Hamar urte kalean

'Ahotsa.info' hedabide digitalak hamar urte bete ditu. Ez zen hutsetik sortu, epaileen aginduz itxitako 'Apurtu.org' eta 'Ateak Ireki' proiektuen oinordeko baita. Hamarkada bat egin du herri eragileei ahotsa ematen.

Ahotsak 10 urte egin ditu. Hainbat kide, Palestinaren aldeko manifestazioan.
'Ahotsa.info' hedabide digitaleko Unai Redin, Miguel Angel Llamas 'Pitu'. Julene Etxauri, Yasmine Khris eta Iñigo Orduna, Iruñean, hilaren 21eko Palestinaren aldeko manifestazioan. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2024ko apirilaren 26a
05:00
Entzun

«Ospatu behar ditugu garaipen txikiak». Yasmine Khrisenak dira hitzak. Ahotsa.info hedabide digitaleko kidea da. Khris 2019ko maiatzaren 11n ailegatu zen Iruñera, eta, biharamunean, Ahotsa-ko Miguel Angel Llamas Pitu-rekin karrikan zen, lanean. Marseillan (Frantzia) jaioa da Khris, eta handik jarri zen harremanetan Ahotsa.info hedabideko kideekin. «Haiekin ikasi nahi nuela erran nien; hainbat hedabidetara bidali nuen mezu bera, eta denek erantzuten zidaten ezetz. Pituren mezua jaso nuen arte: 'Ze guai', idatzi zidan, hamazazpi a-rekin!». «Martzillakoa zela uste nuen!», aipatu du Llamasek, barre artean. Gaur, Ahotsa.info-ren hamargarren urteurrena ospatuko dute biek, hedabideko gainerako kideekin eta lagunekin batera. Iruñeko Txantrea auzoko Akelarre tabernan eginen dute besta, 19:30ean.

Ahotsa-k hamar urteko bidea ospatuko du gaur. «Hamar urte kalean», nabarmendu dute Khrisek eta Llamasek. Ez da bide erraza izan, baina oztopoak gainditu, eta aurrera egitea lortu dute. Bide hori ez zuten hutsetik hasi, Apurtu.org eta Ateak Ireki proiektuen oinordeko baita Ahotsa.info. «Ahotsa ezin da ulertu aurretik sortutako proiektuak kontuan hartu gabe», berretsi du Llamasek.

Aurrekariak

Apurtu.org izan zen lehendabizikoa. 2007an jarri zuten abian, eta 2011n itxi zuten, epaileen aginduz. Ateak Ireki proiektuak lekukoa hartu zuen orduan, baina bide motza egin zuen: 2013ko azaroan itxi zuten. 2014an, itxiera horrek utzitako hutsunea betetzeko asmoz, Ahotsa.info sortu zuten; hedabide hori azken hamarkadan Nafarroan gertatu diren aldaketen lekuko izan da.

«'Ahotsa'-ko kideok osatzen dugun komunitatea oso inportantea izan da niretzat Iruñea eta Iruñerria ulertzeko; Iruñeari edo Nafarroari buruz dudan ikuspuntua oso bestelakoa litzateke 'Ahotsa'-n ez banintz; 'Ahotsa'-n ezagutu ditut kolektiboak, gatazkak, militantziak, euskara...; dena, 'Ahotsa'-ren ikuspegitik». 

YASMINE KHRIS 'Ahotsa.info' hedabideko kidea

Proiektua ere aldatuz joan da; garaian garaiko testuingurura egokitu da, eta zabaldu egin du bere lan esparrua. Apurtu.org euskal presoen egoerari eta errepresioari buruzko informazioa lantzeko sortu zuten, batez ere. «Ateak Ireki proiektuarekin bestelako gai batzuk jorratzeko beharra ikusi genuen, eta Ahotsa-rekin are gehiago zabaldu dugu gure lan esparrua», azaldu du Llamasek.

2011. urteko otsailean itxi zuten Apurtu.org atari digitala, Espainiako Auzitegi Nazionaleko orduko epaile Fernando Grande Marlaskak aginduta. Hilabete bat lehenago, urtarrilaren 18an, Llamas eta bertze hiru lagun atxilotu zituzten, webgunea kudeatzen zutelakoan. «Askatasuneko propaganda egiturako kide» izatea leporatu zieten. 2013ko abenduan, Apurtu.org webgunearen aurkako sumarioa artxibatu egin zuen Javier Gomez Bermudez epaileak, eta sumario horren barruan inputatutako lau lagunen karguak bertan behera utzi zituzten. Ordurako, urte eta erdi inguru espetxean egona zen Llamas, behin-behinean.

Ahotsako Miguel Angel Llamas 'Pitu', Iruñean, lanean, hilaren 21eko Palestinaren aldeko manifestazioan. IÑIGO URIZ / FOKU
'Ahotsa.info'-ko Miguel Angel Llamas Pitu, Iruñean, lanean, hilaren 21eko Palestinaren aldeko manifestazioan. IÑIGO URIZ / FOKU

Apurtu.org auzia artxibatu baino hilabete bat lehenago itxi zuten haren ondoren sortutako Ateak Ireki atari digitala. «Pozik gaude sumarioa itxi delako, baina oso haserre, ikusten dugulako komunikabide bat ixteko ez dela deus behar», salatu zuen Llamasek, orduan. Hasieratik garbi izan zuen, halere, Apurtu.org-rekin hasitako bidea ez zela kolpe harekin amaituko. «Ordurako garbi genuen hedabide digital bat oso beharrezkoa zela Nafarroan. Ateak Ireki itxi zutenean, ez zuten inor atxilotu, eta ez zituzten kamerak eta bestelako gailuak eraman. Errazagoa izan zen beste proiektu bat martxan jartzea. Ez genuen zalantzarik izan», kontatu du Llamasek.

Zalantzarik gabe

Orduko giroa oroitu du Ahotsa-ko kideak: «2008ko krisi ekonomikoaren ondorioak agerikoak ziren, oraindik ere. UPNren kontrako giro bat bazen, eta protestak baziren kalean. Jendeak ongi ulertu zuen gurearen gisako hedabide bat behar zela, eta herritarren babesa jaso genuen. Diru bilketa publiko bat egin genuen Ahotsa.info martxan jartzeko, eta erantzuna sekulakoa izan zen». «Beldurra? Gure proiektua berriz ixteko kezka bagenuen, baina aurrera egin behar genuela garbi genuen», berretsi du.

'Ahotsa.info' hedabidearen 10. urteurreneko logoa. AHOTSA.INFO
Ahotsa.info hedabidearen 10. urteurreneko logoa. AHOTSA.INFO

Ahotsa.info-k 2014an hasi zuen bidea. «Mugimendu handiko urteak izan ziren 2014koa eta 2015ekoa. Ahal genuen guztia eman genuen, aldaketa gerta zedin», erran du Llamasek. Eta aldaketa gertatu zen. Khris 2019ko maiatzean ailegatu zen Iruñera, eta, urte bereko ekainean, berriz ere UPNko Enrique Maia izendatu zuten Iruñeko alkate. «Ahotsa-ko kideek nostalgiarekin hitz egiten zidaten aldaketaren urteez», aipatu du Yasmine Khrisek.

«Agian, orain ez diogu balioa ematen duela bost urte egindako bideo bati, baina hemendik hogei edo berrogei urtera ikusi ahal izanen da, eta haren bidez jakin zer gertatu zen, adibidez, Maravillas hustu zutenean». 

MIGUEL ANGEL LLAMAS 'PITU' 'Ahotsa.info' hedabideko kidea

Gorabeherak ere izan zituzten aldaketaren urte haietan, eta hedabidea ixteko aukera hurbil sumatu zuten une batean: 2016ko azaroan, El Mundo egunkariak bere lerroburu batean idatzi zuen Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen zuela Guardia Zibilaren kontrako webgune bat. Ahotsa.info atari digitalaz eta Euskarabideak emandako diru laguntzez ari ziren. «Artikulua ikusi genuenean, pentsatu genuen guregana etorri eta kito, amaituko zela gure bidea. Nafarroako Gobernura jo genuen babes bila; Nafarroako Parlamentuan ere izan ginen. Lortu genuen babesak salbatu gintuen? Ez dakit, baina kontuak ez zuen aurrera egin», gogoratu du Llamasek.

Hamaika kolektibo

Hiru langilek osatzen dute gaur egun Ahotsa.info hedabide digitaleko lantaldea; Llamas da bat, eta Iñigo Orduña eta Julene Etxauri beste biak. Lantaldearen inguruan, baina, bertze zenbait laguntzaile daude; denera, hamar lagun inguruk osatzen dute proiektuaren egungo oinarria. Karrika da langileen eta laguntzaileen berezko espazioa. Ahotsa-ko kideekin egindako lanak, hain zuzen, aukera eman dio Khrisi kaleko giro hori ezagutzeko: «Ahotsa-ko kideok osatzen dugun komunitatea oso inportantea izan da niretzat Iruñea eta Iruñerria ulertzeko; Iruñeari edo Nafarroari buruz dudan ikuspuntua oso bestelakoa litzateke Ahotsa-n ez banintz; Ahotsa-n ezagutu ditut kolektiboak, gatazkak, militantziak, euskara...; dena, Ahotsa-ren ikuspegitik», nabarmendu du.

Kolektiboen eta herri mugimenduko eragileen bermea lortu du Ahotsa.info-k. Horixe uste dute hedabideko kideek. Hamar urteotan, hain zuzen, anitz izan dira jorratu dituzten gaiak; batzuk oroitu dituzte Llamasek eta Khrisek: pentsiodunen protestak, Maravillas gaztetxearen hustea, Altsasu auzia, memoria historikoa... Gai horien guztien berri ematearekin batera, auzi horiei buruzko artxibo bat osatzen ari direla nabarmendu du Llamasek: «Agian, orain ez diogu balioa ematen duela bost urte egindako bideo bati, baina hemendik hogei edo berrogei urtera ikusi ahal izanen da, eta haren bidez jakin zer gertatu zen, adibidez, Maravillas hustu zutenean». Ahotsa-k ekoitzia da, gainera, Izar Films etxearekin batera, Non dago Mikel? Mikel Zabalzari buruzko dokumentala. Llamasek zuzendu zuen, Amaia Merinorekin elkarlanean.

'Ahotsa.info' hedabide digitaleko kideak, bosgarren urteurrena ospatzen. DABID SANCHEZ
Ahotsa.info hedabide digitaleko kideak, bosgarren urteurrena ospatzen. DABID SANCHEZ

Ahotsa-ko kideak garbi du orain arteko hamar urteko bidea garrantzitsua izan dela, baina ez du lana egintzat eman nahi. Llamasek hedabideari buruz «irakurketa kritikoa» egiten duela nabarmendu du Khrisek, hain zuzen. «Sumatzen dut gaur egun dena oso azkar aldatzen dela; komunikatzeko moduak aldatzen ari dira, eta iruditzen zait egungo gazteek ez dituztela hedabideak erreferente gisa jada. Etengabe aritu behar dugu geure burua berrasmatzen», erran du Llamasek. Baikorragoa da Khris: «Ona da beti hobetu nahi izatea, baina sekulakoa da Ahotsa-k egunerokoan egiten duen ahalegina, kalean eta sare sozialetan egoteko».

«Egun berezietan dena emateko» duten gaitasuna ere aipatu du Khrisek, eta Llamasek bat egin du: «Behar denean, hor gaude denok». Uztailaren 6koa da egun berezi horietako bat: «Iruñera etorri nintzenetik, Ahotsa-rekin pasatu ditut uztailaren 6 guztiak», aipatu du Khrisek. Lanean jarraitzeko gogoz dira Ahotsa-ko kideak, «Nafarroa eraldatu nahi dutenei ahotsa ematen» segitzeko gogoz. Ekosistema baten parte direla nabarmendu du Llamasek, eta, ekosistema horretan, elkarlanak bilakatzen dituela handiago. «Ezin diogu bakarrik geure buruari so egin; ekosistema baten barruan dagoen beste hedabide bat gara; gure ekosisteman, Iruñerrian, gutxienez, euskaldunak pozik egon daitezke informazioa hainbat euskarritan eta euskaraz jaso dezaketelako».

Ahotsa-k bere hamargarren urteurren besta ospatuko du gaur; hedabideko kideek ondoan nahi dituzte lagunak eta herri mugimenduko kolektiboak, orain artekoari balioa eman eta urratsak egiten segitzeko, indarberritzeko. 19:30ean, Txantreako Akelarre tabernan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.