Botak lokaztuta, eta burua ideiaz beteta. Horixe da Allinibar elkarteko kideen filosofia nagusia, eta, hari jarraituz, lan eta lan aritu dira azken urtean: Pueblerinas en la Onda (Herriko andreak uhinetan) eta Pueblerinas en AcciĂ³n (Herriko andreak martxan) proiektuak sortu eta garatu dituzte; lehena podcast bat da, eta, bigarrenaren bidez, berriz, eskualdeko emakumeen memoria jasotzeko eta zabaltzeko bost film labur ondu dituzte. Larrionen aurkeztuko dituzte gaur, Pueblerinas (Herriko andreak) jardunaldien barruan.
Herriko Andreak landa eremuko emakumeen topaketa bat da, eta seigarrenez antolatu dute aurten: gaur eta bihar eginen dute, Larrionen. Allinibar elkarteko kideek lehenago hasi zuten beren bidea, zehazki, 2015. urtean. «Olentzero besta prestatu genuen, hemen ez baitzen egiten. Ibarreko kultura dinamizatzeko sortu genuen elkartea», oroitu du Rakel Ruizek, Larriongo frontoiaren ondoan. Topaketarako astebete gelditzen den honetan, eguzkiak gogor jotzen ditu herriko karrikak, eta etxetik atera diren herritar bakanak ibaiertzean elkartu dira. Bertzelakoa izanen da herriaren itxura, jardunaldiak hasten dituztenean.
Allinibar elkarteak Olentzerorekin hasi zuen bere bidea; herri inauteriak prestatu zituzten hurrengo urtean, eta mendi irteerak eta antzerki emanaldiak ere bai. 2021ean, berriz, Herriko Andreak topaketa antolatu zuten, lehenengo aldiz, Eultzen.

«Hitzaldi bat entzun edo kontzertu batera joan nahi izanez gero, Iruñera edo Lizarrara mugitu behar genuen beti. Ibarrean zerbait antolatzeko ideia mamitzen hasi ginen. Brigitte Vasallo liburu bat aurkezten ari zen garai hartan, eta hura gonbidatzea pentsatu genuen. Deitu, eta baietz esan zigun; horrela hasi ginen», kontatu du Carla Ruizek.
Vasallo ekintzaile feministaren hitzaldia izan zen Herriko Andreak jardunaldien lehen hazia. Saio haren inguruan bertze hainbat antolatu zituzten, eta urtetik urtera, gainera, Allinibar elkarteko kideak topaketen egitura garatuz joan ziren. «Hainbat gauza probatu ditugu, eta, azkenean, aurkitu dugu jende gehienak gustuko duen egitura, eta, batez ere, guri gustatzen zaiguna», erran dute Ruiz ahizpek. Azken urteotan, hain zuzen, antzerkiarekin hasi dituzte jardunaldiak, eta bigarren egunerako utzi dituzte hitzaldiak, tailerrak eta musika kontzertuak.
Ekitaldi guztietan, Allinibar elkarteko kideek beren balioak eta lan ildo nagusiak hartzen dituzte oinarri: transfeminismoa, ekofeminismoa eta autogestioa. «Saiatzen gara oinarri horiekin ahalik eta koherenteen izaten», zehaztu du Carla Ruizek. Komunitatea sendotu nahi dute, eta sareak ehundu. Garbi erran dute, gainera, badakitela beren proiektua ez dela hutsetik sortu, eta eskualdean Allinibar elkartea sortu aurretik kulturaren eta gizarte gaien esparruan mugitu diren emakumeen lana eskertu dute: «Guk etxean izan dugu eredu nagusia, gure ama eta izebak aritu baitira urratsak egiten eta bideak urratzen», nabarmendu dute Ruiz ahizpek.
Iaz, kolokan
Iazko udako Herriko Andreak jardunaldiak bereziak izan ziren, udaberrian topaketak airean baitziren: Allinibar elkarteak ez zuen Nafarroako Berdintasun Institutuaren ohiko diru laguntza jaso, eta kolokan gelditu zen jardunaldiak antolatzeko aukera. Larriongo topaketaren inguruan sortutako sareak ederki funtzionatu zuen, ordea, eta «parte hartzaileen elkartasunari eta eskuzabaltasunari esker» topaketa egin zuten.
Iaz, gainera, Pueblerinas en la Onda podcastaren lehen atala grabatu zuten, eta abian jarri zuten gaur eta bihar eginen dituzten jardunaldietan burutuko duten proiektua: podcastaren hamargarren atala eginen dute, zuzenean, Larrionen. Orain artekoetan, lurraldearen zaintza, ondarea, landa eremuko kirol jarduerak, sexualitatea eta bertze jorratu dituzte. «Elkarteko kideon arteko eztabaidagaiak eraman ditugu podcasteko ataletara, hausnarketa kolektiboa egiteko asmoz».

Tokikoak garrantzi handia du Allinibar elkarteko kideen jarduera orotan. Topaketetan ere bereziki ahalegintzen dira Larriongo bizilagunak zaintzen: «Bisitariak ongi etorriak dira, baina gure helburua ez da kanpoko jende pila etortzea; etortzen denak errespeta ditzala tokikoak», berretsi du Carla Ruizek. Rakel Ruizek erantsi du antzerki emanaldiak arrakasta handia izaten duela Larriongo bizilagunen artean, baina bertzelako jardueretan parte hartzea gehiago kostatzen zaiela. «Nolabaiteko muga bat bada, eta ez dakigu nola gainditu».
Pueblerinas en AcciĂ³n egitasmoarekin, hain zuzen, aukera izan dute eskualdeko emakumeengana hurbiltzeko. «Andreokin elkartu, eta denek esaten zuten zer kontatu ez zutela, baina hitz egiten hasi eta sekulako istorioak kontatu dizkigute. Ohartu gabe, apurtzaileak izan dira», azaldu du Carla Ruizek. Bost film labur ondu dituzte, baina lanean segitzeko asmoa badute: «Landa eremuaren artxiboa osatzeko beharra bada; lan handia bada egiteko». Herriz herri egin nahi dute lan, nork bere memoria jorratzeko eta gordetzeko modua zehatz dezan. Allinibar elkarteko kideek hamaika ideia dute buruan, eta botak lokazten segitzeko prest dira.
jardunaldiak
GAURÂ
- 19:30. Jolgorio. De Improviso Teatro konpainia. Frontoian.
- 21:00. Pintxo-potea.
- 22:00. Udako zinema. Pueblerinas en AcciĂ³n proiektuko lanak: Txandrios, Las rusas, Antesmas, ¡Ay, Dolores! eta Entretejiendo historias. Frontoian
BIHAR
- 12:30. Lurraren kultura berria. Pueblerinas en la Onda podcastaren hamargarren atala, zuzenean, Charo Moranekin. Frontoian.
- 14:30. Herri bazkaria. Frontoian.
- 17:00. Tailerrak: dantza komunitarioa, dantza herrikoiak, herri kirolak eta brodatu japoniarra egiteko tekniken ikastaroa. Frontoian.
- 20:00.Â
Kontzertuak: Anavi, Kalandrakak eta Rossa Cannina. Frontoian.
Egun osoan bigarren eskuko arropen eta objektuen azoka eginen dute herrian.