«Ez dut hemen egoteko denborarik! Haurrak zaindu behar ditut, etxean ditut!». Saskia besoan hartu, eta korrika alde egin du Maria Goietxe Bikuñak, karrikan behera. Saran sortu zen (Lapurdi), 1895ean, baina Martin Juan Bautista Etxeberria senarra Lehen Mundu Gerrara joan ez zedin, familia Zugarramurdira mugitu zen, eta, handik, berriz, Berara. Seme-alabak aurrera ateratzeko helburu bakarrarekin, hamaika lanetan aritu da Goietxe; Mari Xixari erraten diote. Lan guztien artean, baina, emagin gisa egin duena nabarmentzekoa da: Berako ume anitz jaiotzen lagundu ditu. «Eta ez zait bakar bat ere hil!».
Urriaren 17an, Maddi Irazoki Bertiz artista beratarrak hezur-haragitu du Mari Xixari, Berako Mugerri elkarteak Berako emakumeen arrastoa izenburuko proiektua aurkezteko egin duen ibilaldi antzeztuan. Egitasmo horren barruan, izen bereko liburua idatzi du Jon Abril Olaetxea kazetariak, eta Julia Artieda Vila artistak ilustratu du. Herrian jaio edo herrian errotutako hamaika emakumeren berri jaso eta zabaldu dute lan horretan, eta sortutako testuekin eta irudiekin, gainera, erakusketa bat osatu dute. Azaroaren 13ra bitarte egonen da ikusgai, Berako kultur etxean. Azaroaren 8an, berriz, bertze ibilaldi antzeztu bat eginen dute, 12:00etan, Udaletxeko plazan hasita, arrastoa utzi duten Berako emakumeak ezagutzeko.
Herriko andreen genealogia osatzea; beren historiak ahanzturatik ateratzea. Bidea urratu zutenak erdigunean jartzea; gaurko haziak lora daitezen lurra ongarritu zutenak oroitzea. Horixe hartu du Mugerri elkarteak oinarri. Hutsune batek sortu du emakumeon arrastoa bilatzeko kezka, gainera, herriko karriketan eta eraikinetan ia ikusezina baita andreen itzala. Zor hori kitatzen hasi nahi izan du Mugerrik. Liburuan, erakusketan eta ibilaldi antzeztuan, jada hilda dauden garai ezberdinetako hainbat emakumeri egin diete so; bertze urrats bat ere egin dute: herriko 32 emakumeren biografiak osatu dituzte, garai batekoenak eta egungoenak, euskaraz, Wikipedian jartzeko.
Mugerri elkarteko kideek Berako kultur etxean egin dute proiektuaren aurkezpena, urriaren 16an. Aretoa lepo bete da; jakin-mina badute herritarrek, eta esker ona ere bai. Batzuek, Berako emakumeen arrastoa liburuaren harira izan dute familiako emakume batzuen ibilbideen berri, eta harro agertu dira Abrilek, Artiedak eta Mugerriko gainerako kideek emakumeok jendaurrean aurkeztu dituztenean. Egitasmoak izanen du bertze oihartzunik, gainera: herriko andreen biografiak Berako Udalaren webgunean jarriko dituzte, eta asmoa da, ahal denean, eskoletan lantzeko materiala sortzea.
Bukatu gabeko lana
Finean, Berako emakumeen arrastoa egitasmoak bertze modu batez begiratu nahi dio herriko historiari, betaurreko moreak jantzi, eta bazter gelditu ohi direnen kontakizuna nabarmendu. «Liburu honekin aldarrikatu nahi dugu emakumeen ekarpen soziala ezinbertzekoa izan dela (eta badela) komunitatearen garapenerako, kohesiorako eta biziraupenerako, eta identitate kolektiboaren eraikuntzarako», idatzi du Abrilek liburuko orrietan.
Egileak, esker onez, adierazi du herritar anitz lagun izan duela informazioa jasotzeko bidean, eta gehitu du, hemendik aurrera ere, herriko emakumeen arrastoari buruzko mataza osatzeko hariei tiraka segituko duela. «Norbaitek zerbait errateko badu, etor dadila guregana, eta jasoko dugu». Amaitu gabeko lana da, beraz, herriko andreen ingurukoa. Abrilek uste du, gainera, herriz herri egin beharreko lana badela, eta herritarrak eta erakundeak deitu ditu zeregin horretan inplikatzera. Mugerrik, hain zuzen, Berako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren babesa izan du proiektua garatzeko prozesuan.
Mamiari buruz, Abrilek gaika antolatu ditu jorratutako emakumeen istorioak, eta landu ditu, bertzeak bertze, migrazioaren, kulturaren, hezkuntzaren, zaintzaren eta kirolaren esparruak. Frankismoaren errepresioak ukitu zituen andreen berri ere jaso du, ez baitziren gutxi izan 36ko gerrak ekarri zuen diktaduraren indarkeria pairatu zutenak. Mugerrik argitaratutako liburuan Mari Korta Lekuonaren izena ageri da, bertzeak bertze, agirien arabera gerra frontean aritu zen emakume beratar bakarra. Irunen aritu zen (Gipuzkoa), 16 urte bertzerik ez zuela. Han zauritu, eta handik Bartzelonara joan zen, eta Bartzelonatik Frantziara. 36ko gerra amaitu baino lehen, Berara itzuli zen, baina mehatxu egin zioten, eta alde egin behar izan zuen berriz. 1939an ezkondu, eta Donostian bizi izan zen geroztik.
Frankismoak hezkuntzaren arloan ari ziren emakumeei ere eragin zien. Esparru horretan, hain zuzen, Abrilek azpimarratu du emakumeen lana «nabarmena» izan dela, eta lanbidea bera arautu aitzin ere emakumeek hartu zutela ardura hori beren esku. Beran dokumentatuta ageri den lehenbiziko maistra, hain zuzen, Frantziska Antonia Elizetxea Iratzoki da. 1802an, Berako Herriko Etxearen agiri batean jasotzen da Elizetxea 1795ean hasi zela bere etxean neskak hartzen. Lan horren truke, hogei dukateko soldata eskatu zion udalari.
Bertze maistra batek arrasto hagitz sakona utzi du Beran: Pili Gartxitorena Etxeberriak, Labiaga ikastolako lehendabiziko andereñoak. 17 urterekin hasi zen irakasle, 1974. urtean, herriko etxean utzitako gela batean. 1983an, San Fermin ikastolara mugitu zen Gartxitorena. 2005ean zendu zen, Iruñean. Beran, andereño haren galtza bakeroak oroitzen dituzte ikasle ohiek; haren irribarrea eta ahots goxoa ere bai.
Artiedaren «erronka»
Julia Artieda Vilaren ilustrazioek bizia eman diote Berako emakumeen arrastoa liburuari. Artista «hagitz kontent» agertu da proiektuan parte hartu eta gero. «Gustura egin ditut ilustrazioak. Proiektu hagitz polita izan da, potoloa, eta erronka handia izan da niretzat». Izan ere, liburuak jasotako emakume anitzen argazkirik ez dago, eta artistak andreon inguruan lortutako informazioa baliatu behar izan du marrazkiak osatzeko. Artiedak azpimarratu du «koloreekin jokatu» duela. Marrazkiok Berako kultur etxean dira ikusgai.
1
Maximina Beratsain Elizondo (1880-1964)

Ezohiko emakumea izan zen herrian. Ez zen ezkondu, eta 55 urte bete zituenean, lagunak txurroak hartzera gonbidatu zituen, neskazaharra zela ospatzeko. 36ko gerran, Beran prestatutako ospitalean erizain aritu zen, batez ere Irungo frontean zauritutakoak zaintzen. Frankistek titulua oparitu nahi izan zioten, eta frontera haiekin eraman, baina Beratsainek ezetz erran zien. Errepublikazale amorratua zen. Herritik ehun kilometrora deserriratu zuten, baina ez zuen zigorra bete.
2
Margarita Gorria Etxeberria (1927-2006)

Donostian jaio, baina berehala mugitu zen Berara, aita hil berritan, aitatxirekin eta amatxirekin. 16 urte bete arte ez zuen ama ezagutu. Ama Hendaiara mugitu zen 36ko gerran, eta han elkartu zen harekin. Gero Parisera joan zen, eta jostun aritu zen; han ezkondu zen. 36ko gerrako iheslariak laguntzen aritu zen. Parisen harreman handia egin zuen, bertzeak bertze, Paco Ibañez kantariarekin. 2006an zendu zen, Bartzelonan, eta Ibañezek Bihotzez abestu zion azken agurrean.
3
Juliana Arburua Iratzoki (1920-2015)

Beran jaioa, Asturiasera (Espainia) mugitu zen Juliana Arburua, han moja zuen ahizpa baten komentuan frantses eskolak ematera. Bueltan, Larhunen hasi zen lanean. Osaba bat erremontista zuen, eta, akaso, haren eraginez, edo bere kabuz, erraketan jokatzen hasi zen, Donostian. Berehala nabarmendu zen, eta profesional aritzeko aukera ere izan zuen; aitaren baimena behar zuen, ordea, eta hark ez zion eman. Aitaren erabakiak betiko urrundu zuen erraketaren eta kirolaren bidetik.
4
Juana Clotilde Etxeberria Madotz (1927-?)

Zientziaren esparruan bide nabarmena egin zuen Juana Clotilde Etxeberria beratarrak: Farmazia ikasi zuen Madrilen; unibertsitate ikasketak egin zituen lehen emakumea izan zen Nafarroan, eta Farmaziako ikasketak burutu zituen lehena Euskal Herrian. Legez, baina, ezin zuen farmazietan lan egin. Oztopoak oztopo, aitaren Berako botikan aritu zen, lehendabizi, eta Madrilgo Gran Farmacia Popular laborategian gero. Garai hartako hango hedabideek Etxeberriaren kontra egin zuten, ustez hura ez zelako emakume batentzako lanbide egokia.
5
Josefa Ignazia Enriquez Pikabea (1742-?)

Josefa Ignazia Enriquez Pikabea prostituta aritu zen lanean, pobreziari ihes egiteko. Irunen atxilotu zuten (Gipuzkoa), 1760ko uztailean. Ihes egitea lortu zuen, ordea, bezero zuen kapitain baten laguntzari esker. Berriz hartu zuten preso, baina. Hondarribian (Gipuzkoa) sartzeko debekua hautsi izana egotzi zioten, eta «etxeetan ohatzez ohatze» ibiltzea ere bai. Atxilotu eta gero, Zaragozako (Espainia) emakumeentzako espetxera bidali zuten, bi urtez. Preso arriskutsutzat jo zuten, eta baldintza latzetan egon zen: bakartu egin zuten, eta bortxazko lanak eginarazi zizkioten.
6
Carmen Iraizotz Oiartzun (1913-2008)

Beran sortu zen, egoera ekonomiko oneko familia batean, eta Iruñean hil. Letrak ikasi zituen Zaragozan (Espainia), aita kontra agertu arren. Valentziara (Herrialde Katalanak) mugitu, eta han institutu batean eta Merkataritza Eskolan irakasle aritu zen. Garai hartako emakume katedradun bakarra izan zen. Idazten berandu hasi zen, eta hiru eleberri ondu zituen, hirurak gaztelaniaz: Belzunegi (1969), Impaciencia. Cuesta arriba, cuesta abajo (1971), eta París, piedra de toque (1972). Gizonak emakumeen gainetik kokatzen dituen sistema salatu zuen.