Uxue Juarez
IRITZIA

Mikroapunteak

2026ko urriaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaua hastear eta aste bukaera luzea amaitzear zela heldu zarete. Ate aurrean zain zenituzten eltxoak eta sugandilak. Oina zeharka jarri duzu haien gorputzen abiadura gelditzeko asmoz, baina ate azpitik eta pareten zirrikituetatik sartu dira. Zuekin batera, bidelagun. Une batez etxea oihandu zaizue. Urak ihesbidea topatzen duen moduan, sugandila arinek iseka egin dizute. Eltxoak, ordea, zain daude txikia noiz lokartuko. Zain borbokarien zain.

Olatuek —urri erdialdea da eta oraindik badiraute marea biziek— sukaldeko zola bere egin dute, eta itzulipurdika hasi dira. Balkoia zabaltzean, itsasontziek bonbilla txikiz, tutuz eta hitz tantaz gainezka egin dute. Itsasontzi gorri erraldoia ere txorrotxioka, umearen ozeano txikia den gaua zeharkatuz. Ur azaleko islen mugimendu geldoaren aurrean, beste garai bateko dirdirak, ur azpiko aingirak edo ametsen munduko bide zirriborratuak igarriz eman ohi dituzu orduak hemen zaudenetik. Amesgaiztoak ditut, ama. Zatoz nire albora. Umearen erreguak zure barne-mitologiatik aldendu zaitu. Berriro. Eta berriz ere amaren eskuek paperezko arrain-ferekaz josi dute umearen azala. Aste bukaerako abiadura, Gipuzkoatik Nafarroarako joan-etorriko bidea lautan egin izana eta amatasunaren pisua direla eta arnegatzen zara, eta, handik puska batera, balkoian izarrak zenbatzeaz ere aspertu zara.

Idazketa egonaldi batek bidali zaitu Pasaia aldera, eta ulertu duzu itsasoa eta portua ez direla zure lekua. Zu basoarena zarela, nolabait, eta ez itsasoarena. Ameskoarena, Urbasarena, Artzirena, Iratirena. Edo ulertu duzu bederen (zerbait ulertu baduzu) egonaldia ez dela espero zenuena eta ez zarela zuk marraztutako koadro perfektu eta idealizatuan idazkigerian ari.

Idazketa egonaldi batek bidali zaitu Pasaia aldera, eta ulertu duzu itsasoa eta portua ez direla zure lekua. Zu basoarena zarela, ez itsasoarena

Halere, pribilegiatu hutsa sentitzen zara, eta ezin zara kexatu. Zure errutina ez da batere konplexua: umea goizero lagundu behar duzu eskola berrira eramango duen autobusaren bila. Autobus zuzena denetz behin baino gehiagotan baieztatuko duzue. Bai zuk, bai txikiak ere, aurreko astean okerreko autobusean bidali baitzenuen okerreko eskolara. Umea salbu dela ziurtatu ondoren, eskua astindu, agur esan eta oinez eta menditik egingo duzu bueltako bidea. Txanogorritxo idaztuna. Etxean jada infusioa egingo duzu, koadernoa ireki eta boligrafoa prest izango duzu idazkeraren energiaren fluxuari bihotza eta eskua irekitzeko —idazkera isurian, itsasgora—. Baina lehenbiziko interferentzia helduko da: txokolate txipdun galletak irenstearen beharra. Kris-kras, txokolate apurrak mahai gainean, hitz apurren beharrean.

Eta badia kontenplatuko duzu inspirazio bila. Alferrik. Oraindik ez dakizuna da txokolate txipak mokokatzen dituzun bezala, orain idazten ari zaren apunte azkarren metaketan eta soilik metaketan (M.B.-k dixit) aurrerago durundiak eta hariak topatuko dituzula. Ordena eta egitura heldu aurretik, anabasa ezinbestekoa izango den arren. Beraz, lasai. Arnasa hartu eta murgildu. Txipatu.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA