Eman dute lehen pausoa: LAB, UGT eta CCOO sindikatuek aurreakordioa sinatu dute zahar etxeetako patronaleko enpresekin —Lares eta Anea—, arlo horretan ari diren langileentzako Nafarroako lehen hitzarmen kolektiboa lortzeko. Helburua da, oro har, zaintza lanetan ari direnen baldintzak hobetzea. ELAk, baina, aurreakordioa ez sinatzea erabaki du, testuak ez duelako jaso soldata KPIaren arabera eguneratzeko klausularik. «Garbi gera dadila oraingo akordioa ez dela patronalaren edo Nafarroako Gobernuaren eskuzabaltasunaren ondorio; zahar etxeetako langileen sei urteko borroka dago atzean», zehaztu du ELAko kide Urdax Bañuelosek.
Zahar etxeetako langileak 2020an atera ziren karrikara lehendabizikoz. Geroztik, hamaika manifestazio, elkarretaratze eta lanuzte antolatu dituzte, eta greba egin dute 22 egunez. ELAk, LABek, UGTk eta CCOOk elkarrekin deitu zituzten langileak aurreneko mobilizazioetara, baina hasierako batasuna galduz joan zen denborak aurrera egin ahala. Gizartearen babesa ere ahulduz joan da; pandemiaren ondoko zaintzari buruzko kezkak herritarrak karrikara aterarazi zituen, langileekin batera, baina zaintzaileak bakarrik gelditu dira azken protestetan.
«Orain arteko bidea gogorra izan da», berretsi du Bañuelosek. LABeko kide Maite Olanok ere balioa eman nahi izan dio langileen borrokari, eta azpimarratu du patronaleko enpresek ez dutela urratsik egin, duela bi urtera arte. Sindikatuen eta patronalen arteko negoziazioak, hain zuzen, azken 48 hilabeteotan garatu dira, nagusiki. Aurretik, enpresek ez zieten langileen eskaerei kasurik egin. Nafarroako Gobernuak ere ez, sindikatuek salatu dutenez. Nafarroan, zahar etxe gehienak pribatuak dira egun, baina administrazioak zaintzaren gaineko ardura baduela azpimarratu dute langileek eta sindikatuek beren protestetan. Herrialdean ia laurogei zahar etxe badira, eta haietako bost baino ez dira publikoak: Iruñeko El Vergel, Lizarrako Santo Domingo, eta Zangozako, Irunberriko eta Baztango egoitzak. «Iruñean azken boladan egin dituzten zahar etxe berriak putre funtsen esku dira; Nafarroako Gobernuak arduraz jokatu beharko luke, eta zaindu dirua nori ematen dion», ohartarazi du Olanok.
Gobernuaren «konpromisoa»
Nafarroako Gobernuak urtean bertze 30 milioi euro emanen ditu zahar etxeetako tokiak finantzatzeko. Erabaki horrek eragin du, hain zuzen, patronaleko enpresek herrialderako hitzarmen kolektiboa adosteko negoziazioetan aurrera egitea. Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek Nafarroako Jauregian hartu zituen hitzarmenerako aurreakordioaren sinatzaileak, maiatzaren 5ean —LABeko ordezkariak ez ziren han izan—, eta haien aurrean zehaztu zuen urtean 22 milioi euro gehiago jarriko dituztela hitzarmenaren araberako soldata igoerak finantzatzeko, eta bertze zortzi milioi euro, berriz, zahar etxeetan itunpeko bertze 150 toki izateko, eta bertze ehun eguneko zentroetan.

Txibitek gobernuaren «konpromisoa» nabarmendu du, zaintzaren arloko langileen baldintzak hobetzeko —6.000 inguru dira—. UGT eta CCOO sindikatuek ere «historikotzat» jo dute patronalekin sinatutako aurreakordioa, eta azpimarratu «lan baldintza duinak» behar direla «arreta duina» bermatu ahal izateko.
Sindikatuek eta patronalek hilaren 28an eginen dute hurrengo bilera, eta asmoa da zahar etxeetako Nafarroako lehen hitzarmen kolektiboa azarorako prest izatea. ELAko Urdax Bañuelosek zehaztu duenez, akordioak ordurako 2027tik 2030erako KPIa bermatzeko klausularik barne hartzen ez badu, ez dute sinatuko. Halere, hitzarmenak aurrera eginen luke, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen gehiengoarekin.
Zaintzaileen soldata modu mailakatuan igoko da, orotara %11 inguru, eta gutxieneko soldata 1.500 eurokoa izanen da. Ordutegia, berriz, murriztu egingo da; 2026ko lanaldia 1.720 ordukoa izanen da, eta heldu den urterako 30 ordu murriztuko da. 2028rako 15 ordu murriztuko da lanaldia, 2029rako 20 ordu, eta 2030erako sei.
ELAk aurreakordioa ez sinatu arren, Bañuelosek onartu du «edukia inportantea» dela, eta langileek, batez ere, bazutela orain arteko borroka etapa ixteko beharra. ELAko kideak oroitu du, dena den, Nafarroako langileentzat hitzarmen kolektibo bat lortzeak ez dituela zahar etxeen inguruko arazo guztiak konponduko: «Enpresek negozioa dute helburu, eta zaintza ezin da egon halako eredu baten esku. Ezinbertzekoa da zahar etxeak publiko bilakatzeko urratsa egitea».
Berriki, Beteluko eta Erroko udalek esku hartu behar izan dute beren zahar etxeetan, Amavir enpresak «arrazoi ekonomikoengatik» herriok uztea erabaki eta gero. Udalek beren esku hartu behar izan dituzte zerbitzuak, eta gogoeta prozesu bat abiatu dute zaintza ereduari buruz.
Esther Quevedo
«Profesional gehiago behar dira zaharrak ongi artatzeko»

«Zahar guztiek merezi dute egoitza publiko batean sartzeko aukera, guztiek merezi dute egoki arta ditzatela; eskubide izan beharko luke». Esther Quevedorenak dira hitzak. Urteak dira Ekuador bere sorterritik atera zela; Italian aritu zen lanean lehendabizi, zaharrak eta desgaitasunen bat duten pertsonak artatzen; Nafarroara etorri zen gero, eta hemen haurrak eta zaharrak zaintzen egin du lan. Etxeetan hasi zen zaintzaile, baina geriatriako laguntzaile izateko trebatu eta gero, zahar etxe publiko batean aritu da azken urtean, ordezkapenak egiten.
Quevedok nabarmendu du «pozteko modukoa» dela sindikatuek eta patronaleko enpresek zahar etxeetako langileen baldintzak hobetzeko eta herrialderako hitzarmen kolektibo bat lortzeko aurreakordio bat adostu izana, baina garbi erran du hobetzeko «anitz» badela esparru horretan. Zehaztu du, halere, egoitza publikoetako egoera «pribatuetakoa baino anitzez hobea» dela. «Baina bada zer hobetu», berretsi du.
Pertsona oinarri hartuta arta integrala eskaintzeko formakuntza ere egina du; azaldu du, dena den, anitzetan «zaila» dela zahar etxeetako egoiliarren beharrak eta nahiak kontuan hartzea. «Legez, erabiltzaileen autonomia sustatu behar dugu, baina zahar etxeetan ez da izaten hori egiteko behar adina langile. Profesional gehiago behar dira zaharrak ongi eta behar den bezala artatzeko».
«Merezi duten balioa eman behar zaie zaintza lanei». Quevedok uste du sindikatuek etxeetan aritzen diren zaintzaileen lan baldintzen auzian ere esku hartu beharko luketela, haien baldintzak «hagitz kaskarrak» direlako: «Etxeetan aritzen diren emakume askok egunez eta gauez egiten dute lan, baina ez dute lan horren neurriko soldatarik jasotzen. Bada garaia haien egoera kontuan hartzeko. Beharrak jota direlako onartzen dituzte baldintzarik txarrenak», salatu du.
Quevedok 62 urte ditu, eta harentzat adina izan da, orain arte, lana lortzeko oztopo nagusia. «Hamaika zahar etxetara bidali dut curriculuma, eta deus». Orain oposizio bat prestatzen ari da, eta, bitartean, ordezkapenak eginez egiten du aurrera. Maite du bere lana, eta merezi duen balioa eman diezaiotela eskatu du.
Claudia Tellez Ortiz
«Enpresak emakume etorkinen beharraz aprobetxatzen dira»

Hilabete bat, bi, hiru... Hamaika kontratu lotu ditu, bata bertzearen ondotik, eta, denera, ia lau urte eman ditu herrialdeko hainbat zahar etxetan lanean. «Maite dut zaintza lana, baina soldata duina behar dugu aurrera egin ahal izateko», azpimarratu du Claudia Tellez Ortizek. Orain hezitzaile ari da lanean, babespean diren gazteekin, baina garbi erran du zahar etxeetara itzultzen saiatuko dela esparru horretako langileen baldintzak hobetzeko eta herrialderako hitzarmen bat lortzeko hitzarmen kolektiboa sinatzen bada.
«Gauza handia litzateke, azkenean, herrialderako hitzarmena lortzea. Zahar etxe gehienak enpresa pribatuen esku dira, eta Espainiako Estatuko hitzarmena ezartzen dute anitzetan. Mila euro eskas kobratzen nituen nik». Lan karga ez zen txikia, eta lanaldien zamak erasan egin zion Tellezen osasunari. «Azkenean uztea erabaki nuen, eta Agoizko Udalaren etxez etxeko zerbitzuan hasi nintzen ordezkapenak egiten». Etxez etxeko zerbitzuan «primeran» egon dela zehaztu du Tellez Ortizek: «Udalak hagitz ongi zaintzen ditu langileak». Hezitzaile aritzeko utzi zuen etxez etxeko zerbitzuko lana, duela gutxi.
Zahar etxeetan hasi baino lehen, Tellez zaharrak beren etxeetan zaintzen aritu zen lanean. «Geriatriako laguntzaile izateko ikasketak egin nituenean ohartu nintzen aurretik gaizki egiten nituen gauzez. Zaharrena kolektibo zaurgarri bat da, eta inportantea da esparru horretan aritzen diren profesionalak ongi prestatzea», nabarmendu du.
Zahar etxeetan aritu den lau urteetan «denetarik» ikusi duela kontatu du Claudia Tellezek. Salatu du egoitzaren batean egoiliarrak ohera edo beren aulki gurpildunetara lotzen zituztela. «Izugarria zen». Nafarroako Gobernuak esku hartu beharko lukeela erantsi du, halakoak gerta ez daitezen.
Langileek beren baldintzak hobetzeko egindako lana azpimarratu du, bertzalde. Gaineratu du, halere, zaintza lanetan aritzen diren emakume anitz etorkinak direla, «beharra» dutela, eta horrek are prekarioago bilakatzen duela haien egoera. «Enpresak emakumeon beharraz aprobetxatzen dira. Finean, negozioa dute helburu».