpea hartzen dutenengan, bai ematen dutenengan ere.

Imajinatzen dut haur zein nerabe askok ez dutela jakingo zergatik jokatzen duten horrela. Barruko nahasmena kanporaka doa eta mina egiten dute bultzada hori nondik datorkien ulertu gabe. Irribarre iraingarri edo bazterketa bakoitzaren atzean inork garaiz antzeman ez duen arrakala emozional bat egon daiteke. Isilean hazten den zauri bat, handitzen doana eta indarkeria gisa agertzen dena. Baina zer gertatzen ari zaio pertsona horri alboan duena apurtu beharra sentitzeko?

Bien bitartean, irakasleak ahalegintzen dira euren esku dagoen guztia egiten, baina antsietatea, neke emozionala eta, zenbait kasutan, muturreko agortzea daramatzate gainean. Askok kontrakoa dioten arren, nire ustez irakasle lanbidea estresagarrienetakoa da. Sarritan, gainera, egiten duten lan isila ez da ikusten; gatazkak baretu, ikasleen kezkak entzun edota giroa lasaitu. Horrelako keinu txikiek ikasgelako dinamikan oreka mantentzen laguntzen dute. Paradoxa, beraz, bistakoa da: ikasleen gidari emozional izatea eskatzen zaie eguneroko zamari nekez eusten dioten pertsonei.

Datuek zaurgarritasuna erakusten dute, aurrera egiteko bideak ere bai. Adimen emozionala lantzea da babes faktorerik sendoena

Honen guztiaren erdian agertzen da, behar bezala landuz gero, egoera hobetu dezakeen tresna: adimen emozionala. Ikerketak zehaztasunez dio gaitasun hori garatzen duten ikasleek bakardade gutxiago, jazarpenik jasotzeko edo egiteko aukera txikiagoa eta bizitzarekiko asebetetze handiagoa erakusten dutela. Baina gaitasun hori ez da berez sortzen. Irakatsi egin behar da, landu eta lagundu. Eta horrek, nahitaez, prestakuntza, denbora eta instituzioen babesa eskatzen ditu.

Panorama ez da erraza; gero eta bullying gehiago jasaten duten ikasleak, emozionalki galduta dabiltzan haur zein nerabeak eta nekea metatzen duten irakasleak. Datuek zaurgarritasuna erakusten dute, baina aurrera egiteko bideak ere bai. Adimen emozionala lantzea da babes faktorerik sendoena eta isilean geratzen diren bizipen horien guztien lehen zirrikituak argitzen hasteko bidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.