Iruñeko Lislore loradendako arduraduna

Karmele Ieregi: «Loreak oparitzeko aitzakia gehiago daude gaur egun»

Berrogei urtez lanean egon ostean, erretiroa hartzeko asmoa du Iruñeko Lislore loradendako Karmele Ieregi lore saltzaileak. Gustatuko litzaioke beste batek lekukoa hartzea.

Karmele Ierege Iruñeko Lislore dendako arduraduna. OLAIA L. GARAIALDE
Karmele Ierege Iruñeko Lislore dendako arduraduna. OLAIA L. GARAIALDE
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2026ko martxoaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Okindegi, mertzeria edo loradenda bat. Karmele Ieregik (Irañeta, 1961), azkenean, kolore eta usain bizien bidea hartu zuen, eta loradenda bat zabaldu Iruñean. Hasieran ez zekien zenbat iraungo zuen, baina berrogei urte egin ditu jada Iruñeko Kale Nagusiko Lislore loradendan. Erretiroa hartu nahi du, eta nahiko luke beste batek hartzea lekukoa. 

Berrogei urte egin dituzu loradendan, eta erretiroa hartzeko asmoz zara orain. Nahikoa izan duzu?

Ongi nago, baina nekatuta ere bai; batez ere, burua dut nekatua. Gorputza oraingoz ongi dago. Nekatuta nago ardura izateaz. Konturatzen naiz gero eta pazientzia gutxiago dudala bezeroekin. Bezero batzuk izugarri goxoak eta atseginak dira, baina beste batzuk, aspergarri hutsak.

Beraz, zure lana ez da bakarrik loreak saltzea; asko hitz egitea tokatzen zaizu?

Egun osoa pasatzen dut hizketan. Etxean esaten didate ez zaidala musika gustatzen, ez dudalako jartzen. Ez da egia. Etxean sartzen naizenean dagoen isiltasunari balioa ematen diot, oso goxo nago isiltasunean. 

Loreen munduan sartu baino lehen, zer-nolako harremana zenuen loreekin?

Oso gutxi. Nire amak baratzean izaten zituen, baina etxean, berriz, ez. Poliki-poliki mundu honetan sartu nintzen, eta geroz eta gehiago ezagutu dut.

«Oso aberasgarria da noizbehinka beste estiloak ikustea, eta harremana izatea beste lore saltzaile batzuekin»

Etxean landare asko dituenetarikoa zara?

Ez dauzkat asko. Etxean barneko landareak ditut, eta herrian dudan etxean, lorategian ere baditut batzuk. Egun osoa pasatzen dudanez landareekin dendan, etxera iristen naizenean, ez dut denbora asko landareekin ibiltzeko. 

Deus jakin gabe sartu zinen loradendan. Nola ikasi zenuen?

Aurretik zegoenak zekiena irakatsi zidan, baina oso gutxi zen, ez baitzuen sekula ikastarorik egin. Justu, urte horretan, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera ikastaroak ematen hasi zen. Oinarrizko teknikak landu genituen, eta ordutik, noizbehinka ikastaroak egiten ditut. Ikastaro bat egin behar da gutxienez urtean behin edo bi urtean behin. Ez du ematen, baina gurean gauza asko sartzen dira; adibidez, Gabonetako monografikoak, eskuko lore sortak ezkontzetarako, mahaiak apaintzeko lore sortak. Askotariko ikastaroak daude.

Uste baino konplexuagoa da prozesua?

Prozesua konplexua izatea baino gehiago, kontua da asko mugitu behar duzula. Ezin zara geratu lehendabiziko ikastaroan. Oso aberasgarria da noizbehinka beste estiloak ikustea, eta harremana izatea beste lore saltzaile batzuekin. Bestela, denbora osoa pasatzen duzunez zure lanean, beti gauza berdina egiteko joera dago. Beti zurera doan bezero bat baldin baduzu, beti berdina dela ikusiko du. Forma, kolorea eta beste aldatzea oso garrantzitsua da. Horretarako, ikastaroak oso aberasgarriak dira. 

Hasi zinetik hona bidean, zure estiloa aldatu da? Norantz jo du?

Bai, modaren arabera izaten da. Orain, adibidez, lehen egiten genuenarekin alderatuta, ezkontzak askoz xumeagoak dira. Andregaiaren eskuko lore sorta egiteko, lehen lorez lore alanbrean biltzen genituen. Horrela, beheraka erotzen ziren loreak egiten genituen. Duela zortzi bat urtetik hona, lore sortak orokorrean basatiagoak dira. Nire ustez, oso sinpleak dira. Joerak dira, eta zerbait boladan jartzen bada hori egin behar duzu. Gainera, orain ezkongaiak Pinteresteko argazkiarekin etortzen dira. Hori, nire ustez, askoz sinpleagoa da. Azken finean, bolada kontua da. 

Eta zer iritzi duzu lore ekoizpenaz? Kanpotik dator gehiena?

Iruñean saltzeko ez dago. Batzuk Bartzelonatik edo Andaluziatik [Espainia] ekartzen dituzte, baina gehienak Herbehereetatik. Astean hirutan sartzen dira kamioiak, eta guk biltegian erosten ditugu. Zuzenean Herbehereetan ere eros daitezke, baina kantitate handia eskatu behar duzu. Horretarako denda handia, hozkailua edo izugarrizko salmenta izan behar duzu. Gehienetan hemengo biltegitik hartzen ditut. Imajinatu bat-batean hiru dozena arrosa hori behar ditudala, biltegira deitu, eta berehala jasotzen ditut. Lehen, Itza inguruan arrosak ekoizten zituzten batzuk zeuden, baina erretiroa hartu zuten. Landareak ere, gehienak, kanpotik jasotzen ditugu.

«Pena ematen dit denda itxi behar izateak. Ondoko beste asko itxi dituzte. Saltzeko modua erabat aldatu da»

Kontsumoan aldaketak sumatu dituzu?

Arras desberdina da. Lehen, hilerrirako, ezkontzetarako, haurrak jaiotzen zirenerako eta beilatokirako erosten zituzten. Orain, berriz, gehiago eramaten dute etxean izateko. Adibidez, hamabost egunetik behin euren etxerako gustuko duten lore sorta txiki bat erosten dute batzuek. Horrez gain, gehiago oparitzen dira; loreak oparitzeko aitzakia gehiago daude gaur egun. 

Erretiroa hartu nahi duzu, eta denda beste batek hartzea nahiko zenuke. Nola doa kontua?

Enpresak funtzionatzen du, eta bezero asko daude. Pena ematen dit denda itxi behar izateak. Ondoko beste asko itxi dituzte. Saltzeko modua erabat aldatu da. Jendeak joera handiagoa du Internetez erosi eta jasotzeko, eta, gero, gustuko ez badu, itzultzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA